On Kixote Mantxako Gapare Buruargia
Bigarren Zatia

62. atala

Honetan buru sorgindutakoaren jazoaldia azaltzen da, eta jaulki bagerik ezin utzizko beste umekeria batzuk.

On Antonio Moreno zuen izen On Kixote bere etxean arrotz hartu zuen aitonsemeak, aberats bezain gurbila, begiko gizona, solas zein jolasetan garbia; etxean On Kixote eta honexen zoroa, inori kalterik egiteke, nola irtenarazi han zebilen asmatzen; inori gaitzik eginez gero, ez dago barre egiterik ez alaialdi onik. Lehenik, iskilu-janzkera hura erantzi eragin zion, eta hala, barru-soineko estu orkatzaren baten larruz egindako harekin (aurreko beste behin edo behin halaxe marraztu edo agerrarazi izan dugu) sapailo batera, balkoi delako behatoki batera alegia, ororen ikusgarri antza, hiriko karrika nagusietako baten gainean zegoenera jalgiarazi zuen, eta hantxe ume-mokoak ikus eta begira, tximino bati bezalaxe. Berriro lasterka hasi ziren, sehi-janzkidunen aurretik, eta emaiten zuen, zera, jai-egun hura alaitzeko ez baina zaldun ha etorri zelako eta berarentzat bakarrik hala jantziak zirena; Santxo poz-pozik zegoen, uste baitzuen, uste, berriz ere aspaldiko Kamatxoren ezteien antzeko batean sartua zegoela, ustebagean, edo Diego Mirandakoaren adinako beste etxe batean, edo Dukearena bezalako beste gazteluren batean zegoela.

Egun haretan On Antoniorekin bere adiskide batzuek bazkaldu zuten, eta denek On Kixote zaldun ibiltari legez hartu eta begirune handia erakutsi zioten; esan beharrik ez dago, hura harro bezain puztua zegoela, bere azalak ezin hartua. Santxoren ele goxoak ere ugari, hizketan opatsu ari zen eta etxeko guztiak, entzule zein morroe, haren ahotik zintzilik bezala zebiltzan. Mahaian zegozela, On Antoniok Santxori:

Hemen jakinaren gainean gaude, Santxo zintzo, bai jaki zuriak bai txitxi-opilak oso gogoko dituzula, eta, ase ondoan gainkinik geratuz gero, hurrengo egunerako golkoan gordetzen duzula.

Ez, jauna, ez da horrela – Santxok erantzun zion – ; gozozalea baino garbizaleago naiz, eta, hementxe nire nagusi On Kixote jauna aitzinean, ahurtada bete ezkur edo eltzaur harturik biok elkarrekin zortzi egunerako dugula ongi daki berak. Hori bai, nehoiz txahalkia emaiten badidate, horra noa ni esku biak zabalik, erran nahi baitut, emaiten didatenetik guzia jaten dudala, eta sasoian sasoikoa, eta dagoenean bon-bon; nehork, beraz, jatuna bai baina garbia ez naizela erran badu txit oker dabil, ez dio egia, eta hauxe ere bertze era batera erranen nuke nik hemen mahai inguruan dagozen bizar itzal handiko hauei begira ez banengo.

Hara, eta – On Kixotek esan zuen – Santxok jatean erakusten duen garbitasuna, maillo-maillo jate hori brontzezko xafletan idatz eta irarri beharreko litzateke, mendez mende betiereko oroimenean gera dadintzat. Egia da, bai, goseak jota dagoenean, sabeldarraio dirudiela, mauka-mauka jaten duela, "tripontzi" baten antzera; honela ere, beti garbi-garbiro, eta jaurlari izan zen aldian milika jaten ikasi zuen: mahatsak sardexkaz jaten zituen, eta mingrana-bihiak ere honelaxe.

Nola! – On Antoniok. Jaurlari izan ote dea, bada, Santxo?

Bai – erantzun zion Santxok – eta Barataria daritzon uhartekoa, hain zuzen ere. Hamar egunez jaurri nuen, asean eta betean; eta patxada galdu, eta munduko jaurlaritza guziak txarresten ikasi nuen, eta ihesean jalgi nintzen, eta leze batera erori, neure burua hiltzat eman, eta bizirik halabeharrez edo mirariz ateratu nintzen.

