Oi antipoden aurkitzaile betierekoa, lurbiraren aizkora, ortziaren begia, zahagien irabio leuna, Tinbrio hemen Febo han, inar iraizlea harago, sendagilea honago, Olertiaren aita, musikaren asmatzailea, zu beti sortzen zarena eta inoiz ere sartzen ez zarena, bestela dirudien arren! Zuri diotzut, oi eguzki, zure laguntzaz gizakiak gizakia sorrarazten baitu!, zuri diotzut lagun diezadazun, nire adimenaren iluna argi dezazun, Santxo Pantza handiaren jaurlaritzari buruzko jaulkipenean zehatz-zehatz ihardun ahal dezadan: zu bagerik, ni txepel naiz, nahasi naiz, kankin naiz.
Badiot, beraz, Santxo, bere lagunekin bat, hamarrehun auzokide inguru bizi zen herri batera heldu zela, Dukeak zituen onenetako bat zena. Barataria uhartea zeritzola jakinarazi zioten, edo lekuak Baratario izena zuelako, edo jaurlaritzaz jabetzeko oso "barato" merkea lakatu ziotelako (eskualde haretan barato esaten ei diote gure alderdian berera eta beste leku batzuetan lakondo esaten diogunari). Herriko atartera iritsia, bildua eta hesitua zen herria, bertako gudari-saldoa harrera egitera jalgi zitzaion; ezkilak jo zituzten eta auzoko guztiak pozez gainezka zegozela agertu ziren; eliza nagusira arrandiro eroan zuten, Jainkoari eskerrak emaite aldera; gero, txirrimarra barregarri batzuk egiteaz batera herriko giltzak eman zizkioten, eta Barataria uharteko jaurlari betikotzat onartu zuten. Jaurlari berriaren janzkera, bizarra, loditasuna, eta txikitasuna (potzolo piporra zela jakina da) hango lagun haien harrigarri ziren, ipuinaren korapiloaz deusik ez zekitenei batez ere, eta zerbait zekiten ugariei ere bai, harritu zitzaizkien. Azkenean, elizatik at, epaitegiko jarlekura eraman zuten eta eserarazi; Dukearen otsein-nagusiak honela esan zion:
Uharte honetako ekandu zaharra da, antzinatekoa, jaurlari jaun, uharte aiputsu honen jabe izaitera datorrenak egingo zaion galdera zail-korapilotsu bati erantzutea; beronen haritik, herriak bere jaurlari berriaren adimena neurtzen daki, eta honela haren etorreraz alaitu doa ala ilundu doa.
Otseina mintzatzen ari zitzaion bitartean, Santxo aurreari begira zegoen, jarlekuaren aurreko horman idatzita zegozen hizki handi batzuei begira; irakurten ez zekielako, galde egin zuen ea zer ziren horma haretako margoak. Honela erantzun zioten:
Jauna, han berori uharte honen jaun eta jabe egin den eguna idatzita dago, eta zera dio hormahitzak: "gaur den egunean, harako urteko harako ilaren harako egunean, uharte honen jabegoa On Santxo Pantza jaunak hartu zuen, anitz urtez".
Nori diote On Santxo Pantza? – galdetu zuen Santxok.
Berorri – erantzun zion otseinburuak; uharte honetan ez da egundaino sartu aulki horretan eserita dagoen Pantzaz besterik.
Adizu, bada, anaia – Santxok berriro – nik ez dut On-ik; nire ahaiko edo askazigoan ez da egon behin ere holakorik: Santxo Pantza darizte huts-hutsean, Santxo nire aitari, Santxo nire aitatxiri, eta oro Pantza ziren, ez on ez hun; nago, bai, uharte honetan harriak baino On-ak ihaurriago direla; baina aski da: Jainkoak ulertzen dit, eta nire jaurraldiak lau egun baino gehiago iraunez gero, baliteke, nik on horiek guztiak jorratzea, izan ere, hain ugariak izanik eltxoak bezain gogaikarriak al dira, eiki. Zoaz aurrera zure galdera horrekin, otseinburu jaun; ahalik hobekien erantzungo dut, herria alaitu ala goibeldu arren.
