Hantxe zegozela, arratsaldeko laurak aldean, eguzkia, hodeien ostetik, argi xuri erpilez berotu ezinean ari zeino, On Kixote, firin-faran bezala, bere lagun entzule erne-erne biei Montesinosen haitzulo barruan ikusitakoak azaltzeari ekin zitzaion, honela:
Hezurrobi beltz horretan barrura, hamabi edo hamalau gizabete sakon behera jaitsita, eskuinaldean, hutsune eta leku handi-handi bat dago, gurditzar bat mandoak eta guzti itzuki dezakeena. Arrakalaren batetik edo zirrikitu batzuen artetik argi-izpi mottel bat sartzen zaio, urrundik nonbait, lurraren gainean ei dagozen zulo batzuetarik edo. Hutsune eta leku hau ekusita, nekaturik nindoalako, eta sokan zintzilik joaiteaz gogaitua, zitaltzen hasia, noraezean nindoala, lurpeko zertan ilun itsu horretan zehar inora bagerik ibilki, atseden pixka bat hartzearren, bertara sartzea erabaki nuen. Oihu egin nizuen, soka gehiago ez luzatzeko, nik esan arte, baina ez zenidaten, antza, entzun. Soka biltzen hasi nintzen, biran-biran, zuek eman ahala, kiribiltzen eta mulko bat egiten, gero gainean jarrita, gogoetatsu gelditu nintzen, hondarrera heltzeko zer egin behar ote nuen hausnartzen, nork eutsi niri ez egonik; nola jaitsiko eta nork jaten emanen nire buruari galdezka, honelakoxe gogoetan nengoela, nahasi xamartua burua, bat-batean eta ezustean, lo-hordi batek hartu ninduen, oso lo astunak alegia, eta usterik guttienean, berriz, nola ez jakinik, esnatu nintzen, non eta Izadiak inon duen larrerik heze-gozoen eta politenaren erdian, gizakiaren irudimenak asma ezinezko lekurik ederrenean, beraz. Begiak zabal-zabaldu nituen, igurtzi bat eman, garbitu nituen eta lotan ez nengoela ekusi nuen, itzarrik nengoela baizen; honela ere, ni nerau ote nintzen edo baieztatu beharrez, edo haizezko mamuren bat ote jakin nahirik, burua haztatu nuen, bularra ere ukika hasi nintzen; alabaina, ukimenak, sumatu nuenak, nirekiko hizketa zuhurrak, nire senak, denak, ni nerau nintzela, han nengoen eta oraintxe hemen nagoen hau nintzela berresten zidaten. Gero, begien aurrean, erretetxe edo jauregi-gaztelu aberats horietako bat agertu zitzaidan, burgoi eta arranditsu, "alkazar" ohi daritzen horien antzekoa baino are itzelagoa, hormak eta harresiak beira garden-garbiez eraikiak zituela zirudiena; ate handi bi ireki ziren, orduan, eta agure agurgarri bat jalgitzen eta nireganatzen ikusi nuen. Oihal ubelezko longain luze bat, lurretik tarraz zekarrenaz jantzia, bular eta sorbalden gainean bildua aho-estalki orlegi bat, ikasleek ohi dutena bezalakoa, artilezkoa zirudiena, eta milandar kapelu beltza buruan; bizar urdin-urdina, gerrirean beherainokoa; iskilurik ez zekarren; eskuen artean , intxaur ertainen neurriko gondera biribilez osaturiko "arrosarioa", eta hamarrurrenak, berriz, ostruka-arrautza koxkorrak adinakoak; haren gorpuzkerak, haren ibilerak, haren itzalak eta itzalaren zabalak, haren erazko gizabideak, honek guzti honek batera eta bakoitzak bere aldetik harritu eta zur-lur utzi ninduten. Heldu zen nigana, besarkatu ninduen estu-estu, lehenik, eta gero hau esan zidan: " On Kixote Mantxako, zaldun jaun kementsua, aspaldi handi-handidanik, hemengo bakarraldi hauetan antzaldaturik bizi garenok, zure zain gagoz, zu noiz ikusiko erpai, Montesinosen haitzulo daritzon leze sakon-sakon honek barru ilunpetsuan ostenduak daduzkan guztien berri mundu guztiari eman diezaiozun: honako ekintza hau, zuk egin duzun hau, zuk, zeure bihotz menperaezinaz, zeure kemen izukaitzaz, zerorrek ez bestek egitekoa zen. Zatoz nirekin, jaun argi-argitsua, jauregi garden honek bere barruan estaltzen dituen liluragaiak erakutsi nahi dizkizut eta; hemengo endore eta zaindari nagusi betikoa ni nauzu, ni neu Montesinos bainauzu, leze-zulo honi izena damaiona ber-bera". Montesinos zela esan zidanean, zera galdetu nion, berehala: ea egia ote zen hemen goiko lurbira honetan esaten dena, hots, bere adiskide min zuen Durandarteri, ezpata motz batez, bular erdi-erditik bihotza erauzi edo ateratu ziona, eta, beronek hilzorian agindu bezala, Berlerma andereari eraman ziona. Dena egia zela erantzun zidan, ezpata motzarena izan ezik, ez baitzen ezpata, ez luzea ez motza, ez zen traketa, guda-aizto ziriztua baizik, sastakaia alegia, jostorratza baino zorrotzagoa.