On Kixotek, xeheki-xeheki, Santxoren jaurraldia aletu zien, eta entzuleak pozik.

Mahaia jasoguruan, On Antoniok eskutik On Kixoteri heldu zion eta albo bateko areto batera sartu ziren. Mahai bat besterik ez zegoen, nabarrizkoa antza, gai berezko xutabe batean ipinia; gainean, erromatar buruzagien buruak laso, bularretik gorako buru-irudi bat, brontzezkoa edo. Areto osoan zehar ibili ziren, geldiro-geldiro, On Antonio eta On Kixote, mahaiaren inguruka, eta halako baten, hau esan zion:

Orain, On Kixote jaun, atea itxia, nehork ez guri entzun ez ikus, egundaino ezin asma litekeen jazoera edo "abentura" edo dena delako baten berri eman nahi diot berorri, nehoizkorik harrigarrienetakoa; baldin eta isiltasunaren hondarreko ozkumean edukiko duela hitz emaiten badit.

Bai, zin dagit – erantzun On Kixotek – eta gainean harrol bat egotziko diot, ziurrago egon dadin; jakin beza berorrek, On Antonio jaunak (izena ikasia zuen), hitz egiten ari zaion honek, entzuteko belarriak dituen arren, mintzatzeko mingainik ez duela; honetaz, bada, arriskurik bat ere bage, berorrek golkoan dadukana neronen golkora iragoaraz dezake, eta isiltasunaren leze-hondarretara "bota" duela sinets.

Zin horren orde – On Antoniok – harri eta zur utzi nahi dut berori, ikus-entzun eginen duenaz; eta bide batez nik ere emaldi bat hartuko dut, zeren, nehorekin nire isilpeko zerak elkarbanatu ezin honek tamal handia emaiten baitit, edonorengandik entzindu ezin daiteke eta.

On Kixote aioan zegoen, hango zer guztiak azkenean zer izanen ote ziren jakiteko itxaroten. Hala zegoela, On Antoniok eskutik heldu zion, eta brontzezko buruaren gainean, mahaiaren gainean, honen euskarri zen nabarrizko oinaren inguruan eskua ibilarazi zion, eta gero honela mintzatu zitzaion:

Buru hau, On Kixote jaun, munduan nehoiz izan den sorgintzaile edo aztirik handienetako batek egina da, polskarra zela uste dut, Eskotillo aiputsuaren ikasle, zeinaren hainbat miresgarri jaulkitzen baita; bada, diodan egile hura nire etxean egon zen eta nik eman mila ezkuturen truke buru hau landu zuen, zer eta, hona, belarri ondora galdetuz gero zer nahi ere erantzuteko zera, gaitasuna duen hauxe. Bada, burua lantzeko, aurpegierak marraztu zituen, izarrei begiratu zien, ortziko zer batzuk haintzat hartu zituen, nondik-norako guztiak ikertu eta, azkenean, bihar goizean ikusiko dugun bikaintasun osoz egin zuen; egun ortzirala dugu, bai, eta ortziralez mintzul geratzen da, ez du hitzik egiten, honengatik, bihar arte iguriki beharko. Epe honetan, berorrek zer galdetuko dion asma dezake; nik neronez egia erraiten duela jakin badakit.

Buru haren gaitasunaz eta menduaz txunditua On Kixote, doi-doi On Antoniori sinetsi ez sinetsi egon zen; alabaina, epea laburra zela eta, azterketa egiteari uko nahi ez eta eskerrak eman zizkion, hain isilpeko handiaren berri azaldu izaiteagatik. Aretorean irten zuten, On Antoniok atea giltz edo gako batez itxi zuen, eta beste zaldunak zegozen gelaratu ziren. Hantxe Santxo, hitz eta pitz, bere nagusiari gertatu hainbat jazokuntza, arrisku zein ezbehar aletu eta aletu ari zelarik.

