Bihoztunak ihes egiten duenean, amarrukeria agerian da; orduan gizon zogiak beste hobe baterako bere burua jagoiten jakin behar du. Honako egia hau On Kixoteren orduko haretan egiaztatu zen, zeren, hango jendetza eta hango gudaroste sumindu haren asmo gaiztoak ikusita, hanka egin baitzuen, eta Santxo bertan ahantzita utzirik izan zuen arriskuaz ohartzeke, alde egin baitzuen, ahalik eta urrunena, bere burua ziur ikusi uste zuen arteraino. Santxo atzetik jarraiki zitzaion, esana dugun eran, bere astoaren gainean ahuspez jarrita. Heldu zen, bada, azkenik, bere onera etorrixea, eta heldutakoan, astoaren gainetik erortzen utzi zion bere buruari, Rozinanteren oinetara, guztiz arbindurik, hebaindua oso, biziki ihailita. Jaitsi zen On Kixote lurrera, zauriak ikertu behar zizkiola eta, goitik behera, burutik oinetara, onik kausitu zuelako, baina, zakarraldi betean, haserre gorritan bezala, honela esan zion:
Ondikozko eguna, Santxo, arrantzaka egiten ikasi huenekoa! Non ikasi duk hik saguaren aitzinean katua goratzea on denik ? Hirugarren lagun apez, ez egin latinez. Bestera esan behar badiat, alta: urkatuaren etxean ez sokarik aipa. Arrantza-soinuari zer egokiago, bada, makila-soinua baino? Eta eman Jaungoikoari eskerrak, Santxo, aitaren-semearena makila batez egin diatena legez, per signum crucis aiztoker batez egin ez baitiate.
Ez nago erantzuteko – erantzun zion Santxok – bizkarretik mintzo naizela nago eta. Igo gaitezen eta goazen hemendik alde, nik ez dut arrantzarik eginen; baina, erran bage ez dut utziko, ezen, zaldun ibiltariek ihes egiten dutela, eta beren ezkutari zintzoak, bazka-bihiak bezala, "ehorik", edo zamaria bezala "oloak harturik", etsaien esku uzten dituztela, "abandonaturik ".
Aldentzen denak ez ziok ihesari emaiten – On Kixotek berriro – jakik, Santxo, zuhurtasunik ez duen ausardiak ausarkeria duela izen; eta beldurge edo lotsagearen egitandiak halabehar onetik sortuak direla uste izaitenago duk haren bihotz onetik baino. Nik, bai, aitor diat, zera, baztertu naizena, honelarik ere, ez diat ihes egin; honetara, beraz, zangar askoren antzera jokatu diat, garai hobeen zain bere burua osteratu izan baitu, kondairetan ugari baino ugariago agertzen dena bezala; alabaina, ez nauk hemen orain honetaz luzatuko, hiri onik ez dik eginen, eta nik, berriz, gogorik ez diat.
Honetaraz gero, Santxo zamariaren gaineratua zen, On Kixotek lagundua noski, eta bai berau ere Rozinanteren gainera igo berehala; poliki-poliki, handik legoa lauren bateratsu zegoen lertxundi batean oihanperatzera joan ziren. Noizik noiz, Santxok aiene sakon-sakonak egiten zituen, zinkurin mingorrak; On Kixotek zer zela eta urruma edo auhen gogorrok galdetu, eta haren erantzuna uzkornotik garondoraino min handia zuelako bere onetik aterarazia zela.
Min horren zioa, nonbait – esan zion On Kixotek – hauxe duk: hi joiteko makila luze-zabala zenez, bizkarralde osoa hartu dik, minberaturik dituan alderdi horiek guztiak hortxe; eta alde gehiago hartu balik, are mina ere alderdi zabalagoan ukanen huke orain.