Une honetan epaitegira bi gizon sartu zen, bata nekazari janzkerarekin, bestea jostunenarekin, eskuan artaziak, eta azken honek esan zuen:
Jaurlari jaun, ni eta gizon lugin hau berorren aurrera gatoz, zeragaitik, hau gizon zintzo hau atzo nire saltokira edo "dendara" etorri zalako -neu, parkatu dagiela hemekook, jostuna naz, izan, eta ikasitakoa, Jaungoikoa izan daitela bedeinkatua-, eta nire eskuetan zapi zati bat ipinita, itaundu eustan: "Jauna, zapi honegaz txano bat egiteko lain ba ete dago?" Neuk, zapia eskuetan erabiliaz, baietz erantzun neutson; berak uste izango euan, antza, nik uste, eta ondo uste dodala uste dot, nik zapiaren zati bat ostu gura neutsola edo; bera berez gaiztoa eta jostunak gaiztotzat hartutakoak izan izaiten garealako; bi egiteko lain ete egoan begiratzeko esan eustan; igarri neutson igarri neuk buruan erabillana, eta baietz; berak, lehenengo asmo txarrari txano gehiago eta gehiago gehitu, nik, ostera, baietz eta baietz; bost txanora heldu ginan, eta orain eske dator; neu emon deutsodaz, eta berak neuri ordaindu gura ez; edo zapia barriro atzera emaiteko edo dirua emon dagiodala dinost.
Horrela ote da, anaia? – galde egin zion Santxok.
Bai, jauna – nekazariak erantzun – : baina eginiko bost txanoak erakusteko agin biezaio berorrek.
Bai, gogo onez – jostunak.
Jipoi barrutik eskua beterik aterata, zabaldu eta bost txano erakutsi zuen, eskuko bost atzetan ipinirik, eta esan zuen:
Hona hemen bost txanoak gizon zintzo hau eskatu legez, Jaugoikoaren izenean eta nire izen onaren izenan zin dagit, bai, zapitik ezer bere ez dodala hartu neuretzat, eta neure ogibidedun edozein ikuslarik ikusi dagian erakusgarri ipiniko dot hau neure lan hau.
Han zegozen guztiak barrezka hasi ziren, hainbat txano ikusirik, eta auzi berri haretaz. Santxok gogora, eta gogoetan jarri ondorean, ebatzi zuen:
Auzi honetan, nire eritziz, ez da zertan luzatu, gizonezko zuhurraren zentzuaz erabaki baizik; honelatan, bada, "sententzia" emango dut, eta hauxe: jostunak bere egin-saria galdu behar du, eta nekazariak zapia; txanoak espetxeko presoei eraman, eta kito.
Aurrekoan abeltzainaren zorroaren ebazpena, hango guztien harrigarri izan bazen, honako honek barregura eman zien; baina, azkenean, jaurlariak agindu bezala egin zen. Gero, bi agure agertu zitzaion; batak makila laso kainabera antzeko bat zekarren, eta makilbageko besteak esan zuen:
Jauna, gizon zintzo honi duela zeinbait egun urre-urrezko hamar "ezkutu" eman nion ordainez edo abantzuan, atsegin egitearren eta egite on bat egite aldera, ni eskatutakoan itzuliko zidan baldintzapean; anitz egun joan zen eskatu bage, nik ez bainuen behar-hertsian ezarri nahi, ez niri galdatu zidanean baino hertsiagoan, bederen; geroenean, ordea, ordaintzen ez zidala eta berantetsirik, behin eta behin , anitzetan galdatu izan diot; eta itzuli ez eta ukatu ere egiten dit, inoiz eman ez diodana erraiten alegia; eta noizbait eman banion, dagonekoz itzulia badidala. Nik ez emaitearen ez itzultzearen lekukorik ez dut, itzuli ez didalakoz; orai berorrek zin eragitea nahi nuke, eta itzuli didala zin egin baleza nik barka niezaioke, gaurgero asketsiko nuke Jainkoaren aitzinean.
Zer diozu honetaz, makildun agure zintzo horrek? – Santxok.
Agureak honela:
Nik, jauna, eman zidala aitor dut, eta beheti beza berorrek zigor hori; nire zin-hitza aski badu harek, zin eginen dut, zinez itzuli eta ordaindu diodala.
Jaurlariak zigorra beheratu zuen, eta orduan, makildun agureak bere makila besteari eman zion, zin egiten zueino euts ziezaion, eskuan zoztorrik ez edukitzearren; makileko gurutzean eskua ipini zuen eta egia zela esan zuen, eskatu hamar ezkutu haiek eman zizkiola; baina berak berriz ere bihurtuak zizkiola eskutik eskura; ahantzia edo zelako atzera galdatzen zizkiola, noiztenka. Hau honela, jaurlari handiak emaileari ea zer erantzun behar zion, eta honek, berriz, egia behar zuela zordunak zioena, zeren, kristau ontzat eta gizon egiatitzat baitzedukan; beharbada, berari ahaztu edo izanen zitzaion noiz eta nola itzuli zizkion; eta, honetaz, aurrerantzean ez zitzaiola harzara eskarituko. Zordun ustekoak bere kainabera hartu zuen berriro, burua makurtu, eta auzitegitik irten zuen; Ikusi zuen Santxok, bestea besterik bage alde, emaile-eskatzaile haren egonarria ere ikusi zuen, burua paparrean ipini eta apur baten gogoetatsu egon zen, eskuineko "zuku-atza" sudur gainean bekainen artean emana; gero, burua jaso zuen eta makildun agureari deitzeko agindu, ordurako alde egina zena. Ekarri zuten atzera, eta Santxok ikustean esan zion:
Emaidazu, gizon on, makil hori, behar dut eta.
