Atal honetan, Zide Hamete, kondaira handi honen "koronista", edo hobeto esatearren "esalea", hitzokin hasten da: "Zin dagit kristau katolikoa naizena bezala...."; eta esaera honen harira itzultzaileak dioenez, Zide Hametek kristau katoliko bezala zin egiteaz, bera mairua izanik, mairua baitzen enurarik bage, ez zuen besterik esan nahi, ezen, kristau katolikoak zin egitean, egia esan edo esanen duena zin egiten duela edo behar duela, eta berak ere, era berean, On Kixoteri buruz idatzi nahi zuen honetan, eta maisu Peru nor zen, bereziki, edota tximinoa nor, egia esanen zuela adiarazi nahi zuen, kristau katolikoa bailitzan zin egiteaz, eta hala behar zuen inguru haietako herri guztietan zeharo harriturik baitziren tximino igarlea edota bere nagusia zirela zio. Honelatan bada, dio, edaskai honen lehen zatia irakurri duenak ondo gogoan al duela Gines Pasamonteko zerintzon ha, galeretara zigortutakoen artean zihoazenetako bat, Sierra Morenan On Kixotek jaregindakoa; gogorarazi beharrik ez da harako jendexkila gaiztoak eta gaizkietan ohituak orduko ongi egite hura gaizki eginaz gaiztoto ordaindu ziola askatzaileari. Gines Pasamonteko hura, On Kixotek Ginesillo Parapillako esaten ziona, Santxo Pantzari astoa ostu ziona zen. Lehen zatian, irarleen oker baten erruz, ez zen zehaztu noiz eta nola gertatu zen, eta askok idazlearen hutsegitea zela uste izan du, irarkolako hutsa zena idazlearen oroimen urriari egotzita. Laburbilduz, bada, Ginesek, nola ostu zion eta honelaxe hain zuzen: Santxo Pantza astoaren gainean lo zegoen, eta Brunelok behinola egin zuen bezala, Sakripante Albrakaren gainean zegoenean, trikimailu edo tramankulu berdinez, zamaria zangoen artetik aterarazi zion, eta geroago Santxok berriro eskuratu zuen, esana dagoen eran. Bada, harako Gines hak, hainbat zitalkeria egina zenak, hainbat gaiztakeriaren egile zelako, "justizia" edo zuzentza atzetik zebilkiola, atzeman eta atxilotuko zutelako beldurrak jorik, zeren zigor latza irabazteko hainbat gaizatxarkeria eta hain izugarriak denak, berak liburu mardul batean azaldu eta zehaztu zituenak, beldur izaitekoak baitziren, Aragoiko erresumara joaitea erabaki zuen, eta ezkerreko begia estaltzea ere asmatu zuen, eta txerpolarien bizimodua egitea bururatu zitzaion, eskuez jokatze horretan oso iaioa zen, izan ere.
Hala, bada, Berberiatik zetozen kristau aske batzuei tximinoa erosi zien eta beroni zerbait irakatsi zion, hala nola, keinutto bat eginda sorbalda gainera jauzi, belarri ondora hurbil eta zerttobait isilpean esaten ziola bezala egitea. Leku batera zihoanean, sartu aurretik, hango zeren berri jasotzen zuen, non edo non, hango behinena nor zen edo gertaeraren batzuk gertatuz gero nondik-norakoak ziren jakiteko; ondo atamendatua beraz, bertaratu eta lehenik bere oholtza edo antzokittoa erakusten zuen, eta batean ipuin bat eta bestean beste bat jaulkitzen zuen, beti ere alaigarriak guztiak, pozbiderako edota atseginerako asmatutakoak eta ezagunak. Erakutsi ondorean, tximinoaren gaitasunaren berri emaiten zuen, lehengoa eta oraingoa igarteko gai zela adiaraziz, baina gerokoa asmatzeko, aitzitik, ez zela batere trebe. Galdera bakoitzeko erantzunaren truke erreal bi eskatu, batzuetan merkeago, galdetzailea nolakoa zen susmatu heinean, eta ezer galdetzen ez bazioten ere, hango baten berri jakinik, zer gertatu eta jakinaren gainean egonik, berak erantzun egiten zion, tximinoari keinua egin, eta gertaera jakinaz hau eta hori eta hura azaldu ziola esanda. Hau honela, igarle okergaitza zelako ospea hartuz joan zen, eta oro haren atzetik jakinminez zebiltzan. Batzuetan, zuhurra gizona, galderari ondo zetorkiona erantzuten zuen; inork ez zion itauntzen tximinoak nola asmatzen ote zuen, inork ez zuen estu hartzen eta nori-nahi ziria sartzen zion, atzipe egiten zion, bere ardai-toxa sosaz betetzen zuen bitartean. Txiribogara sartu zenekoxe, On Kixote eta Santxo ezagutu zituen, eta ezaguera hau zela eta harriturik utzi zituen, bai On Kixote Santxorekin bai bertako guztiak. Larrutik ordainduko zuen, ostera, On Kixotek Marsilio erregeari burua ebaki zionean, eskua beherattoago eraman balu, aurreko atalean ikusi bezala, haren zalditeria guztia txikitu zuen une haretan.