Jainkoarren – Santxok – berorrek oraintxe zalantza larri batetik aterarazi nau, ele pollitez argitu baikoz! Ai ene gorputza! Nire oinazeon zioa hain estalia ote zen bada, zehaztu behar izan baitit berorrek minberaturik dudan guzia makilak jotakoa dena? Orkatilak mindurik banitu, zer dela eta asmatu ezinean ibiliko nintzateke, heldu-bada; baina makilkatu zidaten aldea zer dela eta mintsu dudan jakitea ez da asko jakitea, gero! Alafede, ene nagusi jauna, bertzeren gaitzaz norberarena sendatu ez, eta, egunetik egunera, argiago ikusten dut, ikusten zein gutti iguriki edo itxadon ahal dudan berorrekin ibiltze honetatik; oraingo honetantxe makilkatua utzi banau utzi, bertze behin eta bertze anitzetan berriz ere harako burusi haretako goiti-beheti eta antzeko bertze gazte-gaiztokeria batzuk jasan beharko; eta oraingoan bizkarraldean izan bada, hurrengoan begietan izanen da, behar-bada. Hobe nuke, baina astotzarra naiz eta ez dut nire bizialdi honetan guztion deus onik eginen, hobe nuke, berriz ere diot, etxeratzea, emazte eta seme-alabengana itzultzea, eta, Jainkoak eman gauzaz, elika eta haztea, hobe nuke, bai, berorrekin batera biderik bageko bideetan zehar, nora ezean, gaizki edaten eta gaizkiago jaten, ibilian-ibilian ibiltzea baino. Loak hartuko al naik, bada! Zeinbatu, ezkutari anaiak, zazpi oin lur, eta gehiago nahi izanez gero har gehiago, hire esku duk eta, etzan hor, zerraldo, hire nahierara; agian ikusiko dut, noizbait, erre eta hautsirik zalduntza ibiltarian lehenbiziko urratsa egin zuena, edo, zaldun ibiltari ergelen baten -antzinakoak oro ergelak izanen zirelakoa badut- ezkutari izaiteko asmoa lehenbiziz erakutsi zuena, behintzat. Gaur-egungoez ez diot ezer; berori hauetako bat izanki begirune baitiet, badakidalako, jakin ere, bai hizketan bai gogoetan, berori tusuria edo Txerren baino goixeagokoa dela.
Oraintxe nik hirekin izpixo bat ona eginen nikek, Santxo – esan zion On Kixotek – : hitz eta pitz hoan bitarte honetan, inork erantzun ez eta, hire soinean minik batere hik sumatzen ezetz. Mintza hadi, ene seme, burura etorri ahala, hitzetik hortzera, nahi duanaz; hik minik ezaren ordez nik, neure haserreduraz gainetik, hire txotxolokeriak atsegin antxean entzunen ditiat eta. Atzera etxera, emazte eta seme-alabengana, nahi baduk, Jainkoari nahi ez dakiola nik horren eragoztea: dirua badadukak, neurea, ikertu egik, ea noiz irten genuen hirugarren aldi honetan gure herrirean, ea zeinbat irabazi behar duan eta ahal duan iloroko, eta ordaindu egiok hik heure buruari herorren eskuz.
Tome Carrasco, Sanson Carrasco batxilerraren aitaren miskandi, edo berorrek dioen erara erraiteko morroe izan nintzenean, ezagun dituenak biak, ilbetekal bi dukat irabazten nuen, eta apairua edo otordua ere bai; berorrekin, aitzitik, ez dakit zer irabaziko dudan, zaldun ibiltari baten ezkutariak nekazari baten mutilak baino lan gehiago duela badakit; laburzki erraiteko, nekazarien mutilok, eguzkitik eguzkira lan asko eginik ere, gaizki gertatu arren, arratsean eltzetik auhaldu ohi dugu, eta gero ohatzean lo egin ere bai, berorren gibelean nabilenez geroztik ezagutu ez dudan ohean. On Diego Mirandakoren etxean egon ginen epe laburrean izan ezik, eta Kamatxoren eltzeetatik eskuratu bitsaren gozoa gora-behera, eta Basiliorenean jan, edan eta lo egin nuena alde bat utzita, bertze guztian lur gogorrean egin izan dut lo, oskarbi eta zohardi zabalean, ekaizpeetan, gazna zati batzuk ogi apurrekin elikagai, ura edari bakarra, dela lats edo xirripakoa dela iturrikoa, ibili ohi garen basabazterrotan zehar non edo non aurkitua.
Aitor diat – On Kixotek – dioan hori guztia, Santxo, egia dela. Zeinbat eman behar diat, hire eritziz, Tome Carrascok emaiten zian baino gehiago?
Nire iritziz – Santxok – iloro bi erreal gehiago gehituko balit berorrek ongi ordaindua nengoke. Hau nire lan-sariaz den bezainbatean; bestalde, uharte bateko "jaurlaritza" emanen zidala zin egin zidan eta hitza zor didanez gero, beste sei erreal berratuko balit ez litzateke gaitz izanen, guztira, beraz, hogeita hamar.
Ongi zagok hori – berriro On Kixotek – ; eta heuk ezarritako lan-sariaren arauera, hogeita bost egun dituk gure herrirean irten genuela: zeinbatu egik, Santxo, egunkal hainbeste, ea zeinbat zor diadan, eta ordaindu egik, lehenago erran bezala, heure eskuz.
Oi ene gorputza! Zeinbaketa horretan xoil oker dago berori, zeren uhartekoaz den bezainbatean, hitz eman zidan egunetik gaur den egunera bitarte zeinbatu behar baita.