Bai, gogo onez – erantzun zaharrak – hona hemen, jauna.
Eskura eman, Santxok hartu, eta beste agureari eskuratu zion, esateaz bat:
Zoaz Jainkoarekin, ordaindu zaizu eta.
Ni, jauna? – harri-xamartua galdetu gizon zaharrak – Zer, bada, kainabera honek urrezko hamar ezkutu balio ote du ala?
Bai – erran zuen jaurlariak – ; bestenaz, ni munduko ergelena naiz, artopil hutsa. Ikusiko duzu orain berean neronek erresuma oso bat jaurri ahal izaiteko hartze edo adiur ona dudala, kasko ona, honatx.
Hantxe, ororen aitzinean, kainabera brintza eta irekitzeko agindu zuen. Egin egin zuten, eta barruan urrezko hamar ezkutuak agertu. Ziren zirenak harri eta zur gelditu ziren, eta euren jaurlaria Salomon berritzat hartu zuten. Nola igarri ote zuen, kainabera haren barruan urrezko hamar ezkutuak ezkuturik zeduzkana, galdetu zioten eta, zera azaldu zien: zin egitean agure hak besteari makila eman eta zinez, benetan, emanak zizkiola zin egin ondorean berriro makila galdatu ziola ikusteaz bat eskaturiko ezkutuak makilaren barruan egon zitezkeena otu zitzaiolako. Honen ondorioz, burutan hartu behar da, ezen, jaurlariak, kokoloak izan arren, agian Jaungoikoak zuzen-bideratuak izan daitezkeela, egin beharreko epaietan; gertaera haren antzeko beste zer bat noizbait bere herriko apaizari entzuna ziola esan zien, eta bera oroimen handiko gizona izanki, uharte osoan haren oroimen ona zuenik ez zela, beti gogoratu nahi zuen guztia burura ekartzen bazekiela adiarazi zien. Azkenean, lotsapeturiko gizon zaharra eta ordaindua izan zena handik joan ziren, eta geratu zirenak harriturik geratu ziren. Santxoren hitzak, egierak, joan-etorriak eta zer guztiak zertu behar zituen zertzaileak, aldiz, ez zekien zentzuge ala zentzuduntzat eman behar ote zuen.
Aurreko auzia bukaturik, emakumezko bat sartu zen, oihuka, gizon abeltzain aberats janzkerako bati gogorki loturik, zioena:
Zuzentza, jauna, justizia, jaurlari jaun, hemen lurraren gainean kausitu ezean zerura bila joanen naiz! Ene arimako jaurlari jaun, gizon tzar honek, honek gaizto honek, landa hutsean harrapatu nau, hor, eta nire soinaz eta gorputzaz zatar zikin bat balitz bezala nahi izan duena egin du, ai ondikozko ni! nik hogeita hiru urtean altxatua eta ongi altxatua nuena, gorde-gordea nuena ekendu dit, mairu nahiz giristino, hemengo ala hango, bai bertako bai lekoreko guziei aitzi eginez, artelatza baino gogorrago, gotorrago ni, kamutxa sutan bezala beti oso-osorik, artilea laharpean bezala, babestu nik neronena, eta hondarrean iritsi da gizon hau bere esku xahuez ukika-ukika eskukatzera.
Hori ere garbitzeko dago: ea eskuak xahu ote dituenez – Santxok.
Gizonezkoari buruz beha jarri zen, eta emakumeak zioenaz zer zioen galdetu zion. Erabat nahasia, honela erantzun zuen:
Jaunok, ni txerri-hazle txiro bat baizik ez naiz, eta goizeon, lau urde, barka hitza, saltzetik nire herrira bidean joan naiz hemendik, eta egia esateko haien balioa gutti gora-behera zerga eta amarruetan joan zait; herrira bidean, beraz, eta bide erdi hau etxeko andere hau, eta honekin bat deabrua, dena nahaspildu dena egosi egiten duena bera; eta elkarrekin joka jarrarazi gaitu, jokatzen esan nahi dut; nahikoa ordaindu diot, eta harek, nahikoa eritzi ez eta, niri heldu dit, eutsi eta lotu, honaino ekarri nauen arte jaregin ez duela. Behartu dudala dio, eta gezurra dio, eta zin dagit edo dagiket; hauxe egia biribila dela , apurrik ere utzi bagerik.