Arratsalde haretan On Kixote ibiltera aterarazi zuten, zutibilian ez iskilurik aldean, kale-janzkerarekin, ehun lodi nabarrezko apaiz-atorra luze batez jantzia, zehazki, "balandran" esaten dioten horietarikoa hain zuzen, sasoi haretan izotza bera izerditan jarrarazteko modukoa. Santxo etxetik atera ez zedin zer-nahi berangarri edo astia luzatzeko egin ziezaioten etxeko morroeei agindu zien. On Kixote ez zihoan Rozinante gainean mando astitsu eta ongi apaindu-adelatu baten gainean baizik. Atorra edo zena zelako zer hura soinean, eta bizkarraldean, harek ezin ikusteko lekuan, larrutx bat josi zioten, eta hizki larriz idatzia hauxe: Hau On Kixote Mantxako da. Osterattoa hasitakoan, ikustera hurreratzen ziren guztien begiak idazkira, "Hau On Kixote Mantxako da" irakur eta denek izeneztatzen zuten, denek ezagutzen, eta On Kixote honegatixe harriturik, ororen ezagun zelako; bere ondoan zihoan On Antoniori buruz bihurtu zen, halako baten, eta honela esan zion:

Handia da, gero, zalduntza ibiltariak bere baitatik darakarren hobaria, ospetsu bezain aiputsu bilakatzen baita, lurbirako bazter guztietan barrena, haretan iharduten duena; adi, bada, berori, On Antonio jauna, hona hemen hiri honetako neska-mutilkoak, inoiz ez naute ikusi, eta ezagutzen naute.

Bai, holaxe, jauna – erantzun zion On Antoniok – ; halaxe omen da, bai, sua bezala, ostendurik eta itxirik egon ezin den antzera, dohainak edo ontasunak ere ezin ezagutu bagerik nehon ageri; eta iskiluen bidez irabazia izan dena beti bertze guzien garaitik gailentzen da eta argi egiten du.

Halaxe, txalo eta zartada-hotsen artean zihoala, gaztelar batek bizkarraldeko idazkia irakurri zuen, eta ororen entzungarri goraki esan zuen:

A, Txerrenen zer hori, On Kixote Mantxako! Nola heldu zara honaino, bizkarrean jasotako hainbeste makilkadak hil ez zaituela? Zu zoroa zara, ero hutsa, eta zure zoro horren etxe barruan bazengoz damurik ez, gaitz erdi, baina zure ondoan dabiltzanak eta zurekin harrremanetan jarten diren guztiak ere zoratzeko gauza zara zu; begira, bestela, zurekin doazen jaunok. Itzul zaitez, ergel hori, zure etxera, zaindu zure etxaldea, zure emaztea eta seme-alabak, eta utzi, behingoz, behin betiko, burmuina zula eta garuna jan egiten dizuten zorokeria horiek, zure adimen urria zizkatu eta xixkatu egiten dizutenak.

Anaia – On Antoniok esan zion – hoa heure bidetik, ez eman aholkurik behar ez duenari. On Kixote Mantxako jauna hagitz da gizon zentzuzkoa, eta gu, berriz, haren lagungoan gatozenok ez gara inozoak; onbidea non nahi den ere ederretsi behar da; habil-hoa, ongi bidean, ez sar deitua izan ez zaren gunera..

Arranopola, zu hizpidean zuzen zagoz – gaztelarrak berriro – izan ere, gizon on honi aholku ematea eta akuiluari ostikada ematea bat da; honela ere, tamal handia ematen dit, txoro honek adimen ona omen du, gairik askotan, eta bere zalduntza ibiltari delako horretan "kakaztu" egiten duela ikusteak grina ematen dit; ongi bidean noake, bai, eta bide onetik joan nadila ni eta nire ondoreango guztiak, ez dut, ez, ekiz, aholkurik emango inoiz, eskaturik ere, inori ez, Matusalem baino luzaroago bizi banendi ere.

Aholkulari ha bazterrera zen, eta osterattoa aurrera; baina neska-mutilkoak, eta jende guztia bizkarraldeko idazkia irakurtzen gero eta lehiatsuago, eta kizkirituak hemen kalapitak gero, azkenean On Antoniok erauzi behar eta brastakoan edeki zion, beste zerbaitt kendu balio bezala.

