Kondaira handi hau jatorrizkotik itzuli zuenak dioenez, Zide Hamete Benengelik idatzitako lehenengoan, Montesinosen haitzuloko jazoerako atalera iritsita, bazter baten, eskuz, honako zer hauek idatziak zituen:
"Ezin sinets dezaket, ezin burutan sar, On Kixote ausartari aurreko atalean idatzita geratu den guztia benetan gertatu zitzaionik: zeragatik, aurreko jazoera orain artean gertatu guztiak sinesgarri, egia-antzeko behintzat, eta gertagarri edo gertakor izan direnagatik; baina, honako haitzulo honetakoa ez zait benetan egiazkoa denik iruditzen, arrazoiaren mugetatik at eta oso at doalako. Gezurrik esan zuenik ere ezin inola nik etsi, On Kixote bere garaietako zaldunik mazalena eta gaparerik egiazkoena zen ber hori ezinezkoa zen, gezika erasoko baliote ere ez bailuke berak gezur bat ere esanen. Bestalde, gertatu bezalaxe jaulki zuela eta zehaztu zuelako usteak nago, hainbeste zentzugekeria ezin asmatu izanen zuen inola ere hain epe laburrean; eta jazoera hau gezurrezkotzat joa izan bada nik ez dut errurik, ez beharrik, nik idatzi baino ez dut egin, ez egiazkoa edo ez gezurrezkoa denik esan bage. Zuk, irakurle horrek, zuhurra izanki, nahi duzun bezala erabaki, nik ezin besterik egin, ez eta behar ere; azken urteetan, heriotzako orduan, gezurtatu omen zuena egiatzat hartzen da, berak asmatu zuela esan omen zuen, bere kondairetan irakurriak zituen jazoerekin bat etorten zitzaiolako ustean, noski". Eta honez gain gehiago ere dio:
Txunditu zen lehengusua, bai Santxo Pantzaren bekokiaz edo irtenkeriaz bai honen nagusiaren egonarriaz, eta orduan berau hain otzan, hain lasai eta motel agertzearen zioa, bere irudikoz, Dultzinea Tobosoko anderea ikusi izanak eragindako poza zen, sorgindua ikusi zuen arren ; zeren, honela ez izaitekotan, Santxok esan zizkion hitzak nahikoak izan baitziren, aski eta gehiegi, makilka ihardets ziezaion, ukaldika "eho" zezan, benetan harek bere nagusiarekiko ozarttoegi ihardun zuelakoan zegoen, eta honela mintzatu zitzaion:
Nik, On Kixote Mantxako jaun, berorregaz emandako eguna ondo baino hobeto emana dudalakoa dut, lau zer biribilatu, lortu edo irabazi dudalako. Lehena, berori ezagutzea, zorion handikotzat hartua dudana. Bigarrena, Montesinosen leze horren barruan zer dagoen jakitea, Guadiana eta Ruiderako aintziren itxuraldak eta guzti, esku artean darabildan Obidio espainiarrarako on izanen baitzait. Hirugarrena, "naipeen" antzinatasunaz ohartzea, zeren, dirudienez, Karlomagnoren garaietan ere, behinik behin, erabiltzen bai baitzituzten, Durandartek berorri esan zizkion hitzetatik ondoriozta daitekeenez, hots, berak, Montesinos hizketan ari izan zitzaion une luze haren ondoan, esnatu eta "arte, arte, eta kartak eho" esan baitzuen. Hau esaldi hau eta hizkera bera ezin ikasi izango zuen sorginduta egonik, ez egonik baino, Frantzian eta Karlomagno enperadore horren garaian, hain zuzen ere. Hau nik hauteman dut, bai, eta osatzen dudan beste libururako hautu-hautuan datorkit, Birgilio Polidororenen gehigarria, antzinatekoen asmakuntzan emango diodan horretarako berebiziz datorkit; naipeekikorik idatzi zuenik ez dut uste eta orain neuk idatziko dut, garrantzi handikoa izanen baita, are handiagoa Durandarte jauna bezalako egile hain egiazkoa eta hain larria aipatuaz. Laugarrena, orain arte inor gutik zekiena, edo inork ez zekiena ikastea izan da, Guadiana ibaiaren sorburua ben-benetan zein den jakitea alegia.
