Landa zabalean, Altisidoraren limurkerietatik aske eta jara eginik zihoanean, bere onaren onean zegoela iruditu zitzaion, zalduntza-arazoei berriro heltzeko zori onean alegia, eta Santxori begira, honela mintzatu zitzaion:
Askatasuna, Santxo, zeruak gizonari emaniko dohainetan ahaldintsuenetako bat duk, harekin alderatu ezin daitezkek lurrak barruan dituen ez itsasoak estaltzen dituen altxorrak: askatasunagatik, ohoreagatik bezala, bizia galbidetan ezar daitekek eta ezarri behar duk; gatibu izaitea, ordea, gizona edo gizakiari gerta lekiokeen gaitzik larriena duk. Zeragatik dioat, Santxo, hau oraingo hau: hik ekusi duk, ongi ekusi ere, zein oparo zein atsegin handiz ibili izan garen utzi berri dugun gazteluan; baina, oturuntza edo orrits jori haietan, elurrezko edarietan, niri beti iruditu izan zaidak, ezen, gosearen mehaka arbinetan zehar nenbilela; zergatik eta nireak bailiran askatasunez gozatu ezin izaiteagatik; jasotako dohainen ordaina, ongi egiteari ongi baino ongiago bihurtu beharra, azken baten, lokarriak dituk, gogoa aske ibil dadin zama handiegia duk. Zorionekoa zeruak ogi apur bat eman eta zeruari ez besteri eskerrak eman behar dizkiona!
Horrela eta guziz ere – ihardetsi zion Santxok – berorrek erran duenaren haritik, ezin utzi ordaindu edo eskertu bage, guketz, Dukearen sehiburuak niri toxa batean eman urrezko berrehun dukatak, hemen berean, bihotzaren ondoan, bizkorgarri eta pizgarri, zertarako edo zertarako damatzadanak; dena ez dugu izanen gaztelu opatsu, beharbada, ondikoz, makilka erabil gaitzaten txiribogaren bat edo bertze aurki dirogu.
Honelako eta horrelako berriketan zihoazen ibiltariak, zaldun-ezkutariak, eta legoa bat baino gehixeago eginda, han, larretto bateko belarraren gainean, kapusaietan eserita, hamabi bat gizon janzkeraz nekazari, bazkaltzen ari zirela begiztatu zuten. Aldamenean, maindire zuri antzeko batzuk zituzten zerbaiten gainean eta estalgarri; batzuk zutunik bestetzuk etzanik, han-hor-hemen ipiniak. Heldu zen On Kixote bazkaltzaile haiengana, agur egin zien, lehenbizi, adeitsuro, eta oihal haien azpietan zer zegoen galde egin zien. Haietako batek erantzun:
Jauna, mihise hauen azpian irudiki batzuk daduzkagu, ozkatuak eta kopustuak, gure herrixkan egiteko ohitura dugun antzerki batean erabiltzekoak; ihatxetu ez daitezen estalirik daramatzagu, eta lepoan' eten ez daitezen.
Atsegin baduzu – On Kixotek – ekusteaz poztuko nintzateke; izan ere, horrenbesteko arduraz garraiatzen diren irudikiak, izan, onak al dira.
Nola ez dira, bada, izango! – beste batek esan zuen – Bestela, zenbat balio duten: berrogeita hamar dukatetik gora ez dagoenik ez dago hor; zuk egia hau ikusi nahi izanez gero, itxadon eta zure begiez ikusiko duzu.
Jaiki zen, jateari utzita, eta aurreneko irudiari estalkia edekitzera joan zen, Jaun Done Jurgirena agertu zen, zaldi baten gainean, oinetan suge bat kiribildua ahoan lantza josia duena, beti margokietan agertu ohi den era izugarrikoa. Irudi osoak urrezko txingar hutsa zirudien, esaten dena bezala. On Kixotek ikusi zuenean esan zuen:
Zaldun hau jainkozko gudarien artean ibiltaririk onenetakoa izan zen; Done Jurgi esaten zioten, gaur den egunean Gorka Deuna esaten dionik ere bada, neska garbien zaintzaile ere izan zen. Ekus dezagun beste bat.