Gaua heldu zen, etxera itzuli ziren; emakumezkoek gau-jaia zuten, bigira bat alegia; On Antonioren emaztea, andere handikia bezain alaia, ederra bezain zentzu onekoa, deitzaile zutela han ziren adiskide batzuk, arrotz etorperri hari ohore egitera jinak, eta bai haren inonereko zorakeriak ikusteaz gozatzera ere. Lehenik oparo abaldu zuten, gero bigira, gaueko hamarrak aldean, hasi zen. Anderezko haien artean baziren bi ikuski xamarrak, "perretxiko" esaten zaien horietarikoak, lixunttoak hizketan, beti murrika egin-zaleak, eta emakume garbiak eta aratzak izanagatik lasai xamarrak, iseka alaigarriak egiten trebeak inori haserre eragin bagerik. On Kixote dantzara ekarri nahi eta berehala aterarazi zuten, eta bai laster soina ez ezik arima ere hebaindu zioten; ikusgarria On Kixoteren itxura, luzanga, mehe, zurbil, zingil, prakestu antza zuena soineko itxian sartua bezala, ez batere arin, ez inondik ere zalu. Anderexkila haiek iskintxo egiten zioten, begirada goxoak, eta harek tturrutt, ezikusiarena, baina gero eta gero estuago egiten, uki hemendik uki handik, eta nolabait estu bezain larri gertatu zenean ahotsa goratu eta esan zien:

Fugite, partes adversae! Utz ni neure barean, burutapen gaiztook. Zoazte, andereok, zeuen irritsekin batera, nire gogoen erregina, Dultzinea Tobosoko andere berdinik ez duena ez al dateke batere pozik bereak ez diren besteen gogoek niri esetsi eta menpera nazaten ekusiz.

Hau esanda, gelaren erdian eseri zen, zoruan, "txorra" egina, hainbesteko triska eta jauzi eginaren ondorioz, neke-neke egina, porroskatua. On Antoniok hala ikusi eta ohantzera, besoetan hartuki, eraman zezaten agindu zien, eta heldu zion lehena Santxo izan zen, esan ziona:

Ordu txarrean egin du dantza, gure nagusi jaunak! Uste al du berorrek gementsu guziak dantzariak direla, eta zaldun ibiltariak oro latarale edo kukullero ibil daitezkeela? Bada, uste baldin badu xoil oker dago: halako pinpoil edo zintzilipurdi bat egin baino lehen, erraldoi bat ero nahiago lukeen gizonik bada. Oinkatu behar ukan balu berorrek, nik ordezko eginen nukeen, oinkari iaioa bainaiz, baina dantzari bezala birrinba-barranba.

Esaeroz eta antzeko beste batzuez barre eragin zien, bigirako guztiei, bere nagusia oheratzen zuen bitartean; eta dantzaren ondoriozko hoztasuna izertzeko ondo berokitu zuen.

Beste egun batez, buru sorgindutakoaren azterketa egitea bururatu zitzaion eta, On Kixote, Santxo, beste bi adiskide, emakumezko dantzari biak On Kixote neke-neke egina utzi zutenak, gau haretan On Antonioren emaztearekin geratu zirenak, burua zegoen gelan bilarazi zituen On Antoniok. Haren dohaina edo gaitasunaren berri eman zien, isilpekoa zela eta isilean edukitzeko agintzeaz bat, eta egun haretantxe lehenbiziko aldiz dohainaren azterketa egin behar zela jakinarazi zien. On Antonioren adiskide bi haiek izan ezik, beste inork ez zekien sorginkeria haren koxka, eta haiek ere, On Antoniok aurretiaz jakinaren gainean jarrarazi ez balitu, beste guztiek bezalaxe, bete-betean, ezinbestean sinetsiko zuketen: hain tankera zehatz eta onean egina baitzen hango zer hura guztia, kilimiska alegia.

Buruaren belarri ondora gerturatu zen aurrena On Antonio bera izan zen, eta ele-ixilka, baina hango guztiek ez entzuteko bezain isila ez zenaz esan zion:

Erraidazu, buru, zure baitan duzun gaitasun horrezaz: zer darabilt nik orai berean neure buruan?

