Bazela garaia uste izan zuen On Kixotek gaztelu haretan areanik egin bage egonean egotetik ateratzekoa; huts handia egiten zuela erizten zion halaxe barruan eta nagi antxean, esne mamitan beti, zaldun ibiltari zelako hango jaun-andereok emaiten zizkioten opari ugarietan laxa-laxa bizi izaitez; azkenean halako astialdi goxoaz zeruari berri zehatza eman beharko ziola gogoratu zuen, eta handik alde egiteko baimen eske joan zitzaien Dukeei. Eman, eman zioten, bai; ez, ordea, damu bagerik, beraiengandik aldenduko zela eta tamal handiak hartuak geratuko zirela adiarazita. Orduan, dukemeak Santxo Pantzari beronen andereak igorritako eskutitzak eskuratu zizkion, eta bai honek negar egin ere, eta esan:
Ai, nork uste izanen zuen ene andere Teresa Pantzak bihotzondoan hartu esperantza edo itxaropen hain handiak, nire jaurlaritasunak sortuak, orain, berriz ere, nirekin bat narras edo herrestan joanen direla On Kixote Mantxako nire nagusi jaunaren atzetik eta gibeletik ? Honela eta guziz ere, pozten naiz nire Teresa den bezala agertu izan delako eta Duke andereari ezkurrak bidali edo igorri zizkiolako; bertzenaz, egin izan ez balu, eskergaiztoko agertuko zatekeen eta niri damu. Emai hori, gainera, ezin har liteke goipekeria edo eroskeria balitz bezala, ni jaurlari nintzela eta egina izan zelako, zuzena baita, norbaitek mesederen bat edo ongiren bat jasotzearen ordain, umekeriak izanagatik ere, esker on eta esku zabaleko agertzea. Zin-zinez, ni jaurlaritzara larrugorritan sartu nintzen eta has jalgi naiz, pikarrai jalgi naiz, bipil eta soil; eta barrena lasai erran dezaket, gutti ez dena, hauxe: "Biluz jaio nintzen, biluzik nago, ez gal ez irabaz".
Irteiteko eguna zenean ari zen honelako gogoetan Santxo; eta On Kixote, aurreko gauean Duke jaun-andereei agur eginda, goizean gazteluko larrainean iskiluz jantzirik agertu zen. Gazteluko lagun guztiak lehio-behatoki guztietatik begira zegozkion; Dukeak ere ikustera ateratu ziren. Santxo astoaren gainean zegoen, zorro, horni-zisku eta zuzki edo errekeitu guztiak harturik, poz-pozik, zeren, Dukearen sehiburuak, Trifaldirena egin zuen berak, toxa bete urrezko berrehun dukat eman baitzion, bideko beharrak asetzearren, On Kixotek deusik ez zekiela. Halaxe zegozenean, oro haiei begira, ezordu haretan, esan dugun antzera, Duke anderearen neskatxak eta etxandereak ere bai, haien artetik ahots bat goratu zen eta, hara han, Altisidora xirrilda eta ernaia, minberaturik antxa, honela hasi zen:
Entzun, zaldun gaizto horrek
geldi, jaregin uhalak
ez neka zure abere
beti gaizki gidatua
Begira, sasiko, zeri
egiten diozun ihes
ez suge pozointsu bati
ardiño onari baizen
Iseka egin diozu
mamutzar horrek, inongo
neskarik ederrenari
Dianak bere mendietan
Venusek ber'oihanetan
inoiz ikus ederrenari.
Vireno anker, Eneas iheskor
Barrabas lagun dakizula, konpon hor
Hor daroazuz, eroki
zur'atzapar zikinetan
apaltto bezain maitekor
den xamur honen erraiak
Hiru orraziontzi eta
galtza hauen galarruak
eraman ere dituzu
izter uxter leun hauenak
Milaka hasperen ere
eraman; suzko balira
mila Troia erretzeko
beste liratekeenak
baldin eta mila Troia
kiskalgai egon balegoz
Vireno anker, Eneas iheskor
Barrabas lagun dakizula, konpor hor
Santxo delako horretaz
badiot: ailitez latzak
ber'erraiak, Dultzinea
inoiz onik gert'ez dadin
Zur'erruagatik, gaixo
Dultzunea horrek ordain
dezala ordain, erruge
denak errudunaren truk
Zure borrokaizun ospe
nahi horiek daitezela
oker eta makur bihur
zure antsia ahantzia
Vireno anker, Eneas iheskor
Barrabas lagun dakizula, konpor hor
Sasikotzat agian jo
izango zaitu munduak
Sibiliatik Marchenara
Londrestik Englandera
Musean jokatuz gero
edo briska delakoan
erregeek ihes egin
dagizutela eskutik
Maskurrak mozturik
darizula, bai, odola
haginak erauziz gero
dagozkizula erroak
Vireno anker, Eneas iheskor
Barrabas lagun dakizula, konpon hor
Honela ziharduen Altsisidora mindunak eta On Kixote hari begira beti, eta hitz egin bage, Santxo Pantzari buruz bihurtu zen eta esan zion:
Hire arbasoen belaunaldiengatik, ene Santxo neure, esaidak, egiaz, egia; erradaidak: hik ote daramatzak horrek neskatila maitemindu horrek aipatu hiru orraziontzi eta galtza-galarrurik?