Gizonak estalgetu zuen, eta zaldi baten gainean Jaun Done Martin erakutsi zuen, txiro batekin bere kapusaia banatzen ari zela; On Kixotek ikustean esan zuen:
Zaldun hau ere arriskuzale kristauetakoa izan zuan; ausarta baino arego eskuzabala, ekus dezakeana legez, Santxo, behartsuarekin kapusaia erdi-banatzen ari duk, eta, agidanean, negua behar zian garai haretan, osterantzean, hain errukior eta emankorra zenez gero, erdia bagerik osoa emanen ziokean.
Ez da hori, nik uste – Santxo mintzo – harako erran zaharrari zatxekiola eta nago, hots, eman eta edukitzeko' zentzua behar dela dioenari.
Barre egin zuen On Kixotek eta beste oihal bat irekitzeko eskatu zitzaion, eta, hara, haren azpian Espainietako Patroia zaldizko ageri zen, ezpata odoleztatua, mairuei erasoka eta buruak zanpaka; ikusi eta On Kixotek:
Hau bai dela zalduna, eta Kristoren gudarosteetakoa, Done Jakue Mairuhiltzaile daritzo honi, ludiak ukan zituen eta orain zeruak dituen zaldun-santuetarik zangarrenetako bat.
Gero beste mihise bat estalgetu eta Done Paulo zalditik eroria zen ikusgarri, eta haren sinestuntze garaiko zer guztiak, margo-lanetan ohikoak direnak eta guzti, ageri ziren; hain bizi-bizirik ikusi omen zuenekoa, ezen, Kristok hitz egin eta Paulok erantzun egiten omen baitzion.
Hau – On Kixotek beste behin – bere garaian gure Jaungoiko Jaunaren Elizak ukan zuen etsai, arerio edo izterbegirik handiena izan zen, eta harez geroztik sekula eta betiko ukanen duen aldeztailerik handiena; bizitzan zaldun ibiltari, heriotzako orduan oinezko santu, Jaunaren ardantzan langile maratz, lagunen irakasle zeruetako ikastoletan, bere maisu eta katedratiko Josukristo bera ukan zuena.
Irudiki gehiago ez zegoen eta On Kixotek atzera estaltzeko agindu zion, eta garraiolariei honela esan zien:
Zori ontzat hartu dut, anaiok, ekusi dudana ekusi izana, zeren, santu eta zaldun hauek nik iharduten dudan iharduera berdinean ihardun izan baitzuten, iskilu-iharduera hain zuzen; haien eta nire artean dagoen ezberdintasuna hauxe baizik ez da: haiek santuak izan eta jainkoz borrokatu zirena, eta ni, berriz, bekataria naiz gizakiz borrokatzen naizena. Haiek zerua "konkistatu" zuten, donokia alegia, beraien besoen indarrez, zeruak indarraz min hartzen du eta; nik, ostera, oraindik ez dakit zer menperatzen edo azpiratzen dudan nire nekeen indarrez; alabaina, nire Dultzinea Tobosoko bere neke-minetatik atera baledi eta nire honelabeharra hobetuko baliezat, nire zentzua onduz, orain arteko bide okerretik joan ordez bide zuzenez ibil ninteke.
Jainkoak adi eta bekatua isil dadila – esan zion Santxok.
Hango gizonak On Kixoteren itxuraz zein hizkeraz bakanetsita geratu ziren, zer zioen ere erdizka baino ulertzen ez zutelako. Jatea bukatu zuten, irudikiak lepoan hartu eta, On Kixoteri azken agurraz gero, bideari jarraiki zitzaizkion.
Santxo berriro harri eta zur geratu zen, bere nagusia egundaino ezagutu ez balu bezala, honek zekien guztiaz txunditua; ez munduan gertaerarik, ez historiarik edo istoriorik horrek ezagun eta ikasia ez zuenik ez zela iruditzen zitzaion, azkazaletan zeinbatua edota oroimenean josia oro zuela harek zerrendan ezarria; eta hau erran zion:
Benetan, gure nagusi jauna, egun gertatu zaigun jazoera, arrisku edo "abentura" izan bada, orain arte gure joan-etorraldi honetan gertaturiko guztietarik gozoena, bigunena edo xamurrrena izan dugu: makilkada edota izu-ikararik bage jalgi gara, ez dugu ezpata ukitu, ez dugu lurra jo gure gorputzez edo soinez, ez gara goseak jorik ere geratu. Bedeinkatua izan dadila Jainkoa, nire begiez hau ikustea eman baitit.