Buru harek, ezpainak higitu bagerik, ahots garbi-ozenaz, ororen entzungarri, honela erantzun zion:

Nik gogoetak ez ditut epaitzen.

Hau entzun eta hango guztiak ahoa arra-betean zabalik, ardi ergelak bezala begiratzen gelditu ziren, ez gelan ez mahaiaren aldamenean hala erantzun zezakeen inor ez zegoela ikus-ikusita.

Zeinbat ote gara hemen? – On Antonio atzera galdezka.

Lehenttoago bezala erantzuna:

Zu eta zure emaztea zagozte, zure bi adiskide eta haren beste birekin batera, eta zaldun ospetsu bat On Kixote Mantxako daritzona bere ezkutari Santxo Pantza izen duenarekin.

Honez gero bai, berriz ere ziren-zirenak oro harri eta zur eginik, hats-bahituak gelditu ziren, ikara baten! On Antonio buru harengandik aldenduxe zen, eta esan:

Honenbertzez asko dut, nahikoa bai, senets dezadan, zu niri saldu zintudanak iruzurrik egin ez zidana, oi buru jakintsu, buru hitzegile, buru erantzule, miragarrizko buru! Betor bertze bat eta galde begio zer-nahi.

Eta, emakumezkoak, ohiz, non-ze-berri direlako, jakinguratsuak sarri, hara, haietako bat, di-da baten, On Antonioren emaztearen adiskide bat hots, harengana eta galdezka hasi:

Esan, buru, zer egin behar dut nik guztiz ederra izaiteko?

Erantzuna hauxe:

Izan zaitez guztiz garbia

Ez dizut gehiago itaunduko – galdera egileak.

Beste adiskidea hurbildu zitzaion eta:

Jakin nahi nuke, buru, ea nire gizonak ongi maite nauen ala ez.

Erantzuna:

Begira iezaiozu egiten dizunari eta ikusiko duzu.

Ezkondutakoa aldendu zen eta zioen:

Erantzun horretarako ez zen galdetu beharrik; jakina, eginak egilearen nahia erakusten du.

Antonioren adiskide bietako bat burura hurbildu eta itaun hau:

Nor naiz ni?

Honela erantzun zion:

Zuk badakizu.

Ez dizut hori galdetu – ihardetsi zion zaldunak – zuk ni ezagutzen nauzun esateko baizik.

Bai, bazagutzat, zu On Peru Noriz zara.

Ez dut gehiago jakin nahi, horrenbestez, oi buru, dena dakizula badakit.

Bazterrera zen eta beste adiskidea hurrera, galdetzera:

Esaidazu, buru, zer asmo du nire seme oinordekoak?

Lehenago esana dut – erantzuna – nik gogoak ez ditudala epaitzen; honela ere, zure semeak zu lurpera eramateko gogoa duela esango dizut.

Hori hauxe da – zaldunak atzera – : begik ikusi atzak erakutsi.

Ez zuen besterik galdetu. On Antonioren emaztea ondoratu eta esan:

Ez dakit zer itaundu, buru; jakin nahi nuke, bada, zure bidez, ea luzaro gozatuko ote naizen senar onaz.

Honela erantzun:

Bai, gozatuko zara, zeren haren osasuna eta haren biziera neurritsua urterik askotarako bide baitira; beredinek gehiegikeriaz bizialdia laburtzen du.

Gero On Kixotek itaundu zion:

Esaidazu, erantzule horrek: egia ote zen ala ote zen amets Montesinosen lezean niri gertatu zitzaidala jaulkitzen dudana? Nire ezkutari Santxok eman beharreko zigorkadak egia ote? Dultzinea sorginen petik ateratuko ote da?

Lezekoaz esateko asko dago: denetik du; Santxoren zigorrak baratx-baratx ibiliko dira; Dultzinearena bai, azkenean sorginengandik askatua izango da.

Ez dut gehiago jakin nahi – On Kixotek gehitu zion – ; Dultzinea sorgingetua ekusiaz gero, nire gogo guztiak guztiz eta zeharo beteak izan direlako zori onak oro bat-batera etorri zaizkidala uste izanen baitut.