Maisu Peruz eta bere tximinoaz esan beharrekoa hauxe. On Kixote hartuko dut berriz ere ahotan, eta txiribogatik irten baikoz, Ebro ibaiaren uhaldeak ikustera joaiten erabaki zuela diot, Zaragoza hirira sartu aurrez inguru haiek ikusteko asmoarekin, bertan eginkizun ziren borroka-jokoak egin arte, artean, epe luzea zegoela eta. Bidean aitzina joan zen, bada, xede horrekin, bi egunean ibilian-ibilian, esateko deusik gertatu ez zitzaiola. Hirugarren egunean, muino batera igorik, zarata handi bat aditu zuen, atabal, turuta eta arkabuz askoren hotsa hain zuzen. Gudaroste edo "tertzioren" bat zelakoan, ikusi nahiz, Rozinanteri eragin eta muinoan goiti joan zen. Gainean zegoela, beheko aldean, berrehun bat gizon baino gehiago edo, iskilu mota askorekikoak, ikusi zituen; batzuk lantzatzarrak ziren, edo arranbelak bestetzuk, "partesanak" ere asko, alabarda ugari eta zikaiak, arkabuz batzuk beredin errodela eta guzti. Tontorretik jaitsi zen, oste handirantz hurbildu, eta, gertutik, ikurroihalak ikusi zituen, margoak ezagutu ere bai, eta bakoitzean zein ikur zekarten berezi ahal izan zuen, oihal zuri batekoa batik bat, margo oso biziz marrraztua asto ttiki antzeko bat zekarrena, burua goiti, ahoa zabal, mingaina kanpoan, arrantzaka ari denaren antz-antzera; inguruan, hizki larrietan idatzita honako bertsook:
Ez zuen alperrik arrantza egin alkateak
ez batak ez besteak
Ikurritz hau irakurrita, On Kixotek argi ikasi zuen hango jende-oste ha arrantzerrikoa zela, eta Santxori adiarazi zion, guda-oihalean idatzita zegoena zehaztuz. Adiarazi eta azaldu ere egin zion harako gertakari haren berri eman zienak huts egin zuela, arrantzaka egindakoak endoreak izan zirela esatean, zeren, guda-oihaleko bertsoetan idatziaren arauera, alkateak izan baitziren. Santxo Pantzak honela erantzun zion:
Jauna, horri begiratu zertan ez da; arrantza eginiko endore haiek, agian, geroago herriko auzapezak izaitera iritsiko ziren, eta, honela, izenburu biekikoak; gainera, gertaera haren egiari ez dio axolarik arrantzariak alkate, auzapez edo endore izaiteak, banan-banan egin baitzuten arrantzaka; dela alkate dela endore arrantza egiteko arriskua beti hor.
Ikasi zuten eta azkenean jakin, iseka jasandako herria borrokara zihoala, ihakinka eraso izaiten zion beste herri bati aitzi, gehiegizkoa zen, izan ere, egindako nausa eta "trufa", auzokoari onartu ahal zaion baino askozaz larriagoa.
Hurbilduz-hurbilduz, On Kixote haienganatu zen, Santxo berriz kezkatan, halako saltsa-maltsatan sartuzale ez izaitea. Gudarostekoek erdian hartu zituzten, alderdi berekoak zirelakoan, nonbait. On Kixote, aurpegi-estalkia jasorik, gizalegez eratsu-eratsu, astoaren oihala zegoeneraino heldu zen; ikusi eta guda-buruzagi haietako guztiak inguruan jarrita erne-erne begira, gure zalduna ikusten zuten guztiak ohi bezalako harridurak jota. On Kixotek' hala behatzen zutela ikusita, inork ezer esan bagerik, ezer galdetu bagerik, isilaldi luzean, bere ahotsa ozendu zuen eta esan:
Jaun onak, esan nahi dizuedan guztia, otoi, ez eteteko galdatzen natorkizue, zuen erregarri edo haserregarri ote den ekusi arte behintzat; honelakoa balitz, keinu ttiki bat aski nire ahoa itx dezadan eta nire mihia lotzeko.
