Edaskai honen bostgarren atal hau idaztera heldu zenean, itzultzaileak gezurrezkotzat edo hartua duela dio, apokrifo hitz itsusia darabil aizuna adiarazi nahiz, zeren Santxo Pantzak honetan bereaz bestelako erara hitz egiten baitu, inola era bere adimen kamutsari ezin dagokiokeen moldez, eta honek jakitea ezinezkotzat dituen esaera gurbil, argi, mehe batzuk erabilten baititu; baina, honela ere, bere eginkidina bete nahi eta itzultzeke utzi nahi izan ez zuen, eta honela itzultzen aurrera jo zuela, dio:
Santxo poza eta pozkida zeriola etorri zen etxera, bere andereak urrundik antzeman zion eran eta hain pagu-pagu ikusirik berehala galdezka hasi zitzaion:
Zer dakark, Santxo lagun, horren botzik eta alai jitekotz?
Honela erantzun zion:
Ene emazte, Jainkoak nahi balu, ageri-agerian nagoen bezain botz ez banintz, botzikago nengokenan, horra.
Ene bada, gizon, ez diat ontsa ulertzen – harek berriz ere – , ez zakiat zer erran nahi duan horrezaz, zeraz, botzikago hengokeela, Jainkoak nahi balu, botzik ez egoiteaz; zozo edo toldoa ni, baina, ez zakiat botzik ez izaitez zein botz litekeen
Begira, Teresa – erantzun zion Santxok – ; On Kixote nire nagusi jauna, hirugarren aldiz jazoera bila edo arrisku "xerka" joaiteko xedetan zabilan eta haren mirabe izaiteko erabakia dudala-eta alai natorran; hara, ni haren zerbitzura noan, zerengatik eta, bizi-beharrak horixe agintzen didalako, badakin: "beharrak zaharra merkatura", eta, bidenabar, bertze ehun ezkutu, lehen xahuturiko haien antzeko, aurkitzeko "esperantxak" ere ba, alaigarrizko igurikipena alegia; nahiz eta hiregandik alde eta seme-alaben utzi beharrak atsebagetua izan. Jainkoak nahi baliezat, etxen eta oinik busti bage, jaten eman, bide zidorretan gaindi, indaz inda, ibilaraz ez banindeza, zeina nahi hutsez eta neke guttiz egin ahal baitu, argi zagon nire botza hagitzez handiagoa litekeela, zinezkoagoa anitzez, zeren, nire atsegin hau hi utzi beharraren atsebageaz nahasia baitut; honatx, bada, zerengatik erran dudan botzik ez egoiteaz boztuko nintzatekeela, Jainkoak nahi baleza.
Begira, Santxo: zaldun ibiltariren lagun egin hintzenez geroztik holako moldez mintzatzen haiz, ezen, ez dela nehor ulertzen dianik, biziki nahasia duk hire mintzaira.
Aski dun Jainkoak ulertzea, emazte – iharduki zion Santxok – , gai guzien ulertzaile Bera dun eta, bego hau heben honelaxe; eta ohar hadi, arrebatto, hiru egunotan astoaren axola edo arta handixeagoa behar dunala, iskiluak hartzeko gerturik egon dadin: lehen halako bi emaion astalea, edo hobe zaldarea, bil itzan txalma eta gainerako tresna guziak; ez goazan, ez, gero, ezteietara, lurbira osoan zehar bazterrez bater baizen, erraldoiekin, herensuge eta piztitzarrekin hartu eta emaitera goazan, eta xixtu, orro, marruma, maurre eta uluen entzutera goazan, hau guzi hau belarxut-lilia liteken, ttutta beraz, yanguastarrekin edo mairu sorginduren batzuekin, bekoz beko eginki, zerikusirik ukan behar ez bagenu.
Biziki sinetsia nagok ni, ene senar, ezkutari ibiltariek ez dutela bere opila kitorik jaten, eta, hontakoz, heben geratuko nauk Gure Jaunari otoizka, horrenbertzeko zorigaitzetarik lehen bai lehen jalgiaraz hazan.
Badionat, emazte, eta harzara erranen dinat, ezen, luzaz baino lehen neronen burua uharte bateko jaurlari ikusteko usterik ez banu, heben berean hilotz izan nadila.