Atzenengo galdetzailea Santxo izan zen, eta hauxe galdetu zion:

Agian, buru, bertze jaurlaritza bat ukanen ote dut? Ezkutari huts izaite mehar honetatik jalgiko ote naiz, agian? Ikusiko ote ditut, berriz ere, ene emazte eta seme-alabak?

Honelako erantzuna jaso zuen:

Zure etxean jaurlari izango zara; itzuli eta gero zure emaztea seme-alabekin ikusi dukezu; inoren morroe izateari utzita, ezkutari izateari utziko diozu.

Jainkoarren – Santxok harzara – hori erraitea, gero; Peruttok ez zidan guttiagorik erranen.

Basati – esan zion On Kixotek – zer nahi duk, ba, erantzuterik? Ez duk aski buru horrek galdetu zaiona erantzutea?

Bai, nahikoa dut – Santxok ihardetsi zion – ; baina gehiago erraitea eta gehiago zehaztea nahi nuke.

Amaitu ziren, horrenbestez, galdera-erantzunak; ez, ordea, hango guztien harridura, On Antonioren adiskideena izan ezik, zer guztiaz jakinaren gainean baitziren. Zide Hamete Benengelik, honez gerora, inor harri eta zur eginik, ahoa zabalik gera ez zedin, buruaren barruan halako sorgin edo aztiren bat ote zegoen ez zegoen zalantzan, luzatu bagerik, egia argitu nahi izan zuen, eta honela hasita, zera azaldu zuen: On Antonio Morenok halako buru bat, irudigile batek egina, Madrilen ikusi omen zuen, eta bere etxean antzeko bat egitea otu zitzaion, etxakinak txundiarazi asmoz eta honen haritik aldi goxo batzuk, barre eginez, emaitearren. Nola egin zuen, bada, eta honela: mahaiaren ohola zurezkoa zen, noski, nabarri antzean margoatua, eta zutabea gai berezkoa, apaingarri lau arrano-aztapar zuena, behetik gora irtenak gaineko zamari eusteko adinakoak. Burua, erromatar enperadoreen itxura edo taiua zuena, brontze-karakoa izan arren, barru-hutsa zen, eta zurezkoa, noski, mahaiaren oholarekin bat egina, eta hain ondo ahomihikatua zen ez zuela ageri inongo lokunerik. Oholaren oina ere barruhuts, buruaren eztarri eta bularraldea berau. Hau guzti hau, burua zegoen gelaren azpiko gelara zihoan. Barren hutsaren barrutik, burutik behera, burdinorrizko hodi bat, doi-doitua, inork ikusi ezin ezin zuena. Beheko gelan erantzulea, hodiari ahoa, goitiko ahotsari behetiko ahotsaz, mintzo garbiz, ulergarriez, erantzuteko eran jarrita, iruzurra zela inork suma ez zezan. On Antonioren iloba, ikasle zorrotz eta zuhurra, zentzuduna zen erantzulea; aldiz aurretik osabak irakatsita zegoen eta bazekien nor gelaratuko zen; honegatik, lehenengo galderari erantzutea erraz izan zitzaion; beste galderei, aldiz, usterik uste asmatuz erantzun behar izan zien, eta zuhurra zenez zuhurkiro. Zide Hametek gehiago dio: harako "tramankulu" miresgarri ha hamar-hamabi egunez ibili zela; gero, hirian barrena hango berria hedatuz joan zen, alderik alde ihaurriz, On Antoniok bere etxean sorgindutako buru bat zedukala, zer nahi galderari erantzuten zekiena zela, ahotik belarrira ikas-irakasten joan zen auzo gutiz gehienek jakin arte. Gure Fedearen jagoleen belarrietara baino lehen, beldurrez eta, "inkisidore" jaun batzuek, burua berehala suntsitzeko agindu zioten; iruzurra aurrera ez eramaiteko, jendexkila xume etxakinak gaizpiderik har ez zezan. On Kixoteren zein Santxo Pantzaren eritzietan, ordea, burua sorgindua eta erantzulea zen, inondik ere, On Kixoteren eritziz Santxorenaz baino erantzule egokiagoa, hala ere.