Nahi zuen guztia esateko esan zioten, guztiek; gogo onez entzunen ziotela. On Kixote, baimen honekin, honela ekin zitzaion:
Ni, ene jaunok, zaldun ibiltaria nauzue, iskiluak ditut bizigai, behartsuei laguntzea biziera dut. Aspaldi da zuen zoritxarraren berri dakidala, txitean-pitean iskiluak eskuetan hartzera eramaiten zaituzten zioa ezagun dut; zuen etsai edo arerioei aspertu beharra duzuela badakit; eta zuen arazoa, behin baino gehiagotan, gogoan erabili ondorean, nago, axut-borrokako legeei jarraikiz, oker zagoztela zuen burua iraindutzat harturik; lagun bakar batek ezin irain dezake herri oso bat, herri osoari saltzailetzat emanik aupada egiten ez badio, zeren, herri oso horretako nor izan ote zen saldukeria eginikoa ez baitaki. Hortxe dugu adibide, Larako On Diego Ordoñez, Zamorako herri oso bati axut egin ziona, bere erregea hil zuen etoia Vellido Dolfos bakarra izan zela ez jakinki; honelatan bada, herriko lagun guztiei aupada egin zien, eta, honetaz, orok erantzun behar izan zioten, orok mendeku hartu behar. On Diego jauna, egia esateko, gehiegitu zen, axutaren muga guztietarik harago joan zen: ez zuen hilei aupada egin beharrik, ez urei, ez ogiei, ez jaioko zirenei, ez han agertzen diren beste ttikikeria batzuei; baina, tira! sumindurak gainez egiten duenean, gaitz da biltzen, ez amarik ez aitarik du, ez geldi dezakeen balaztarik edo galgarik. Hau guzti hau honelaxe izanik, bada, nor bakar batek ezin dezakeela, hain zuzen, erresuma, lurralde, hiri, herrialde, herri oso bat irain edo laidozta, argi dago ez dela zer mendekurik har, halako irainaren ordain, irainik ez da eta. Ederrak gengozke, bada, txitean-pitean elkar hiltzen ihardunen balute Reloja herrikoek, izena dela eta ez dela, izengaitzez deitzen dietenekin, eta era berean "eltzeginak", "berexena-biltzaileak", "baleakumeak", "xaboigileak", eta hortik horra, hitzetik hortzera, gazteen aho-mihietan, eta hala-holako jendearen artean ibili eta erabili ohi diren izenorde, ezizen, gaitzizen eta sisga guztiakatik irainduak ustez diren guztiek! Ederra litzateke, horregatio, herri izengarbi hauek guztiok haserreturik, mendeku gosez, edozein txipristil dela eta, edozein matraka dela eta, ttiki-ttikia izan arren ere, beti borrokan ezpatak airean ibiliko balira! Ez, ez, Jaungoikoari nahi ez dakiola. Gizon zuhurrak, erresuma ondo kudeatuak, lau ziogatik hartu behar du iskilua, ezpata zorrotitu, eta bizia galtzorian eman, eta ogasuna eta nordinak arriskatu: lehenengoa, sinesmen katolikoa babesteagatik; bigarrena, bere bizia zaintzeagatik, berezko eta jainkozko legea hau; hirugarrena, bere ohoreagatik, sendiagatik eta ondasunagatik; laugarrena, bere erregearen alde, gudua zuzena denean; bostgarren bat erantsi nahi bagenio -bigarrenaren barruan egonik ere-, bere aberriaren alde. Bost zio hauei, behinenak izanik, beste baten bat eratxeki dakieke, egoki eta zuzen, iskiluak hartzera behartzen duenik; baina, umekeria batzuengatik, barregarrikeriak direnengatik, irainak ez baina "parlantzuko" zer direnakatik ez da iskilurik hartu behar, hartzen duenak bururik ez duela dirudike eta. Mendeku hartzea, etzuzena delarik -mendeku zuzenik ez baita-, zin egin dugun lege santuaren aurka doa, artez-artez, beronek gure etsaiei on egiteko agintzen digu, gaitzerizten digutenei oneritz diezaiegun agintzen digu; neke da, noski, gaitz da agindu hau betetzen, baina ezina ez da, Jaungoikoarekikoa munduarekikoa baino guttiago dutenentzat ez bada, hau da, "izpirituarekikoa" baino haragiarekikoa gehiago; Jesukristo, egiazko Jaungoiko eta gizon, gezurrik inoiz esan ez zuena, ezin gezurrik esan ez esanen, gure legegile zenak bere uztarria biguna zela esan zuen eta bere zama arina zela; ezin, beraz, guri agindu beteezina denik. Honelatan, jaunok, jainkozko eta gizakizko legeen aginduz baketzera beharturik zagozte.