Holakorik ez, ene gizon – esan zion Teresak – : bizi dadila oiloa, pipia badu ere: bizi hadi, bai, eta tusuriak eraman ditzala munduan diren gobernamenduak oro; gobernamendurik gabe jalgi hintzen hire amaren sabeletik, eta hori gabe ere bizi izan haiz orai artino, eta "jaurlaritzarik bage" joanen haiz, bai, edo eramanen haitek, hilobira, Jainkoari nahi dakionean.Anitz halako zagok munduan, gobernamendurik gabe bizi dena, eta ez duk honegatik bizi gaberik bizi, eta bizilagunen artean bizi duk. Gosea bera jaki, bai, munduan den saltsarik onena gosea duk, hots, eta hauxe gabe ez egonki, behartsuek beti aho-gozoka jaten ditek. Alabaina, Santxo, adizak: balinba hire esku gobernamenduren bat ukanen bahu, ez, gero, hire seme-alabak ez ni gogotik gal. Euk buruan hire seme Santxikok hamabortz urte beteak dituela, eskolarako garaia badik, bere osaba apezak Elizarako egin nahi badu, bederen. Begira, hire alaba Marisantxa ere, ezkontzen badugu ez duk hilen; izan ere, badiat goganbehar amiñi bat, hik hire gobernamendurako duan tirria harek senar hartzekoa duela; eta, hondarrean, alaba, ezkontza gaixto bat baledi ere, ezkondua hobe, sasi-emazte baino.
Alafede – ihardetsi zion Santxok – Jainkoak gobernamendu zerttoren emanez gero, hara emaztetto, Marisantxari goren mailako ezkontza bat emanen zionat, gorena, bai, ez baitzaio nehor iganen "andere" erranez izan ezik.
Holakorik ez, Santxo; ezkon ezak bere mailako batekilan, xuxenena hori duk eta, badakik atsotitza: nor-nahi bere idearekin; erran gabe zoak, ezen, eskalapoinetatik txapinetara, eta oihal zakar merkezko gonatik zetazko soineko harro mehe batzuetara iraganarazten baduk, eta nokako "Maritto" berorikako "andere" deitzera aldatuz gero, neskak ez dik deus onik eginen, urratsez urrats makurki ebiliren duk, oiherki; bere oihal xatarraren irukia agertuz, erran nahi baitut ziminoa zetaz jauntzirik ere zimino.
Hago ixilik, tuntun hori – esan zion Santxok – ; bizpahiru urtean halakatua, eta hortxe, andere eta handikitasuna bere neurri-neurrira etorriko zaion; eta honela ez balitz, zer axola zaio? Izan bedi "andere", eta datorrela datorrena.
Egon, Santxo, hire heinean – Teresak berriz ere – ez hadi goiti eta goiti igan nahian has, har ezak gogoan harako atsotitz hura: Auzokoaren umeari ikuz iezazkiok sudur-zuloak, eta sar ezak hire etxera. Edderra izanen lukek, agian, gure Maria kondetzar edo aitonseme horietarik batekin ezkontaraztea, bai alajinko!, gogoak emaiten dionean, landerkume, mokor-joile baten eta irule txar baten alaba izaitetik berriztaturen dik, goiti-beheti bertzelakatuko dik! Ez ni bizi naizeino, senar! Horretarakoxe hazi diat nik neronen alaba, bai horretarakoxe aladzipo! Ekar itzak hik sosak, Santxo, eta ezkontzeko hori utz ezak nire gain; hortxe zagok Lope Totxo, Juan Totxoren semea, mutil galant eta azkarra, ezaguna diagu, eta bazakiat, antzemanik nagok, ez diola begi gaixtoz begiratzen gure neskari; honekilan, beraz, gure maila berekoa izanki, ontsa ezkondua egonen duk, eta beti ikusterrean ukanen diagu, eta oro bat izanen gaituk, buratso seme-alabekin, bilobak eta suhiak, eta gure artean Jainkoaren bakearekin bedeinkazioa izanen diagu; ez, aitzitik, hor nonbait, hik orai horko gorte edo jauregietan ezkondua, zeinetan bera zer-nola ez jakinik eta bertzeak ere berari entelegatu ezinik izanen baitira.
Haugi hona, Barrabasen emazteki piztitzar hori, hator oraintxe – Santxok berriro – ; zer dela eta nahi didan hik orai, ez bat ez bi, galarazi edo eragotzi nire alaba "jaun" izeneko bilobak emanen dizkidan batekin ezkontzea? Adizan, Teresa: nire zaharrei entzun ohi zienat zorion-aukera etorri eta eskuratzen ez duenak, joan eta arrangurarik zertan egin ez duela. Orai gurean ate joka dugun honetan, ez huke batere on ateak herstea: haizea gure alde zabilan, alde onetik zatorkigun, eta egoki gakizkion aldera.
Honelako mintzaera honegatik eta ondorean Santxok dioenagatik, kondaira-itzultzaileak atal hau ezezagunen batek edo idatzia zela, jaulkia zela esan zuen. Hizkera benetan nahasia zerabilen, Santxo honek, baina hainbat joan-jinetan ibilitakoa zela eta harritzekoa ere ez zen, bere anderea bera ere nahasarazi zuen, murduskarazi eta azkenean asaldarazi.