Sastakai hori, eiki, Ramon de Hozes-enekoa izanen zen, Sibiliarra zena hain zuzen – esan zuen orduan Santxok.
Ez zakiat – gehitu zion On Kixotek – ; baina ez zuan aiztogile horrek egina izanen, zeren Ramon de Hozes atzokoa baita, eta Orreagakoa, sarraski hura gertatu zen lekukoa, ordea, antzinakoa duk; dena dela ere, horrek hik erran duan horrek ez dik axolarik, ez dik kondaira honen egia eta ingurumaria aldarazten ez nahasarazten.
Bai, holaxe – gusua tartean – : aurrera, On Kixote jauna, aurrera kondairarekin, ni hementxe nagokio adi baino adiago, egundainoko atseginenik entzuten.
Atsegin ttikiagorik ez nik jaulkitzean – ihardetsi zion On Kixotek – ; honela, bada, aurrera noa esanez, ezen, Montesinos agurgarriak beirazko jauregi barrura sarrarazi ninduela. Beheko ezkaratz batean, guztiz hozkara eta dena hartzurizkoa, hilobi bat zegoen, haitzurdinez taxu handiro egina, esku iaioz landurikoa, eta gainean zaldun bat luze-luze aratin etzanik, ez brontzezkoa, ez haitzurdinezkoa, ez harnabarrezkoa, beste hilobi asko izan ohi den bezalakoa, haragi-haragizkoa eta hezur hutsezkoa baizik. Eskumako eskua -nire irudiko, iletsu eta gihartsua, jabea indartsua izaitearen ezagugarriak- bihotzaren ondoan ipinia zuen; ezer galdetu aurretik, Montesinosek, halatan, hilobiari begira txunditurik ekusi ninduela eta, esan zidan: "Hau nire adiskide Durandarte duzu, bere garai haietako zaldun maiteminduen eta zangarren eredu bikaina; hementxe, ni eta beste heuragi bezala, dela ar dela eme, sorgindurik daduka, antzaldatua oso, Merlinek, tusuriaren semea omen zen sorgintzaile frantses harek; tusuri edo Txerrenen semea ez dakit, baina "deabruak" berak baino gehittoago zekiela uste dut nik. Zertarako eta nola antzaldatu gintuen inork ez daki, geroenean azalduko du, eta argituko, ez oso urrungo geroan nik uste. Niri harritzen zaidana zera da, aldiz, nik badakidala, orain egun argia den bezala, Durandartek bere bizia nire besoen artean amaitu zuela, eta hilda gero, nire neure esku biez bihotza erauzi niola jakitea; bihotz astuna, xenika bat baietz guttienez, zeren, herriko jendeak esaten duenaren arauera, bihotz handia dadukanak ttikiagokoak baino kemen handiagoa baitu, bihoztunagoa da, horretaz. Hau honela izanik, bada, eta zaldun hau benetan hil zena ere egia delarik, nolatan egiten du, noizik noiz, bizirik balego legez, aiene eta hasperen?" Hau esan eta orduantxe, Durandarte gaizoak, oihu bat eginez, esan zuen:
Oi Montesinos lehengusu
hau duk ene azken nahia
ni hil ondorean eta
nire arima iraitzia
bihotza Belermari
dakiola bidalia
bularretik dela aiztoz
dela sastakaiz erauzia