Jaurlariak ea zilarrezko dirurik ote zekarren galdetu zion; harek golkoan, larruzko zisku batean hogei bat dukat zedukala jakinarazi zion. Ateratzeko eta, zegoen zegoenean, auzi-ezarleari emaiteko agindu zion; ikaran baina egin egin zuen; emakumeak hartu ere bai, eta gelatik alde egin zuen, mila kilimusi eginez, hango guztiei, eta Jainkoari otoika jaurlari jaunaren bizitza eta osasunaren alde, zurtz eta neskatxen ona hala begiratzen baitzekien. Ziskua esku biez eutsita zeraman, ez aurretiaz txanponak zilarrezkoak ote ziren barruari behatzeke. Handik irten eta berehala, Santxok abeltzainari, ordurako negarretatik malkoak zerizkionari, eta begiak bihotzarekin bere ziskuaren atzetik joaiten zitzaizkionari honela esan zion:
Gizon on, zoaz emakume haren gibeletik, ken iezaiozu txiska, nahi eta nahi ez, eta itzul zaitez hona harekin.
Ez zion esan, ez, kokolo edo gor bati; ziskuaren atzean eta hotsean xixtu bixian jo zuen, agindutakoa betetzeko aiherrez. Entzule zegozen guztiak erne, auzi haren amaiaren aiduru; handik guttira, han agertu ziren, atzera, gizon-emakumeak lehen baino are gogorrago elkarri lotuak, atxekiak, no gona-azpikoa jasorik eta ziskua altzoan ipinirik , to hari kendu nahiaz ahaleginka; ezin zuen, horrela ere, emakumezkoak, oihuka, ziskua mutiriki jagoiten ziharduelako, eta zioen:
Justizia Jainkoaren eta munduaren! Begira berorrek, jaurlari jaunak, bihozkabe honen lotsa guttia eta herabe guttia, herri-herrian, karrikan berean "moltsa" ekendu nahi ukan baitit, berorrek emaiteko agindu duen txiska hau berau.
Eta, kendu dizua? – galde eginez jaurlaria.
Nola ekendu? – emaztekiak erantzun – Lehenago utziko nioke bizia ekentzea "moltsa" baino. Edderra da, bada, gero, nexkaño hau! Bertze gaturik behar luke nire bizarrean, honakoxe zikin ondikozko honen ordez! Ene aztaparretatik ekentzeko ez ditu aski honek matxarrak eta murtixak, ez mailuak ez gabiak, lehoien aztaparrak behar lituzke eta ez aski: lehenago ene haragien erdi-erditik arima!
Zuzen dago – gizonezkoak esan zuen; nik ez dut indarrik eta amore damat, nire indarra ez da nahikoa kentzeko, eta utz dezagun hor, erauki!
Orduan jaurlariak emakumeari:
Erakutsi txiska hori, esku garbiz eta adoretsuki.
Eman zion eta jaurlariak gizonari; eta bortxatua ez baina "bortitza" zen emakumeari esan:
Ene arreba, txiska zaintzeko erakutsi dituzun indarra eta gemena, eta erdia ere, zeure soina edo gorputza estalpetzeko erakutsi izan bezenitu, Herkulesen indar guztiak zure behartzeko nahikoak izango ez ziratekeen. Zoaz Jainkoarekin, alajaina, eta ez zaitez geldi uharte honetan, ez sei legoa inguruan ere, bestela, berrehun zigorkada jaso beharko dituzu. Zoaz, gero, lotsabage, zirtzil, eletsu, gezurrontzi hori!
Izutu zen emakumea, burua makurtu zuen, ahalgeturik biziki, eta jaurlariak gizonari:
Gizon on, zoaz zure herrira zerorren diruarekin, Jaungoikoa lagun, eta gaurgoiti, galdu nahi ez baduzu, ez utz burutara sar inorekin jokatzeko gogoari.
Gizonak, eskerrak eman zizkion, jakin zekien erarik txarrenean, eta alde egin zuen, eta inguruko guztiak berriro harri eta zur geratu ziren jaurlari berriaren epai eta ebazpenez. Hau guzti hau, ikusi eta gero Dukeari jakinarazi zion berri-emaileak, hango berrien begira, irrikitan, baitzegon.
Santxo hantxe zeino, bere nagusia Altisidoraren soinuaz zeharo nahasia zen eta, bata han utzita, goazen, arinik, besteagana.