Zuzen zagoz – esan zion On Kixotek – ; baina, liburu horiek nori eskainiko dizkiozun jakin nahi nuke, baldin, Jaungoikoaren laguntzaz, irar eta argitaratzeko baimena emaiten bazaizu -zalantzan bainago-.
Badira Espainian nori eskaintzeko jaunak eta handikiak – esan zuen gusuak.
Askorik ez – On Kixotek – ; eta ez merezi ez dutelako, onartu nahi ez dituztelako baizik, zeren, egileen lanari eta opariari zor bide-zaien ordainbeharraz euren burua lotu nahi ez baitute. Nik badut printze bat ezagun, beste guztien hutsunea betetzeko adinakoa dena, dohainetan hain dohaintsua, ezen, denak zehazten hasiko banintz, beharbada, hainbat bular bulartsurengan bekaitza piztaraziko bainuke; bego, beraz, hau hemen, beste une egokiago baterako utzirik, eta goazen gau honetan non aterpe hartu bilatzera.
Hemendik urrun ez – gusuak berriro – baseliza bat dago, gudagizon izan ei zen parrau batek bizitoki duena; kristau ona dela uste da, zintzoa oso, eta txit onbera, gainera. Baseliza ondoan etxetto bat du, berak bere kasa eraikia; ttikia izan arren, arrotzak hartzeko adina bada.
Oilorik al du urlia parrauak edo padarrak? – galdetuz Santxo.
Hain bagerik parrau guti – erantzun zion On Kixotek – ; gaur-egungoak ez dituk anbiolako haien antzekoak, Egiptoko basohiletan-eta palmondo-orriz jantziz eta lurpeko sustraiak janez bizi zirenak alegia. Ez diat gaizki ulertzerik nahi, hots, garai zaharretako haien aipu ona eginaz gure garaiotako hauetaz ez diat txarrik egin nahi; baina antzinakoen zorroztasuna, estuasuna, oraingoen damukioa, penitentzia, baino areago zela erran nahi diat; ez honegatik, ordea, kaxkarrak direnik, ez: nik, behintzat, ontzat hartzen ditiat; eta, bestalde, orotan bekatari denak baino kalte handiagorik ez dik egiten onaren itxuran agertzen den azaltxuriak.
Elkarren arteko hizketaldi honetan ari zirela, berenganantz gizon bat zetorrela ikusi zuten, oinez, ttaka-ttaka, lantza eta aiztaga edo "alabarda" ugariz zamaturiko mando bati zigor batez joka. Haienganatu zen, agur egin zien eta aurrera jo zuen. On Kixotek hau esan zion:
Gizon on, geldi; mando horrek ahal duen baino arinago zoazela dirudi eta.
Ezin geldi naiteke, jauna – ihardetsi zion gizonak – hemen daramatzadan iskiluok bihar erabiltzekoak dira, bai, eta ezin gelditu, beraz; agur, bada. Jakin nahi bazenu zertarako diren, baselizatik gorattoagoko ostatuan emango dut gaurko gaua, bai, eta bide honetatixe joanez gero, bertan jarrugi ahal naukezu, bai, eta liluragarrizko zerak azalduko dizkizut. Agur t'erdi, berriz ere.
Mandoari zartada bat eman zion eta ez zuen On Kixotek liluragarrizko zer horiek zer edo zelakoak ziren galdetzeko aukerarik izan; beti jakingale, beti zer berriak ikasteko minetan zebilelako, berriz, berehala erabaki bezala agindu zuen gaua ostatu haretan emaite aldera joiteko, eta haranzko bidean aurrera hasteko, baselizara bagerik, lehengusuak nahi zuen bestera.
Hala egin zuten, zaldien gainera igorik, eta hirurak txiribogarako bidean zehar aitzinatu ziren, eta bertara arrastu baino lehenttoago iritsi ziren. Zurrut bat egitera baselizara gerturatzeko esan zion gusuak On Kixoteri. Santxo Pantzak entzun orduko, astoa bertaranztu zuen, On Kixotek gusuarekin berdin; baina Santxoren ohiko halabehar txarrak, antza, padarra etxean ez egoiteko agindua zuen, baselizan bertan aurkitu zuten padar-serora batek jakinarazi zienez. Ardotik eskatu zitzaizkion, berak, aldiz, bere nagusiak ez zedukala esan zien, ur hoxkara nahi bazuten, ordea, gogotik emanen ziela.