Hau entzunda, Montesinos agurgarria, zaldun gaixoaren aurrean belaunikatu zen, eta, malkoak begietan, honela mintzatu zitzaion: "Bai, Durandarte jauna, ene lehengusu maite-maitea, zuk hil-egun lazgarri haretan agindutakoa bete egin nuen: bihotza nik erauzi nizun, ahalik ondoen atera nizun, bularrean apur bat ere utzi bage; ertzak zapiño batez nik garbitu nituen, Frantziarantz lasterka jo nuen, hura eskuan neramala, zu lurraren barruan utzi ondorean; eta hain ugariak malkoak eskuak ikuzteko nahikoak izan zirela, zure erraietan ibilita odolez lohituak bainituen. Gehiago esate aldera, ene arimako lehengusu, Orreagatik hara aurkitu nuen lehen herrian zure bihotzari gatz pixka bat eman nion, kiratsa erion ez zekiontzat eta, gordinik ez bazen, gazperritua, behintzat, hel zedin, Belerma andereagana. Aspaldi handia da, baina, bai andere hura, bai zu eta bai ni, Guadiana zure ezkutariarekin batera, eta Ruidera ugazaba-anderea bere zazpi alabekin eta bi ilobekin, eta beste hainbat ezagun, elaide eta adiskiderekin Merlin jakintsuak hemen sorginduta gaduzkala, urteak bostehundik gora diren arren, gutako inor ez da zendu. Ruidera eta alabak eta ilobak dira hemendik joanak, negarrez eta negarrez beti, Merlin, antza, errukitu zitzaien eta beste hainbeste aintzira bihurtu baitzituen, eta orain, bizien lurraldean, Mantxako "probintzian" Ruiderako aintzirak esaten diete; zazpi' Espainiako erregeenak dira, eta ilobak, eliz-balderna santurik santuenen bateko zaldunenak dira, Done Ibane esaten dioten "ordeakoak" esan nahi baitut. Guadiana ezkutaria, zure zoritxarragatik beti mindurika, erostari laso, audiaka beti ari zela eta ibaitu zuen; baina, lurraren azalera agertu orduko beste zeruko eguzkia ikusi zuen, ikusi eta zu hemen uztearen damuaz, atzera lurraren erraietan murgildu zen; ezin da, ordea, bere errekan zehar joan bagerik egon, eta noiztenka, irten egiten du, eguzkiaren aurrera, jendeak ekusteko. Beren urez aintzira horiek hornitzen dute, eta horiez eta gehitzen zaizkion beste askoz, harro bezain ugaitz handiturik Portugalera sartzen da. Honela eta guztiz ere, non-nahi bere goibeldura agertzen du, kaden doa, uzkur dabil, eta bere uretan ez du arrain gozorik hazten, gozakaitzak bai ugari, ahoan keru gaiztokoak, Tajo urrebitsezkoan ez bezalakoak; hau guzti hau askotan esan izan dizut, oi ene lehengusu, zuk, aitzitik, erantzunik ez eta sinesten ez didazula uste dut, edo ez didazula entzuten, eta honegatixe zein tamal handia hartzen dudan Jainkoak daki. Berri on bat eman nahi dizut orain, zure minaren aringarri ez bada ere, ez dizuna inola handituko. Jakin ezazu hementxe aurrean, eta ireki begiak eta ikusiko duzu, harako zaldun handia, zeinaz jakintsuak hainbat zer igarri baitzuen, dagokizula: On Kixote Mantxako hura esan nahi dut, berriro, eta aspaldiko mendeetan baino askoz sendoago, garaiotan ahazturik egon den zalduntza ibiltaria berpiztu duena; beronen bitartez, baliteke, bada, gu ere sorginkeriatik ateraraztea, izan ere, ekitandi larriak gizon handiei egokitzen zaizkie". " Eta horrela ez balitz – gehitu zuen Durandarte oinazetuak ahots mehe-apalaz – , horrelaxe ez balitz, oi ene gusu!, arte, arte, eta kartak eho". Itzuli zen, orduan, beste aldera eta ohi bezain isilik geratu zen, hitz gehiagorik egiteke. Entzun