Hik egia diok, Santxo, baina ohartu behar duk garai guztiak bat ez direla, halabeharra ez duk beti bat; eta zorien zer hori, herri xumeak "zotalak" eta halakoekin nahasten duena, berez ez duk ezein "arrazoitan" jarten, baina zuhurrak haintzat hartu behar dik eta gertakizuna ontzat eman ere behar dik. Goiz batez, halako zorizaleren bat etxerean atera dadin, karrikan Done Frantzisko zoriontsuaren elkarteko lekaide batekin buru egin dezan, eta "grifo" batekin tupust egin baleza bezala, bizkarra bihur eta etxera itzul dadin. Eror dakion beste Mendotzari gatza mahai gainera, eta bat-batean bihotza mukerrak har diezaion; zer dela eta, horrelako ñimiñokeria hutsalak, lipartto batez gertatuak, izadiaren gertakizun edo geroagoko zeraren baten zantzuak direlako sineskeriak jorik dagoela eta. Zuhurrak eta kristauak ez dik zertan ibili, zeruak zer nahi duen asmatu edo igarri nahiaz, horrelakokerietan. Zipion Afrikara heldu zenean, lurrera jaistean haburiko egin eta erori zuan, bere gudarien eritziz zori txarra; harek, aldiz, lurra besarkatu eta esan zian: "Ez didan alde eginen, Afrika, nire besoen artean atxekia haut eta". Honelatan, bada, Santxo, irudiki horiekin buru egitea batzarri ondikozkoa ez, zorionekoa baizik ez duk, zori onek erakarritako gertaera on-ontsua.
Badut sinesten – erantsi Santxok – eta nahi nuke berorrek erranez jakin zergatik egiten duten oihu espainiarrek, borrokara bidean, harako Done Jakue Mairuhiltzaileari deika : Santiago eta itxi Espainia! Ba ote dagoa Espainia zabalik eta ixteko beharra duela, edo ze-nolako sino edo mino da hau, bada?
Txotxolo hutsa haiz, Santxo; adizak, hori gurutze gorridun zaldun handi hori Jaungoikoak Espainiari zaindaritzat eman ziok, patroitzat, mairuen aurka espainiarrek ukan izan dituzten istilu larrietan bereziki; honen harira, bada, erasoaldi guztietan dei egiten ziotek jagole dutelako, eta maiz borroketan ekusia izan duk, jo eta ke, gudaroste agartarrei esetsiz, su eta gar uzkailiz, porroskatuz, sutsuki sakailatuz eta denak hil beharrez sarraskituz; hau egia duk eta honen argigarri hainbat eta hainbat adibide ekar niezaake espainiarren kondaira egiazkoetan jaulkirik.
Santxok hitz beste egin zuen eta nagusiari honela mintzatu zitzaion:
Liluratua nago, jauna, Altisidoraren xirrildakeriaz: Maitasun izena duen horrek, eiki, zauritua behar du; mutilko itxua omen da, betirintsu edo makar anitz begietan baina honelarik ere, bihotz bat jomuga hartzen duenean, ttipia izan arren, dzast! jo eta gezia alderik alde josten omen dakiena. Entzuna dut, halaber, maite-gezi batzuk neskatila garbien lotsa edo ahalgean lanpustu edo aho-moztu egiten direna; baina Altisidora horrengan kamustu ordez zorroztu egiten direla dirudi.
Ohar hadi, Santxo, maitasunak ez duela begirunerik ez arrazoibiderik bere eginetan, horretan heriotza-lakoa duk: erregeen "alkazarrik" gorenei bezala artzainen txabola xumeei erasotzen ziek, eta arima baten jabe egindakoan, lotsa kentzen ziok, beldurra uxarazten ziok lehen-lehenik; honelatsu, beraz, Altisidorak bere nahikeriak aitortu zitian, nire bihotzean tamala baino areago nahaspena sorrarazi zidatenak.