Tusuriak eraman nazala – erran zuen orduan Santxok berekiko – nire nagusi hau teologo ez bada, eta ez bada badirudi, irudi, arrautza batak bestea dirudien bezalaxe.
On Kixotek arnasa hartu zuen, eta artean isilik adi zegozkiola ikusi zuelako, hitzaldian aitzina joaitea erabaki zuen, eta Santxoren zorroztasuna erdian jarri ez balitzaio aitzina eginen zukeen, baina beronek, nagusia isiltzen ez zela oharturik, eskua kendu zion, erranez:
Ene jauna, On Kixote Mantxako, behinola Itxura Hitseko Zalduna izen hartu zuena eta egun Lehoien Zalduna daritzona, gapare edo aitonseme biziki zentzuduna da, batxiler baten antzera latina eta erromantzea dakizkiena; orotan, bai iharduenean bai aholku emaitean, gudari zintzo bat bezala jokatzen du; gudukako lege eta arau guztiak azkazaletan ditu; berak dioenari jarraiki baino ez da egin behar, eta makurrik balego nire gain. Errana du eta egia da, arrantza baten kariaz samurtzea tentelkeria hutsa da. Ni gazte nintzela, gogoan dut, non-nahi eta noiz-nahi egin ohi nuen arrantzaka, zinka bezala, eta inork ez zidan eskurik ezarri gainean; eta hain ongi egiten nuenez, hain poliki, nik arrantza egitean herriko asto guztiek ere arramaka ihardesten zidaten; ez honegatik nire buratsoen seme izaiteari utzi, buratso edo guraso zintzo-zintzoak eneak; eta nire dohain honengatik herriko burgoi batzuk bekaizti ziren, alabaina, sosik eman ez niri. Eta egia diodala ikus dadin, igurik eta entzun; "zientzia" hau igeri-jakintza bezalakoa da, behin ikasiz geroztik ez da ahanzten nehoiz.
Hau esan eta, sudurrean eskua, arrantzaka hasi zen, hain sendoro ezen hurbileko haran guztiek burrunba egin zutela. Baina, han ondoan zegozenetako bat, txokarritan ari zela edo beren lepotik barrezka, iseka egiten zielakoan, eskuan zedukan makila goratu, eta hari ukaldika ekin zitzaion, eta bat-batean Santxo lurrera. Ikusi zuen hau On Kixotek, Santxo ihailita lur jorik, eta di-da! erasotzaileari eraso zion, lantza eskuan; jarri ziren erdian beste batzuk eta mendekatu ezin izan zuen; alderantziz, harrika esetsi zioten eta harri-erauntsia gainean zuela, ehunka arranbel edo "arku" aurrean zemaigarri zuela, beste honenbeste arkabuz berari so zegozkiola, Rozinanteri atzera ten egin zion hedetik, eta ahalik azkarren, lauhazka, haien artetik hanka egin zuen, bere burua bihotz osoz Jainkoari eskaintzen, galtzori haretatik ateraraz zezan. Bizkar aldetik balaren bat sartuko ote zitzaion beldurrak jota zihoan, bular aldetik ateratuko zitzaiolakoan, eta arnasa hartuz zihoan, oinkada bakoitzean, hats-peitua ote zen jakitearren. Guda-taldekoak, ostera, ihesari emana zela ikusi eta nahikoetsita gelditu ziren, tirorik aurtiki bage. Santxo astoaren gainean ipini zuten, bere onera etorri zenean, eta nagusiaren hatzetik joaiten utzi zioten, ez berak astoari harantz agindu ahal ziolako, astoa bera Rozinanteren hatzen ondotik ibilasi zelako baizik, eta eskerrak honi, bestenaz, ez zuen idoroko. Urrundua zen, ordurako, On Kixote, itzuli zuen burua, ikusi zuen Santxo bereganantz, eta itxaraiteko gelditu zen, gibeletik inor ez zerraiola oharturik.
Gudarostekoak hantxe gauera arte egon ziren, eta etsaiak borrokara agertu ez zirelako, pozik eta alai, pagu-pagu, berriro atzera herrira bihurtu ziren; eta greziar zaharren antzinateko ekandu hura ezagun izan balute, hantxe bertan gurenda-oroitarri bat eraikiko zuketen.