ziren, alta, une haretan garrasi handiak, negarrak, patarraka betean, zinkurin mingarriekin batera; burua bihurtu nuen, eta beirazko hormetan zehar, beste gela baten, "prozesio" antzeko bat ekusi nuen, bi erreskada bete neskatxa eder-eder, hil-beltzez jantzita, buruan motxota bana, turkuen legera, "turbante" esaten dioten horietarikoa. Erreskadaren azken musturrean andere bat, bere beltzuntzean halakoa zirudien behintzat, beltzez jantzia, besana zuri luze-zabal lurrari mun emaiterainokoak zeramatzana. Bere buruko motxota hura besteena baino halako bi handiagoa zen; bekaina iletsu, txordoa zen; sudur zapalekoa; ahoa handia, ezpain gorrikoa; hortzak, une haretan agerian zituenak, bakanak ziren eta ez ondo ipiniak, arbendol zurituak bezain zuriak, halarik ere; eskuetan oihal argal bat zekarren, eta honetan, ekusi uste nuenez, bihotz bat, ihar-gazitua zirudiela eta haragi hilezkoa. Herrokan zetorren lagun-talde hura Durandarte eta Belermaren neskameez osatua zela argitu zidan Montesinosek, beren nagusi biekin batera bertan sorgineztatuak zegozenak, eta azken hura, eskuetako oihalean bihotza zekarrena, Belerma anderea zela; astean lau egunetan halako "itzulaldia" egin ohi zutela, eta kantatu, negar egin hobeto esatearren, egiten zutela hil-eresian, lehengusuaren gorpu eta bihotz minduaren gainean; itsusi edo ezain xamarra iruditu zitzaidan, edo zioten bezain ederra ez, bederen, baina, hango egoera latzaren ondorio zela esan zidan, sorgindutako gau txar eta egun txarragoak emaitearen ondorio hain zuzen, aurpegiera margul eta betazpi handituetan ageri zuen bezala. – " Holako aurpegiera zurbil-horixka eta betazpi handiak ez dira, eiki, ilekoaren ondorio, emakumeengan ohikoa dena, zeren ilak eta urteak baititu ilekorik ez duela, emalegerik ez; bihotzean duen min etsiagatik datorkio, eskuen artean dadukan bihotzagatik, bere maitale ondikozkoaren zoritxarra gogora eta gomutara ekartzen baitio; honegatik ez balitz, eder, lirain eta txairotan, Dultzinea Tobosokoaren berdina izanen litzateke, doi-doi, inguruotan eta, are, lurbira osoan ere, hain ospe handikoa dena". – "Utz dezagun hor – esan nion nik orduan – Montesinos jauna: eralgi ezazu zure kondaira behar legez, badakizu erkaketa guztiak makurgarri direla, ez da, beraz, zertan alderatu inor inorekin. Dultzinea Tobosoko berdinik ez duena badena da, eta Belerma anderea badena da, eta izan dena izan da, eta bego hau hemen". Harek, berriz, honela ihadetsi zidan: " On Kixote jauna, barkatu egidazu; gaizki ihardun dudala aitortzen dut, ez dut ongi esan Dultzinea doi-doi Belermaren antzekotsua dela, susmatu bahar izan dut, ez dakit nik zerengatik baina, zu haren zalduna zaituela, eta honekintxe nahikoa izanen nuen mihia hortzen artean lotzeko, zeruarekin berarekin ez besterekin erkatu edo antzundu aurretik". Barrena lasaitu zidan Montesinos handiak eman aitorpen honek, asaldatua bainintzen, Belerma nire andere Dultzinea bezainbestekoa ote zen entzuteaz.