Ankerkeria nabarmena! – esan zion Santxok – Eskergaitz egundainokoa! Nik, behintzat, haren maite-gezirik ttipienari men eta amore eginen nioke. Putakumea halakoa, eta zein harri gogorrezko bihotz, zein brontzezko errai, zein saltsarrizko arima! Ezin asma nezake zer ote duen ikusi neskatila horrek berorrengan horren menpekoi eta azpikoi jarteko: zein urreriak, zein azkuk, zein liraintasunek, zein aurpegik edo begitartek, bana-banazka edo oro bat eginez, maitez mindu zuen; honatx, nik, zin-zinez diot, usu bai usu berorri begira-begira jarten naiz, oinetako behatzetatik buruko azken ileraino, eta maitez mintzekorik ez, lotsaz mintzeko baizik ez dut ikusten; ederra omen da maiteminetan lehena eta behinena, hala diote bada, eta berorrek ez du ederrik, eta, honetaz, gaixo hori zertaz maitemindu zen nik ez dakit.
Ohar hadi, Santxo – ihardetsi zion On Kixotek – bi edertasun mota dagoela: bata arimarena, bestea soinarena; arimarena adimenduan ageri duk, zintzotasunean, gizatasunean, emankortasunean, ontasunean ageri duk, eta hauek guztiok gizon itsusi, ezain edo motz batengan egoitea zagok., egon daitezkek. Edertasun mota hau begiz joiten denean, eta ez soinarena, maitasuna suhar eta bero duk, eta gaina hartzen dik. Nik, Santxo, bazakiat ederra ez naizela; baina marketsa ere ez; eta gizona guztiz zatarra edo mamutzar hutsa ez bada oneritzia izan daitekek, aipatu arima-dohain horiek baldin baditu.
Hitz eta pitz zihoazen eta bide bazterretik haragoko oihan batean zehar sartu ziren. Usterik gutienean, hara, On Kixote sarez nahaspilatua, zuhaitzetatik esekita zegozen hari orlegizko sare batzuen artean lakioan bezala lotuxea; zer ote zen igarri ezin eta Santxori esan zion:
Bazirudik, Santxo, sare hauena inoiz irudikatu izan dudan jazoaldirik berriena izanen dela. Nire atzetik dabiltzan sorgintzaileek sareztatuz bidean aurrera joan ez nadila nahi ditek, zalantzarik ez, hil nadin bestela hementxe; eta den hau Altisidorari erakutsi diodan zorroztasuna apendu nahi dutelako. Bada, hitz zamaieat, bai, hari orlegizkoak ez balira eta harribitxi gogorrez eginak balira ere, edo, harako haretan, Venus Marterekin errementarien urtzi bekaiztiak erabili zituenak baino etengaitzagoak balira ere, nik eten egingo nituzkeela hitz eman bai, itsas-zihiak edo kotoizko hari meheak bailiran.
Aurrera nahi eta dzirt-dzart! dena eten beharrez ekin zitzaionean, tupustean, zuhaitz batzuen arterean irtenik, aitzin-aitzinean, bi neska artzain guztiz eder ageri; artzainez jantziak bederen, nahiz eta haien larruzko txamarrak eta kotak edo gonak urrezko zetehun leunezkoak izan, edo hobeto esatearren, haien kota motzak urrezko "tabiz" eginak eta aberaski apainduak ziren. Bizkarraldean hedaturik adatsak, horiak eguzkiaren izpiak bezain eta zietan lore-sortaño bina, bata ereinotz hezezkoa, bestea almitz gorrizkoa. Adina, zirudienez, ez hamabost urte baino beheragoakoa ez hamazortzitik gorakoa.
Ikusi eta Santxori harritu zitzaion, On Kixote ere konkortu zen eta eguzkia geldiaraziz begira-begira jarrita, tenk! trikatu ziren isil-isilean laurak. Azkenean, artzaintto haietako batek hitz egin zuen eta On Kixoteri:
Geldi zaitez, zaldun jaun, ez hautsi sareok, zure kalterako ez eta gure asti-emangarri ihaurri ditugunak; zerengatik hedatu ditugun eta nor garen eta hori galdetuko diguzula badakigu, eta labur-labur adiaraziko dizut. Hemendik bi legoatara dagoen baserri batean, asko aitonseme, handiki eta kapare ugari dagoenean, behin adiskide eta ahaide anitzen artean beren seme-alaba, emazte, auzo, lagun, eta senide guztiekin, hona, gune honetara, ingurualde honetako lekurik politen edo atseginenetarik bat baita, ongi jolas-molas gozatzera etortzea erabaki zuten, orok batera Arkadia berri bat artzainezkoa osatzearren, neskatilak eta mutilak artzainez jantzita. Bi artzain-olerki ikasi dugu, bata Gartzilaso olerkari ospetsuarena, bestea Camoes bikainarena, beronen hizkuntza portugaldarraz; orain arte antzeztu ez ditugun arren. Atzo lehen eguna izan zen; zuhamu hauen artean oihal-etxe batzuk eraikiak ditugu, kapar esaten dietenak, lats urtsu larre honen ongarritzaile oparo baten uhaldean; bart zuhaitzen arteko sareok ihaurri ditugu, txoriñoei ziria sartzeko asmoz, gure zarataz uxatuki sareotara sar daitezen. Atsegin baduzu, jauna, izan zaitez gure arrotz, zabalkiro eta gizabidez egingo dizugu begi argi; ez da leku honetara sartu behar, behinik behin, ez nahieza ez alaieza..