Hiriko gapareek, On Antoniori atsegin egitearren, eta On Kixoteri abegi ona egiteaz batera honexen xorokeriak erakustarazi asmoz, handik sei egunetara eraztun-lehiaketa egiteko agindu zuten; baina, ez zuen ondore handirik erakarri, geroago esanen den zioagatik. On Kixoteri, gogoak eman eta, hirian zehar oinez, astiro, ibiltzea bururatu zitzaion; zaldiz eginez gero neska-mutilkoak atzetik jarraika bilduko zitzaizkion beldurrez; halaxe, bada, Santxorekin eta On Antoniok eman zizkion bi morroe lagun harturik, zutibiltzera karrikaratu zen. Han zehar zihoazela, bada, On Kixotek begiak goratu zituen eta, ateburuan, hizki oso larriz idatzia, hau irakurri zuen: Hemen liburuak irargai. Biziki poztu zen, ordura arte irarkola edo moldiztegirik ikusi bagekoa baitzen; zelakoa zen jakin minez zegoen eta barrura sartu, bera eta aiza, lagun guztiekin bat alegia, eta hantxe, batean idazkia zuzentzen, bestean osatzen, hau konpontzen, hori apaintzen, eta lantegi handietan erabili ohi dituzten halako "makinatzarrak" ikusi zituen. Hango kutxa handi batera hurreratu zen eta zer ari ziren galdetu zien; langileek argiro erakutsi zioten; eta On Kixotek ederretsi zuen; eta gero beste lantoki batera eta berdin, galdezka bera erantzuten ola-gizon haiek. Handik horra, eta hortik hona, eta bati itaundu eta beronek honela erantzun zion:

Jauna, hemen dagoen gizon honek (kaizu edota itxura oneko gizonezko beltzuntze bat erakutsi zion) toskaneratik gure gaztelerara liburu bat itzuli du; ni hemen konpontzen ari natzaio, gero irarri ahal izaiteko.

Zein izenburu du liburuak? – On Kixoteren galdera.

Egileak berak erantzun zion:

Jauna, liburuak, toskaneraz, Le Bagatelle du izenburu

Zer esan nahi du le bagatellek gure gazteleraz?

Le bagatelle – itzultzaileak berriro – gazteleraz los juguetes bezalakoa da, guk hemen jostailuak esaten dugu; izenez apala bada ere, liburu honek bere barruan zer oso onak eta mamitsuak daduzka, gai funtsezkoak edeiten ditu.

Nik toskaneraz pixka bat badakit – On Kixotek – eta Ariostoren olerki batzuk abesten ere ongi baino hobeki dakit. Baina, esaidazu, ene jaun horrek -ez dut esan nahi hau zerorren asmakuntza aztertu asmoz, jakin-min hutsez baizik-: idazki horretan inoiz aurkitu al duzu piñata hitza?

Bai, askotan

Eta, nola itzuli duzu hori? – On Kixote galdezka.

Nola, bada, egin behar ote – egileak ihardetsiz erantzun zion – eltze hitzaz bestela?

Arranopola! – On Kixoteren esaera – zer dakizu, bada, toskaneraz? Eginen nuke, bai, izpixo dirutsua gainera, zuk toskaneraz piace diotena gazteleraz place diozula, più itzultzeko más, su dagoenean arriba idatzi duzula eta giù hitzaren ordez abajo itzuli duzula.

Bai, horixe da – itzultzaileak – horiexek dira, izaitez, ordezko hitzak; guk hemen gehiago eta gora eta behera, eta hori esaten duguna.