Enne, ez al daritzon ongi, abere horrek – aitzina mintzo Santxo – nire neure hau jaurlaritza batean jarriz zerbait onura erdiesteari, oinok lokatzetik, behingoz, lohitatik ateratze aldera? Ezkon dadila Marisantxa nik nahi dudanarekin, eta ikusiko dun nola heuri ere "Teresa Pantza anderea" erranen dinaten, eta elizan jarleku zetazko oihalez apaindurikoetan eseriko haiz, belaunpeko gosnatu gurietan belaunikatuko, herriko aitonalaben bekaizgarri izanen haizela, handiki-andereen hiragarri. Ez, bada, egon hor, hago, beti bat, beti maila berean, ez hazi ez irabazi, horma bateko irudi dirudinala! Eta kito, ez dezagun honetaz hitz gehiagorik egin; Santxika konde-anderea izanen dun, nahiz eta hi are eta areago mintzatu.
Hik ba al dakik zer dioan, senar? Hala eta guziz ere, nire alabaren kondego horrek galduko ote duen beldur nauk. Egik nahi duana, duke-andere edo printzesa eginik ere, nire gogoz, nahikariz edo baimenez ez duk izanen eta, badioat. Berdintasuna maite ukan diat beti, ez diat, hontaz, funtsik gabeko kidetasunik nahi, ez nauk huhu handiko emazteki izan nehoiz.Teresa eman zidatean izen bataoian, izen biribil eta llaburra, ez gutti ez gehi, ez "done" ez "dona", ez andere ez jaun. Zaborra zian izena nire aitak, niri honegatik Teresa Zaborra erran behar zidaaten, hala ere -non den errege eta hantxe lege- hire emaztekia naizelakotz Teresa Pantza deitzen zidatek; eta ni botzik izen honekilan, gainean neholako On ezarri gaberik, astuna izanik, eiki, nik ezin eraman baitezaket horrenbertzeko zama, eta ez diat hizpiderik eman nahi, zer erraitekorik, konde edo gobernuzale-karaz jauntzirik ebiltean ikus nazatenak erraiten has daitezen: "Beha hor, zein harro doan marizikina! Atzo liho-xorroina garban luzatu eta luzatu ari zen, eta mezatara kottaz edo zaiaz burua estalia zihoan, ttauka edo motxoteren ordez, eta egun, aldiz, kottapeko mardogarria darama, apain-orratzak daramatza, eta harroxko doa, ezagun ez bagenu bezala". Jainkoak nire zazpi, edo bortz, edo ditudan tekuru edo zentzuak oro gordetzen badizkit, ez diat, ez, halakoren baten ni agitzeko aukerarik emanen; hoa, haurride, jaurlari edo uhartezain izaiterat, hoa hire gogotik burgoi; ez ni ez nire alaba ez goazak gure herrixkatik nehorat: emazte zintzoa, zango hautsia eta etxen, hots, emazteki ona sukaltean eta ahal baliteke eltzean; eta non besta han neska. Hoa hire On Kixoterekilan siratsen xerka eta utz gu heben gure asturu gaitzekin; Jainkoak lagun eginen diagu gu onak izanki; eta, bertzenaz, nik ez zakiat nork eman zion hari bere aitak ez aitatxik ukan ez zuten On hori.
Hik, oraitxe zionat – Santxok berriro – hire gorputz horretan morroderen bat dadukan, dela tusuri dela satan. Jainkoarren, emakume, zeinbat zer erran dun, bata bertzearen gibelka, baratxuriak borkan bezala, eta ez bururik ez oinik dutela! Zer ikusirik ba ote dua zaborrak apain-orratzekin, erran zahar edo atsoen hitzak eta harrotasunak nik erran dudanarekin? Hator hona, haugi, txoralda, ezikasia -badinat honela deitzerik, noski, nire asmorik ulertu ezean zorionetik iheska hoa eta- : nire alabari dorre batetik behera bere burua egozteko erranen banio, edo Urraka andere errege-alabak nahi izan zuen eran munduz mundu joaiteko aginduko banio, xuxen eta egoki egonen hintzen hi nire gogoarekin bat ez etortzen; baina, begi herts-ireki baten eta bi zalikadaz, On bat eta andere bat ezartzen badiot soineko, eta ibentzetik jalgiarazten badut, larratzetik atera, eta idulki batean, handikitegian ezartzen badut, eta goiko maila batean artilezko bururdiño artean, Marokoko Almohadas leinukoen mairuek eduki zituzten baino bigungarrizko "almohada" habororekin jarrarazten badut, zerengatik ez dun onetsi eta nahi izan behar hik nik nahi dudana?