Isildu zen eta besterik esan ez; On Kixote mintzatu zitzaion:
Benetan, andere guztiz eder, ni baino harrituago edo baldituago ez zen geratuko, ez, Anteon, bertatik bertara Diana uretan igerian ekusi zuenean, ni zure eder hori ekusirik geratu naizen eran. Zure jolas-bide horiek politesten ditut, zure eskaintza eskertzen; eta ezertan zure mirabe izaiterik baldin banu, agindu besterik ez dukezu, nerau erabat zure esaneko izanen nintzateke eta; nire biziera honelakoxea da, hots, zein edo zein lagunen ongile eta eskerremaile izaitea dut lanbide edo eginkizun, zu-lako jende handikien batez ere. Sareok hemen leku ttikian hedatuak diren era berean lurbira osoan barraiatuak balira, nik hauek ez eteteagatik iragaiteko mundu berri batzuk bilatuko nituzke. Asko edo lar esatea baldin badaritzozu nik esanari, honen sinesgarri jakin ezazu, zuen belarrietara nire izena iritsi ez baldin bada ere, hitz hau On Kixote Mantxakok eman dizula.
Ai ene arimako adiskide – esan zuen orduan beste artzainak – zein zoriontasun handia gertatu zaigun! Badakusan hemen aurrean dugun jaun hau? Bada, jakin ezan hau berau munduan den ausartena, maiteminduena, eratsuena dela, baldin kondaira batek, han-hor-hemen, idatz eta irarriz geroztik nik irakurriak, haren egitandi larriak jaulkitzen dituenak gezurrik edota iruzurrik ez badu. Ondoan datorren gizon on hau Santxo Pantza delakoa dela egingo niken, haren ezkutaria, politasunak esan-egiten berdinik ez duena.
Bai, egia – Santxok – : neu naun hik dionan ezkutari dohaintsu hori, eta jaun hau nire nagusia dun, On Kixote Mantxakoa kondairetan aipatua ber-bera.
Ai – esan zuen beste neskak – Otoi dagiogun , adiskide, gera dadin, gure aita-amak eta neba-ahizpak haiekin biekin pozez txoratuko ditun, hik esan bezala nik ere entzunak ditinat horren ausardia eta beste horren barregarrikeriak; diotenez, gainera, inoiz ikusi den maitemindurik zinena eta tenkorrena dun, eta horren anderea Tobosoko Dultzinea daritzon bat omen dun, Espainia osoan edertasunaren abarra ematen diotena.
Zuzen eman ere – On Kixotek gehitu zuen – zure ederrak zalantzarik egiten ez badu. Ez nekatu, anderoñook, ni hemen geldiarazten, nire eginkizun zehatzek ez didate uzten inon ere astirik edo atsedenik hartzaiten.