Oraino harriturik ere banago – Santxok esan – nolatan ez zuen berorrek zangopean hartu aguretzar hura eta ostikoka nolatan ez zizkion hezur guziak hebaindu, eta, bide batez, kokots aldea bipildu, bizartto batto ere haretan ez utzi arteraino.
Ez, Santxo, ez – On Kixotek ihardukiz – niri ez zitzaidaan hori egiterik, ez zuan egokia, zaharrenganako, zaldun ez izanagatik ere, begirunea eta lotsa izaitera behartuta gagozak, areago, batik bat, zaldunak izanki eta antzaldatuak izan badira: ongi zakiat gu bion arteko beste hainbat galde-erantzunetan elkarrenganako zorrik bage geratu ginela.
Une honetan lehengusuak:
Nik, zera, On Kixote jauna, ez dakit nola, hor behean egon den aldi labur horretan, horrenbeste zer ikusi duen, horrenbeste galdetu eta erantzun ahal izan oten duen berorrek.
Zeinbateko aldia da, bada, jaitsi nintzela? – galdetu zion On Kixotek.
Ordubete baino askoz gehiagorik ez – Santxok erantzun.
Ezin daiteke – On Kixotek atzera – , han gautu eta egundu egin zitzaidan eta; eta berriro gaua etorri eta egunsentia ere etorri, hiru bider; beraz, nik zeinbatzen dudanez, hiru egun egin dut hango urruti itsu haietan, gure begietatik hain ostenduak direnetan.
Egia da, agian, nire nagusiak dioena – esan zuen Santxok – ; izan ere, gertatu izan zaizkion gertaera guziak sorgin-kontuak izan direnez gero, guri ordubete bakarra iduritu zaiguna, arauez, han hirur gau eta hirur egun izan litezke.
Horrela al da, bai – erantzun zion On Kixotek.
Eta, jan ote du berorrek aldi horretan guztian? – gusuak galdezka.
Ez dut baraurik hautsi – On Kixotek – ez naiz goseak egon, ez eta gogorik ere.
Sorgindutakoek jaten al dute? – berriro lehengusuak.
Ez, ez dute jaten – On Kixotek erantzun zion – ez eta gorotzik egin ere; dena dela ere, azkazalak, bizarrak eta ileak hazten zaizkie, omen.
Eta, lorik egiten dutea?– Santxok.
Ez, ez horixe – On Kixotek berriro – ; ni haiekin egon naizen egun hauetan, behintzat, inork ere du begirik itxi, neronek ere ez.
Hari-harira dator, bai, hemen, harako atsotitz zahar hura, hots, larrosarekin dabilenak usaina hartzen duena: bebil, ibili, bai, berori, lo-bageko horiekin eta barau-liluretan, gero, harrigarria ez da izanen, ez jatea ez lo egitea halakoekin ibilirik. Barka biezat, baina, berorrek, ene jauna, zera baldin badiot: Jainkoak eraman nazala -tusuria erraitekotan egon naiz- heben berorrek erranetarik deus ere sinetsi badiot.
Nola ez, bada? – esan zuen gusuak. Gezurretan hasiko ote zen, bada, gero, On Kixote jauna, nahita ere, horrenbesteko gezur-pila asmatu eta josteko astirik izan ez duelarik?
Nire nagusia gezurretan ari denik ez dut uste – Santxok atzera.
Zer duk sinesten, beraz? – galde egin zion On Kixotek.
Nik uste dut – erantzunez Santxok – horrako Merlin horrek edota bertze sorgintzaile horiek guziek, hor behe horretan berorrek ikusi duela dioen jende putruska hori antzaldatu edo sorgineztatu dutenek sartu diotela kaskoan katramila hori oraintxe jaulki daukuna, eta jaulkikidin duen guzia.