Santxok erantzun:
Hiru orraziontziak bai, badaramatzat; "aguiletak" ez, ez hurrik eman ere.
Bazekien Altisidora ernai, xirrilda eta irtirin xamarra zela baina ez zuen uste hainbesterainokoa zenik eta dukemeari harritu zitzaion haren zer hura; eta iseka haretaz ezer ez zekielako, harriagotu ere zitzaion. Dukeak ziriaren gainean ziri eta honela mintzatu:
Ez zait eder, zaldun jaun, nire gaztelu honetan honen abegi on, amoltsua jaso eta gero, hiru orraziontzi, gutienez, eramaiteko ausarkeria berorrena, nire neskatxaren galarruez gain; bihotz txarraren zantzuak dira horiek, eta berorrek duen izen onari ez dagozkionak. Itzuli galtzen lotzekoak, bestela neronek aupada eginen diot hil arteko borrokan, inongo sorgintzaile gaiztok nire itxura antzalda dezan beldurrik bage, Tosilos nire zalatzain berorrekin borrokan egin zuenari gertatu eragin zioten eran.
Ez dakiola Jaungoikoari nahi – erantzun zion On Kixotek – nik neure ezpata berorren pertsona argidotarraren kaltetan, zeinarengandik honenbeste dohain eta mesede hartu edo jaso izan baititut: orraziontziak itzuliko dizkiot, Santxok berak dituela aitortu du eta; galarru edo aguileta horiek, ostera, ezin itzuli izanen ditut, nik hartu ez ditudalako eta berak ere ez; horrek berorren neskatila horrek zoko-moko ikertu nahi baleza, aurki, idoro litzake. Ni, Duke jauna, egundaino ez naiz izan ohoin, eta nire bizialdi osoan izaiterik ez dut uste, Jaungoikoak bere eskutik helduta naraman bitartean, bederen. Neskatila horrek -berak dioena legez- maitez mindua den aldetik hitz egiten du, eta nik honetaz errurik ez dut; ez diot, beraz, nik hari barkamenik eskatu behar, eta ez berorren bikaintasunari ere; honetaz, niri buruz eritzi hobea har dezan otoi dagiot, eta nire bidean aurrera joaiteko baimena berreman diezadan.
Eman diezaiola Jainko onak – Duke andereak esana – , On Kixote jaunari, beti berorren egitaldi berrien albiste onak jaso ditzagula. Ibili Jainkoarekin bat; ez egon luzaz, zeren, hemen geldi dagoeino, gero eta gero begira dagozen neskatxen bihotz-paparretan sua sutsuago; nire neskameari neronek emanen diot zentzaldi bat on, aurrerantzean, ez begiz ez mintzoz, lotsarik gal ez dezantzat.
Bat besterik ez dut nahi, Oi On Kixote zangarrak entzun diezadan, azkenik – esan zuen Altisidorak berriro – ; zera, barkamen eske natorkio berorri "liga" horiek direla eta, ene Jainkoarren eta ene arimarren, hemen, hementxe, lotuak baititut; astoaren gainean doana bila eta bila hasi denean ohartu naiz.
Ez diot, bada, erran nik? – Santxok – Ederra naiz, bada, ni nerau esku zikina garbitzerakoan! Egin nahi ukan banu nire jaurraldian egiteko aukera esku-eskutan ukanen nukeen.
On Kixotek burua makurtu zuen, Dukeei gur egin zien, inguruko guztiei geroago, eta Rozinanteri uhalez ten egin zion, Santxo atzetik, astoaren gainean, eta laurak gaztelurean aitzina bideratu ziren, Zaldua edo Zaragozarantz.