Badakik zerengatik, senar? – erantzun zion Teresak – Honako erran zahar honengatik: estaltzen zaituenak agertzen zaitu. Behartsua ikusi eta begiak bertze aldera sarri, aberatsaren ikustean, ordea, geldi soz; eta aberats hau noizbait behartsu izan bazen, han zituan erran beharrak, gaitz erranak beti, "jorratu" beharrak, erasian mihi-gaixtoak beti karriketan holakoak erle-mulko bezainbertze eta hoboro baitira.
Adizan, Teresa, entzun orai erran nahi dinadana, hire bizitzan, eiki, ez dun entzun inoiz eta; ez nauk neure burutik mintzo, errankidin dudan guzia lehengo garizuman herrian prediku egin zuen apez fede-zabaltzailearen erranairuak ditun, eta oker ez banaiz, zera erran zinan: orai berean gure begiek behatzen dituzten zer guziak iraganeko guziak baino askoz hobeki, oldartsuki, agertzen, izaiten eta egoiten direla gure oroitzapenean
Hauek, Santxoren esaera hauek guztiok direla eta, bigarrenez itzultzaileak dio atal hau ez dagozkiola Santxoren adimen gaitasun-mailari, honetaz, atal hau ez dela guztiz egiazkoa, aizuna dela alegia, hizkeran bertan ezagun den bezala. Santxok mintzatzen aurrera joiten du eta honela dio:
Honek erran nahi din nehor txukun jantzia, aberaskiro, "punpezia" handiz doalarik, dotore bere mirabeekin, nahi eta nahi ez begirune edota bekaitz pittin batez begiratzera lerratzen garela, ongi ikustera erakartzen gaituela, nahiz eta oroimenak une honetan halakok halako baten egin doilorkeriaren bat burura ekarri; doilorkeria, alta, ahalgeizuna izan behartsu izan jatorri txarrekoa, iragana denez gero dagoeneko ez dun, eta, beraz, oraialdian dakusaguna bertzerik ez dun. Eta honako hau, hara, bere behartsu izaite txar horretatik ilkiirik -aitak hala zioenan- halabeharrak gorentasunera iganaraziko balu, ongihazi, eskuzabal eta gisatsu izanki, oro-ororekin, eta handiki zahar antzinako aitonsemeekikoan girbinduko ez balitz, hago eskier, Teresa, ez dela nehor horrexen iraganaldian nor ote zen, nolakoa, gogoan dukeenik; gaur den egunean den horri, dena delako delarik, gurka eta gurka jarriko zaizkiola guziak, kilimusiak egin eta egin, bekaiztiak izan ezik noski, berauen begietan ez baita nehoiz aitzina doan nehor ziur eta kordokatzeke.
Ez diat entelegatzen, senar – ihardukiz Teresak – egik nahi duana eta ez nahas ene burua gehiago, hire ele-mele horiez, erretolika horrezaz Eta dioan horri ekitera trenkatua bahaiz...
Trenkatu ez dun erran behar, emazte – Santxok diotso – erabaki edo ebatzi baizik.
Ez hadi hizka-mizka has, senar, nirekilan. Jainkoak nahi bezala mintzo nauk ni, eta ez nauk halako saltsatan sartzekoa; eta, badioat, jaurlaritza edo holako hori edukitzeko lehian bahaiz, eramak hirekin hire semea, Santxo, jaurlari izaiten ikas dezan, engoitik; on duk, bai, semeek aitaren lanbide edo bizibidea ikas eta atxekitzea.
Jaurlaritza esku hartutakoan – Santxok atzera – horrexen bila postaz norbait bidaliko dinat, eta dirua ere bai, urri ez nauk izanen eta, jaurlari batek dirurik ez dadukanean badun nor edo nor maileguz emaiteko prest. Beraz, jauntzi ezak berez zer den itxuraz estaltzeko eran eta nolakoa behar duen ager dezan eran.
Hik igor ezak dirua – Teresak harzara – , neronek jauntziko diat arrullo, piment eta kriket.
Holaxe, bai, bat gatozan – Santxok berriz ere – gure alaba konde-andere izanen delakoan.
Konde ikusten dudan egunean – ihardetsiz berriro Teresa – tunban ehortzirik utzia dudana sartuko zaidak buruan; baina, berriz ere dioat harzara, egik hire gogotik; emaztekiok honelako zama gainean daramagula sortzen gaituk, hots, bere senarraren manuari beti baietz erran beharraren zama, toldo kakol hutsa bada ere.
Honetan, negarrari eman zion, Santxika, gunean, hilik eta ehortzirik ikusi balu bezain zinez. Santxok, poz pixka bat emaitearren, konde egin behar bazuen, ahalik eta beranduen eginen zuela adiarazi zion. Honenbestez, elkarrizketa amaitu zen, eta Santxo On Kixoterengana joan zen, noiz irtengo.