Balitekek hori guztia izan, Santxo – ihardetsi zion On Kixotek – baina ez duk horrela; jaulki dudan guztia nire neure begiez ekusi eta neronen esku neureez ukitu bainuen. Baina, eta, zer erranen duk nik jakinarazten diadanean nola Montesinosek erakutsi hainbat eta hainbat gauza liluragarriren artean -poliki denak azalduko dizkiat, bidean aurrera goazela, garaian garaikoak, ez oraingoz, ordea, oraintxe bertan erraitekoak ez dituk eta- hiru neska nekazari ekusarazi zizkidala, landa zoragarri haietan barrena, arin eta alai, antxume edo pittiken antzera aputika eta ijutika zebiltzanak; ekusi nituen orduko ezagutu nitian: bata Dultzinea Tobosoko berdingea eta beste biak Tobosotik irtendakoan buruz buru eginiko neska landatar haiek berarekin zetozenak? Montesinosi ea ezagunak ote zituen galdetu nioan; ezetz erantzun zidaan, baina, bere ustez, emazteki uren sorgintzaileren batzuk edo ziren, egun guti zela landa haietan agertutakoak; eta hauxe ez zaidak harritzen, zeren beste andererik asko eta asko, nahiz antzinako nahiz oraingo, hantxe baitzegozen, tankera ezberdin, ohi ez bezalako antz txundigarriez aldatuak denak, osoki itxuraldatuak, besteak beste, hantxe Ginebra erregina ezagun izan nian, Kintañona etxanderearekin bat, Lantzaroteri ardo-eskainka,
Bretainiatik etorri zenean, jakina.
Hau entzun eta Santxo burua gal edo barrez leher, hortxe-hortxe jarri zen; zeren, Dultzinearen antzaldatzea nolakoa zen ongi zekielako, bera gezurrezko zer haren asmatzaile eta sorgintzalea izanik, bere nagusia zinez burutik egina zela, guztiz eta erabat zoratua zegoela ohartu baitzen, azkenik, orduantxe etsia hartu zuen zalantza bagerik, eta honela esan zion:
Ordu txarra eta are sasoi txarragoa, zorigaiztokoa eguna bai, berori jauna, ene ugazaba maitea, bertze mundura jaitsi denekoa, eta ondikozkoa txit Montesinos jaun horrekin buru egin duenekoa, berori halakoa halakatu zuena. Berori hemen goian ongi zegoen, Jainkoak eman zentzu oso-osoko, erran zahar eta berriak azaltzen, noiztenka aholkuak emaiten, eta ez orai bezala, nehori gogora lekizkiokeen zorakeriarik larrienak jaulkitzen.
Ezagutzen haut, Santxo – On Kixotek iharduki – , eta hire hitzak ez ditiat haintzat hartuko.
Ez nik ere berorrenak – Santxok berriz ere – eta berdin zait nik erran, erraiten edo erranen ditudan guziengatik zauritzen banau, sakitzen banau edo hiltzen banau ere, berori onbidera ez badadi, zuzen ez badadi, ez naiz isilduko. Orain, bakean gagozen honetan, erran, bada, biezat berorrek: nola edo zertaz ezagutu du gure andere nagusia? Eta mintzatu bazaio, zer erantzun dio harek?
Hara, zertaz ezagutu eta herorrek erakutsi hidanean zeraman soineko ber-beraz, hain zuzen ere. Mintzatu nintzaioan, bai, baina ez zidaan hitzik erantzun, aitzitik, bizkar eman eta iheska joan zuan, arin-arin, habailez makil bat aurtikiz gero ere harrapatuko ez zuelako ziztu-bizian. Jarraitu nahi izan nioan, eta egin egingo nikean, alperrik izanen eta honetan ez nekatzeko aholkatu ez balit Montesinosek; gainera, leze-zulorean ateratzeko garaia bazetorkidaan. Besterik ere esan zidaan eta, zera, geroko egunen baten honen berri emango zidala, bertan zegozen guztiak, Belerma, Durandarte eta bera ere barren, nola sorgingetuak izanen ziren; alabaina, han ekusi eta nabaritu nituen guztietatik minik gehiena eragin zidana hauxe izan zuan, hots, Montesinos honelakoxe berriketan ari zitzaidala, nik ekusi aurrez, Dultzinea dohabage haren lagunetako bat niregana zuan, albo