Ba, noizdanik duk, Santxo, agindu niana?
Oker ez banago – erantzun zion Santxok – hogei bat urte bai, hirur egun goiti-beheti.
On Kixotek, hau entzunik, bere bekokiari zaplada bat eman zion eta barre-algaraka hasi zen, esanez:
Gure irtenaldi osoan, Sierra Morenan ibili nintzela bi il doi-doi baino ez duk eta uhartea agindu nianetik hogei urte direla diok, Santxo? Nire dirua, hik dadukaana, hire lan-sarietan xahutu nahi duala diraustat nik, irion nahi duala, deuseztu; eta hau honela bada, eta honela nahi baduk, hementxe emanen diat, eta on dagiala; horren ezkutari txarrik bage egoitearen truke, nahiago nik txiro eta tturrin geratu, "simon" egon. Erraidak, arren, zalduntza ibiltariko ezkutarien lege-hausle horrek, non ikusi duk hik, edo irakurri, inongo zaldun ibiltariren ezein ezkutarik bere jaunari "berorren zerbitzari naizenez ilbetekal honenbeste eman behar dit" erran diola? Sartu, bada, sartu, galuts, doilor, alpergorotz, mamu hori, dena zirudik eta, sar hadi, dioat, haien kondairetan barrena, "mare magnum" haietan barrena, eta hik erran duana inoiz erraniko ezkutaririk, holakorik otu zitzaionik ere aurkituz gero, bekokian, kopeta honetan josita ipinteko aginduko diat, eta bide batez, gainera, nire bizarretik lauzpabost tenkada egin dezaala utziko diat. Hoa, itzul hadi, eurt eragiok astoari eta etxera hadi atzera; nirekin ez duk honik aitzina urrats bakar bat ere eginen, areanik ez. Oi txarto egosiriko opil hori! Oi oker emaniko hitzak! Oi gizaki baino areago piztia den gizona! Orain, hire emaztea gora-behera, orok "jauntzat" hartuko hinduketen heinean eta mailan ezarri nahi haudanean, agur egiten didak? Orain, lurbirako uharterik onenaren jaun eta jabe heu jarteko asmo sendo-eraginkorra dudanean alde egiten didak? Ai ene, hik herorrek askotan erran bezala, eztia ez duk...eta abar. Asto haiz, eta asto haiz izanen, eta bizitza amaitutakoan asto izanen haiz; nago, arinago amaituko zaiala bizialdia hi piztia hutsa haizela ohartzen haizen baino.
Santxo begiz begi zegokion On Kixoteri so, belzkeria horiek, erpil horiek, iroi horiek esaten zizkion bitartean, eta halako moldez atsebagetu zen, ezen, malkoak begietara jin zitzaizkiola, eta ahots minberaz, honela mintzatu zen:
Ene jauna, aitor dut, bai, asto izaiteko buztana besterik ez dudala behar; berorrek buztandundu nahi banau nik ontzat emanen dut, eta asto legez izanen natzaio mutil, bizialdi honetan emankidin ditudan egun guztietan. Barka biezat berorrek, nire motzean har beza damu, jakin ere badaki ni jakite gutikoa naizena, eta badaki, halaber, asko mintzatzen banaiz gaiztotik ez baina gaitzetik datorkidan eritasuna dudala hori; baina makurraz gero zuzentzen dena Jainkoari itzal eske zaio.
Harrituko zitzaidaan niri, Santxo, hire mintzaldian esaera zahar edo atsotitzen bat nahasi ez bahu. Dena dela, nik barkatzen diat, zuzentzen bahaiz eta ekiz hire buruaren zuduari horren lotua agertzen ez bahaiz; alderantziz, hire bihotza zabaldu behar duk, eraiki behar duk, nik eman hitzak beteko ditudalakoan, berandu badadi ere ezinezkorik ez.
Hala eginen zuela erantzun zion Santxok, bere ahuletik indarra hartuko zuela eta.
Honetara, bada, lertxundiratu ziren, eta On Kixote zumar baten oinetan jarri zen, Santxo pago batenetan (zuhaitzok eta beste antzeko batzuek oinak dituzte, ez eskurik). Gau txarra eman zuen Santxok, minaren minez, izarpean makilkadak sumatzenago baitira. On Kixote bere gomutak erabiltzen ari zen, baina, hondarrean, honela ere, Maria Bekaineko astunduz joan zitzaien, loak hartu zituen. Goiztirian, argia hastean, bideratu ziren, berriro, Ebro ibai izen handikoaren hotsean, ttok-ttok-ttok, eta hurrengo atalean jaulkiko dena gertatu zitzaien.