Zin eginen nuke – On Kixote mintzo – zu ez zarela lurbiran ezaguna, "mundua" halakoxea da izan ere, hots, asmamen onei ez lan txalogarriei saririk emaitearen etsaia. Zeinbat trebe zein iaio hor nonbait galdurik! Zeinbat buruargi bazterturik! Zeinbat onbide txarretsita!. Honela eta guztiz ere, hizkuntza batetik beste batera bihurtze edo itzultze hori, baldin hizkuntza errege diren latin nahiz gerkeratikoa ez bada, flandriako margo-oihal bati iruntzitara edo binperrez begiratzea bezalatsu da: irudikiak ekusi bai baina hari nahasiz josita, ez dira diren bezain leun ekusten; eta hizkuntza errazetatik itzultzea ez da inoren asmamena erakusteko bide, ez mintzaera ontzeko bide, ez da itzultzailea goratzeko bide, paper batetik beste "ingi" batera aldatzen duena baino areago ez behintzat. Ez dut esan nahi, honen haritik, itzultze lana txalogarri ez denik; lan txarragoetan iharduten du inoiz gizonak, eta onura gutiagokoetan. Esandako honetatik at badira itzultzaile aiputsu bi: bata, Cristobal de Figueroa doktorea, Fido Artzaina itzuli zuena; bestea, On Joanes Jauregiko bere Aminta delakoarekin, zeren, hain ondo egin eta ezbaia baitago zein ote zen itzulgaia eta zein itzulkia, zein ote zen lehena. Alabaina, esaidazu: liburu hau zure kasa irarten dute, ala liburu saltzaileren bati eskubidea saldua ote diozu?

Nire gain eta bizkar irarriko dut – egileak azaldu zion – eta lehenbiziko argitaraldi honezaz mila dukat, gutienez, irabaz-ustea dut, bi mila ale izanen da eta seina erreal salduko, xixta-pixta.

Ederki zagoz zu zeinbaketan! – ihardukiz On Kixote – Ongi ezagun duzu, bai, ez dakizula zein diren irarleen joan-etorriak, ausiabarrak alegia. Ekusiko duzu nolako gorputza geratzen zaizun, nekaturik oso, bi mila liburu ale soinean harturik, eta orduan beldurtuko, eta liburua donge xamar eta bihurrixko bada areago.

Zer, bada? – egileak – Liburu saltzaileren bati emaitea nahi duzu, horren orde hiru marabedi eman diezadan eta gainera emaiterakoan dohain bat egiten didala uste duenari? Nik ez dut nire libururik irarten munduan ospea lortzearren, ni, honez gero, nire lanengatik ezaguna naiz: dirua nahi dut, hain bagerik izen onak ez baitu fitsik balio.

Jaungoikoak eman diezazula eskualdi! – esan zion On Kixotek.

Beste kutxa handi batera hurrandu zen eta liburu bateko orrialde bat zuzentzen ari zirela ikusi zuen, Arimaren Argia izenburu zuela ohartu eta esan zuen:

Honelako liburuak, antzeko asko dagoen arren, dira irarri beharrekoak, bekatari ugari dago, bai, eta argia behar dute argibakotzar horiek.

Aurrera joan zen eta beste liburu bat zuzentzen ikusita ea zein izenburu zuen galde egin zien; hara, eta erantzuna hauxe:

On Kixote Mantxako Gapare Buruargiaren bigarren zatia, Tordesillasko urlia batek idatzia.

Nik ez dakit ezer liburu horretaz – On Kixotek – ; eta egia esatearren, dagoeneko erreta zegoela, suntsitua eta hauts bihurtua zegoela uste nuen nire gogo-barrenean, funtsik bagekoa, papartza delako; baina horrixe ere edozein urderi legez bere Done Mattin iritsiko zaio; jakina, gezurrezko "istorioak" zeinbat eta egiatik hurrago edo egiaren antza handiago eta orduan dira hobeak, orduan gozagarri edo atsegin eragingarriagoak; eta, era berean, egiak askoz ere hobeak egiazkoagoak direnenan.

Gaitzidura pitin bat erakutsita esan zuen eta irarkolatik alderatu zen. Egun haretan, hondartza aldean zegozen galerontziak ikustera eraman zezaten agindu zuen On Antoniok, eta honegatik Santxo alaitu zen tint, haiek inoiz ikusi bagea baitzen. Galerontzietako arduradun bati aurrez oharra bidali zion, hots, arratsalde haretan bertan bere etxean arrotz hartua zuen On Kixote Mantxako ospetsua ikuska eramanen zuela jakin zezan; esan beharrik ez dago,bai ontzikoak bai hiritar guztiek, lehendik ere, horren entzuera bazutela. Orduan gertakizun zena hurrengo atalean aditzera emanen da.