batetik, eta, begiak malkoz bustirik, mintzoa dardaraz, ahoperean, honela esan zidana: "Nire andere Dultzinea Tobosokok berorri eskuetan mun damaio, eta berori nola dagoen jakinarazteko eskaritzen zaio, otoi; eta, beharraldi larrian dagoelako, otoi dagio otoika, kotoi berrizko gonaxka hau bahi harturik, ahalaz, sei bat erreal edo berorrek eskueran dadukan guztia emaiteko mesedea; berak lehen bai lehen itzuliko dizkiolako hitz damaio". Sor eta gor, zur eta lur utzi nindian mezu harek, eta Montesinos jaunaganantz begira bihurturik, honela galdetu nioan: " Montesinos jauna, ba al liteke, gero, antzaldatuta dagozen handikiak ere beharrean egoitea?" Hauxe erantzun zidaan: "Sinets nazazu, ene On Kixote Mantxako, beharraldi esaten dioten hori, oparina alegia, non edo non ohi dela, nora edo nora zabaltzen eta hedatzen dela, nori edo nori heltzen diola eta atxekitzen zaiola, sorgindutakoei ere barkatzen edo askesten ez diela; honetakoz, bada, Dultzinea Tobosoko sei bat erreal eskatu bazaio, bahigaia itxuraz ona izanik, emaitea besterik ez dago, estualdi larriren baten arbin-arbin egina al dago eta, zalantzarik ez". "Ez dut nik bahirik hartuko -erauntsi nioan nik- , ez eman ere inondik eske zaidana, lau erreal besterik ez dadukat eta". Hauexek eman nizkioan -hik, Santxo, lehengo egunean, bidean aurkitu txiroei emaiteko eman hizkidanak zirenak- eta esan nioan: "Esaiozu, ene neskatila lagun horrek, zure andereari, nik bihotzean min dudala, min etsia, beraren neke-lorrengatik, eta Fukar izan nahi nukeela berauen arintzearren; eta jakin dezala ni ezin egon naitekeela osasun onean beraren ederra ekusi bagerik eta berarekin mintzatu ezinean, eta ahalik biziroen otoi egiten diodala, beraren gatibu nauen honek, noizbait ekus eta beraren mintzaera gozoaz gozatzeko aukera eman diezadan. Esaiozu, era berean, noizbait, usterik gutienean, nire zinaren berri jasoko duela, zeren, Mantuako Markesaren antzerako zina egin bainuen nik, harako Baldovinos hura bere ilobagatik mendeku hartzekoa, mendi-mendian egin beharreko zina alegia, ogirik-eta zamau gainean ez jan eta beste txorakeria batzuk eginen zituelako zina, hain zuzen, mendekua bitartean edo aspertuko zitzaion artekoa; esaiozu nik ere halaxe eginen dudala, bera sorgingeturik eta bere edertasunera itzularazirik ekusi arte, geldirik egonen ez natzaiola, munduz mundu, zazpi lekutan gaindi ibiliko natzaiola, Portugalgo On Peru erregegaia ibili zen bezain tinel, gurbil eta gertu". "Hori guzti hori eta are gehiago zor dio berorrek nire andereari" - gehitu zidaan neskatila harek. Lau errealak hartu zitian, gurrik ez zidaan egin, itzulipurdi bat baizik, ostera, eguratsean goiti kana bi jauziz.
Oi, Jainko saindua! – esan zuen orduan Santxok oihuz – Ba ote liteke munduan hainbertzeko sorgintzailerik eta antzaldapenik horrenbesteko indarrik duenik nire jaunaren zentzu ona horren zoro bihurtzeraino? Oi jauna, Jainkoarren, begira biezaio berorren buruari, itzul bedi berorren onera, eta ez beza sinets hainbeste zorakeriarik, sena guziz urritua eta burutik egina baitute!
Ongi maite naualako mintzo haiz horrela, Santxo, eta ludiko ausiabarretan ohitua ez aditua ez haizelako, zail den orotan, gaitz xamarreko katramiletan beti ezina ekusten duk; egunak joan ahala, erran diadana legez, hor behe horretan nik ekusitakoetarik batzu-batzuk azalduko dizkiat, bai, eta hona artean jaulkitako guztiak sinesten bukatuko duk, oro egiazko egia baita, izan, eta ez dago ezetz erraiterik.