Ura edateko gogoak banengo – Santxok erauntsi – bide bazterretan putzuak eta zupuak badagoz ugari, uhaskak esan nahi baitut, eta gogotik aseko nintzen. Ai, Kamatxoren ezteiak eta On Diegoreneko oparotasuna, zeinbat aldiz huts eman beharretan egonen natzaizuen!
Honez gero, baseliza bertan utzi eta ostaturantz jo zuten; ibilten hasi eta laster mutilko bat ez oso arin bide berean beraien aurretik zihoana aurkitu eta atzeman zuten. Sorbalda gainean ezpata zeraman, eta beronetik esekita zorro bat, janzkaien pardela zirudiena, galtzak edo gergizkoak, kapilotx motxa eta atorraren bat, dena sorta egina; ilegurizko soinekotto bat aldean, ziriku-ehunezko zerrenda batzuekin, eta alkandora bat jantzita zihoan, galtzerdiak ere zetazkoak, oskiak edo "zapatak" Erregetxean ohi direnak legezkoak, laukituak alegia; hamazortzi edo hemeretzi urteko, begitarte alaiko, eta zalu antzekoa zen. Bideko nekea arintzearren "segidillak" direlako batzuk kantatzen zihoan. Bildu zitzaizkion unean bat azkendu berria zuen, lehengusuak gogoan hartutakoa, eta honela omen zioen:
Behar gorriak naroa, ai gudua!
Ez nindoake, zinez, baneu dirua
Hitz egin zion lehena On Kixote, eta esan zion:
Arintto zoaz, mutil. Nora ordea? Jakin dezagun, bada, esan nahi baduzu.
Mutilak erantzunez:
Zama-peiturik noa, bai, alde batetik beroa dela eta, bestetik "bagezia"; nora noan, bada, gudura noa.
Nola bagezia? – On Kixotek berriro – Beroagatik izan daiteke, baina.
Jauna – ihardetsi zion – zorroan batuak ilegurizko zaragoil batzuk daroadaz, soinekotxu honen kideak, baiña bidean higatuko banitu, maiztuko, ez neuke huriratutakoan apain janzteko erarik izango, eta beste barri batzuk erosteko beste dirurik bere ez. Honegatixe noa noana legez, eta egurastu bat hartzearren, jakina; oiñezko gudaroste batzukana heldu arte, hebendik hamabi bat legoatara ei dagozanak, haretan bere; haekaz batuko naz, eta handik harakoan, zela edo hala, ibiliko gara, joan-da-joan, Kartagenan ei dagoan ontzitokiragino. "Gorteko" ezeduki baten otsein izan baiño jaun eta jaubetzat Erregea nahiago dot, eta guduan honexen morroe izan.
Eta, zer duzu onura, ondo bidean? – galdetu zion gusuak.
Orain artean Espainiako handiki edo nordin urenen baten otseina izan banintz – mutilak atzera – onura jasoko nukean, jakiña; onen mutil izaiteak horixe ekarri daroa: otsein-mahairean urten eta "alferez" edo kapitain izaitera heldu doaz, edo halako bizimodu on baten ugazaba; ni, osterantzean, neure zoritxarrean, ganorabako batzuen morroe izan naz beti, "zorripiztu" batzuena, egon-sari mehatz eta gosetano argaleko jendea, lepokoa "almidonaiten" ogasunaren erdiak agortutzen zituena; holako jendearen artean dabilan gela-mutil "abenturazaleak" gatx dau jazoera haundirik idorotea.
Eta, zure biziarren, esaidazu, adixkide – On Kixotek galdetu – : horrenbeste urtetako morrontzan otsein-jantziren bat edo irabazteko gai ez ote zara izan?
Bai, bi emon izan deuste – mutilak berriro – ; baiña, badakizu, abade izaiteko bidean danari legez, behin uko egiñaz gero, atzera egiñaz gero, abade-soiñekoa kendu eta lehengo bere soiñeko zaharrak emaiten deutsoez atzera; niri berdin egiten nire nagusiek, zera, Gortean egin beharreko garatzak egin ostean, etxeratutakoan, niri emoniko jantzi ederrak atzera kendu egiten zeustezan, harro erakusteko baiño ez zirean eta.