Une haretan, laurak zegozen lekura antzain bietako baten neba bat iritsi zen, artzainez jantzia ere bai, neskatilak bezain aberaskiro apaindua eta bitxitua; hantxe haiekin zegoena On Kixote Mantxako bihoztuna bera zela jakinarazi zioten beraiek; eta bestea Santxo ezkutaria zela; mutilak ezagun zituen, haren kondaira irakurrita haien berri jasoa zuela esan zien. Artzain txairoak bere burua eskaini zion, bere etxoletara berarekin joaiteko eskaritu zitzaion; On Kixotek onartu behar izan zuen eta hala egin zuen. Orduan, uxaldia hasi zen, sareak txori ezberdin ugariz bete ziren, sareen margoez zilibokaturik, ihes egin beharrean hantxe galtzen ziren. Hogeita hamar lagun baino gehiago elkartu ziren lekuan, denak artzainez jantziak, ar zein eme, eta berehala On Kixote eta ezkutaria zirela jakin zuten, eta gehienak, kondairaren bidez berauen berri bazutelako, oso poztu ziren. Oihaletxeetara hurbildu eta mahaiak gerturik zegozen, oparo, ugari eta garbi. Ohore eginaz On Kixote mahai-buru ipini zuten, oro hari begira eta miretsita; azkenik, zamauak atonduta, On Kixote bera, ahotsa goratuz, astitsu-astitsu honela mintzatu zen:
Gizonek egin huts edo bekatu handienen artean, zeinbaitek harrokeria dela badio ere, nik larriena eskergaizkeria dela diot, esaera ohikoari natxekiola: sulezea eskertxarrekoz beterik dagoena. Bekatu honi, ahal izan dudan heinean, adina nuen une beretik, ihes egin izan diot; eta niri egindako ongia beste egite on batez ordaindu ezin izanez gero, egiteko asmoa eta gogoa ezarrri ohi dut beti ordainez, eta aski ez bada agerian ezarri; jasotako mesede edo onegitea aitortzen eta agerrarazten duenak beste batez ordaindu du, ahalaz; izan ere, jasotzailea, usu, emailea baino apalagoa ohi da; honelakoxea Jaungoikoa, ororen gainekoa, ororen gaineko emailea da, eta gizonaren emaia ezin erka daiteke, ez hurrik eman ere inorean inora, Jaungoikoarenekin; bada, ezintasun hau, gure labur eta estu hau, nolabait, esker onak ordetzen du. Ni, beraz, hemen egin zaidan mesedea eskertu beharrez, neurri berean ezin ordainduki, nire ahalgoaren muga hertsietan itxia, ahal dudana eta nire uztaz bildua dudana opaz natorkizue; eta honela, zera diotzuet, Zaragozarantz noala bidearen erdian, bi egunez, gogorkiro aitor eta esanen dudala, ezen, hemen dagozen emakume artzain torroil makurrok lurbira osoan direnik ederrenak, neskatxarik ongi-ikasienak direla; hori bai, nire Dultzinea Tobosoko politetan iderik ez duena, nire gogo-bihotzeko anderea beti areago delarik; bego, bada, hau hementxe on-onean esanik, entzule ditudan guztiontzat.
Santxok, adi-adi ari zitzaion eta hau entzundakoan, ahots ozenaz esan zuen:
Ba ote likete munduan inor nire nagusi jaun hau zoroa dela erran eta erraitera haizu? Erran zuek, artzainok, ba ote dea nehongo baserritan apezik, zuhur eta ikasia izanagatik, nire nagusiak erranikoa erraiteko gai litekeenik, edo zaldun ibiltaririk ba ote, ordongo edo zangar izaitearen herotsa goiti-beheti, nire nagusi honek hemen opa duena eskain lezakeenik?
On Kixotek burua Santxoren aldera bihurtu zuen, aurpegia sutan, gorri-gorri egina, eta esan zion:
Ba ote daiteke, oi Saaantxo! ludi osoan inor esan edo erran dezakeena zeu ergela ez zarela, kokolo hutsa, zure hutsean maltzurrez eta zitalez betea ez zarela? Nork, arraio, sartzen zaitu zu nire zeretan, zuhur ala zoro naizen ez naizen? Isil zaitez, zegidazu iharduki; emaiozu txalma Rozinanteri baldin bage badago: goazen nire opa gauzatzera, esana egitera, zuzena nire alde dago eta niri aitzi egin nahi lidakeen nor edo nor dagoneko azpiratutzat eman dirozu.
Halako amorruaz eta suminduraz aulkitik jaiki zen, ingurukoak harrituta utzirik, denak zalantzan zorotzat hartu behar ote zuten ala zuhurtzat. Azkenean, zituen asmo edo gogo haiek gauzatzen ez ahalegintzeko esan zioten, haren esker ona, gaurgehiago, ezagun zutela eta nabaria zela, eta ez zuela beharrezko haren xedea beste behin ere agertu, zeren kondairak haren egitandiez edasten zuena nahikoa zela haren zangartasuna ikusteko eta; hala ere, On Kixotek bere asmoa aurrera eramaitera jalgi zen, Rozinanteren gainean, erredola besoan, lantza eskuan, errege-bide baten erdian jarri zen, larre gordin haretatik ez urrun. Santxo astoaren gainean atzetik zerraion, eta artzain-taldeko lagunak oro hantxe gelditu, hura guztia, inoizko eskaintza edo opa harro hura guztia nola burutuko zuen jakinminez.
Bide erdian jarrita, bada (esan dena bezala) eguratsa honako hitz hauez zauritu zuen:
Oi, zuek, bidazti eta iragole, zaldun, ezkutari, oinezko eta zaldizko, bide honetan zehar ibilten edo hurrengo egun bietan ibiliko zaretenok! Jakin ezazue On Kixote Mantxako zaldun ibiltaria hementxe jarria dagoela, munduko eder eta ongi-ikasi guztiak baino are askoz ederragoak eta ikasiagoak, nire arimako Dultzinea Tobosoko anderea kendurik, inguru honetako larre-basoetan dabiltzan neskatxa guztiz ederrak direla sendoki aitor eta jakin eragiteko asmoarekin. Betor, bada, bide erdira, inor, hori ezeztatu nahi badu, hementxe itxaronen diot eta.
Esaerok birritan aldarrikatu zituen, eta birritan ez zuen inongo arriskuzalerik ageri; baina, halabeharra halakoxea eta, hobetik hobera beti, eta hara, hara han, bidean urrunxko, non ageri zen zaldizko gizatalde ugari bat, azta-makilak eskuetan haietako asko, denak multzo batean, tarrapatan eta arin-arin zetozela. On Kixoterekin zegozenek ikusi zituzteneko, atzera eta bidetik alde urrutira egin zuten, hantxe geldituz gero galtzeko zorian edo arrisku larrian gertatuko zirela aurreikusi baitzuten. On Kixote geldi, bihotza bero, izukaitz; Santxo Rozinanteren gidailen ostean kukuturik. Hurreratu zen makildun gizonen multzoa eta haietako batek, aurrenekoak, oihuka On Kixoteri honela esan zion:
Bazter zaitez, Txerrenen gizon, alde egizu biderean, zezenok txikituko zaituzte eta!
Ea, zital hori – ihardetsi zion On Kixotek gogorto – zezenak nahiz txetxenak niri bost axola, Jarama ibaiak bere ibarretan hazten dituen suharrenak balira ere! Aitor ezazue, galutsok, oraintxe bertan, nik aldarrikatua erabat egia dela; osterantzean, hementxe bertan zarete nirekin borrokan.
Unainak ez zuen erantzuteko astirik ukan, ez On Kixotek baztertzeko, nahi izan arren, eta, berehalako baten, hona, zezen suharrok, idiokin batera, itzain batzuk eta zeramatzaten herriko lagun ugari haiekin, zarrapoka gainera etorri zitzaizkien, On Kixote eta Santxoren gainera, Rozinante eta astoaren gainera, eta laurok hankaz gora, lurrean itzul-amilka, aurretik eraman zituzten. Santxo oloak harturik gelditu zen, talikatua guztiz, hebain-hebain egina; On Kixote izu-lauorrian, astoa horien antzera eta horrelabertsu Rozinante; zutitu ziren, hala ere, azkenean, denak, eta On Kixotek, ziztu bizian, hemen behaztopo han haburiko, behi-taldearen atzetik lasterka jo zuen, oihuz oihu honela zerauntsela:
Geldi zaitezte, itxadon, galuts zitalok alaenok; zaldun bakarra duzue hemen zuen zain, eta ni ez nauzue ihesean doan etsaiari zilarrezko zubi esaten duten horietakoa!
Ez ziren gelditu, noski, hain iradu zihoazen lasterkari haiek (hurrengo egunetan zezenak lasterkatu behar zituzten herrirantz zihoazenak) eta aspaldiko hodeiei baino jaramon handiagorik ez zieten egin haren zemai edo "mehatxuei". Nekadurak, hondarrean, On Kixote geldiarazi zuen, mendekua hartu ezin eta saminez, bidean eseri zen, Santxo, Rozinante eta astoa beraganatuko ziren zain. Noizbait heldu ziren, nagusi-morroeak zamarien gainetaratu eta bidean aurrera jo zuten, lotsaturik, hango Arkadia gezurrezko hari azken so egitearren bizkarra bihurtzeke.