"Notabile espilorcheria", italiarrek esan ohi dutena bezala – esan zuen On Kixotek – dena dela, zure asmo on horrekin Erretetxetik irten izana zorionekotzat hartzen dut; ez dago lurbiran eginkizun zintzoagorik eta onuragarriagorik Jaungoikoaren alde ihardutea baino, lehenik, eta gero, erregearen aldekoa, berez nagusi baitugu, iskilu-iharduera denean batez ere, zeren honen bidez ondasun gehiagorik irabazten ez badu ere, hizkien bitartez baino ohore handiagoa, behintzat, erdiestea bai baitago, maiz esan izan dudan eran; badakit, jakin, ordea, hizkiek iskiluek baino erro-ondare edo "maiorazko" gehiago irasi dutela, honelarik ere, oraindik iskiludunek badute nik ez dakit zertto bat hizkidunen gainetikoa, beste guztien gainera igoarazten dituen nik badakit zer-nolako aintza, zer distira. Har ezazu gogoan oraintxe esanen dizudana, onerako izanen zaizu eta zure nekeen aringarri ere bai; zera, jazokizun kaltegarriak zure irudimenetik edekitzea, ez erabil buruan etorkizunean gerta lekizukeen ezer txarrik; txarrena heriotza da, eta hau ona bada, hiltzea onena. Erromako enperadore ausart Julio Zesarri heriotzarik onena zein zen galdetu zioten; ustebagekoa, bat-batekoa, erantzun zuen; jentila zen aldetik, benetako Jaungoikoaren berri bagekoa zelarik, erantzun zuen arren, ongi esan zuen, gizakiak oinazea nahi duelako, ahalaz, ekidin; ba al zaizu, bada, axola, lehenbiziko borroka-unean hiltzea edo kainoi-danbada batek hilarazia izaitea, edo "mina" batek, leher eginez, ero bazaitu. Hala edo honela hiltzea' hiltzea da, eta kito, amaitu da; Terentziok esan zuena, hots, borrokan hildako gudukariak ihesean bizirik eta onik baino hobea dirudi, eta ohorea handiagoa du gudariak bere kapitain edota agintzen dionari men egiten dion heinean. Aditu, mutil gudagizonari bolbora-usaina egokiago zaio, "algaliaren" usaina baino; eta, bestalde, iharduera ohoretsu honetan zahartasunak atzemaiten bazaitu, nahiz zarela zauritua nahiz zarela hebaindua edo elbarritua, ohore bagerik, bederen, dedu-peiturik, ez al zaitu atzemanen, txirotasunak, behinik behin, ez dizu hori kendu ahal izanen; gainera, gudari zahar elbarrituak zaindu eta zahartzaroa arintxeago eman ahal izaiteko aginduak badira, zeren, zeinbait ugazabak bere jopu beltzekin zer egiten duen ikusi izan baita :zahartu eta gero, ezertarako ez direnean, askatzen dituztelako aitzakian, etxetik bidaltzen, haien buruaren jabe direlako uste ustelean, eta gosearen jopu bihurrarazten dituzte, eta hau ez da on, eta jopu izaite honetatixe heriotzak ez bestek aterarazten ditu. Hara,oraingoz ez dizut gehiago esan nahi, igo zaitez, bada, nire zaldi honen ipurtxuntxurrera ostatura bitartean, gero elkarrekin abalduko dugu, bai, eta goizean aurrera joanen zara, Jaungoikoarekin eta zure asmo on horiekin.
Mutilak igaiteari ezetz esan zion, abariari baietz, ostera, eta orduan Santxok, berekiko, honela esan omen zuen: "Jainkoak har zaitzala jauntzat! Horrelako zer horren erazko eta zentzuzko horiek erraiten dakien gizonak nolatan erran dezake Montesinosen haitzuloan hain zentzubagekeria erabageak ikusi dituela? Tira, bada, ikusiko dugu".
Heldu ziren txiribogara, arrats apalean, eta Santxo pozik bere nagusiak ostatutzat hartu zuelako, ez, ohi bezala, gaztelutzat. Sartu eta berehala, On Kixotek txiriboginari lantzak eta alabardak zeramatzan gizonaz galde egin zion; mandoa jarrarazten zamaritegian zegoela erantzun zion. Lehengusuak Santxorekin itzeragaitabereak bertaratu zituen, Rozinanteri askarik eta lekurik onena eman ziotelarik.