Ilargi Zuriko Zaldunaren atzetik On Antonio Moreno joan zen, eta ez bakarrik, neska-mutilko ugari jarraiki zitzaion, aitzinean erabili zutela ere esan daiteke, "mesoi" batera sartzera behartu zuten arte, hiriratutakoan. On Antonio ere sartu zen, ezagutzeko asmoak bultzatua; ezkutari bat harrera egitera jalgi zitzaion, iskiluak eranzten lagundu zion, eta beheko gela batean barruratu zen, eta harekin On Antonio, nor zen jakin artean patxada onik ez eta. Ilargi Zurikoak ikusi zuen, bada, bere hatzetik zetorrela, eta esan zion:
Badakit, jauna, zertara zatozen, nor naizen jakitera, hain zuzen; ez dago zertan ukatu, nire morroe honek eranzten laguntzen didan bitartean esanen dizut, zehatz eta mehatz, egiari zor zaiona legez. Jakizu, jaun, niri Sanson Carrasco batxilerra esaten didatela, On Kixote Mantxakoren herrikidea nauzu, eta, zinez, ezaguna dugun guztiok haren zorokeriak, ergelkeriak ikusiz tamal handia hartzen dugu, eta handienetakoa nik neuk; honetaz, harek osagarri ona bere etxean, bere lurraldean eta atsedenaldian aurkituko duela iritzita, zer hori asmatu nuen zerera berritzul dadin betiko; honen kariaz, duela hiru il, bide erdira agertu nintzaion Ispiluetako Zalduna izen harturik, borroka egin eta azpiratzeko asmoz, kalterik edo gaitzik egin bage noski, borrokako baldintza garailearen esanetara azpiratua geratuko zela ezarri nion; nik, mendean hartuko nuelako ustean, bere etxera itzultzea eskatu nahi nion, urtebetean handik alderatu egin ez zedin, epe horretan sendatuko zelakoan; baina, halabeharrak ez zuen hala agindu bestela baizik, zeren, niri garaitu zaitzaidan, azpiratu baininduen; zalditik lurreratu ninduen eta nire asmoak ez ziren gauzatu: hura bere bidetik joan zen eta ni atzera bihurtu, txil eginik eta txorra eginik, sumindua eta erorikoagatik oinazetua, eta gaitz erdi hala ere, gaitzago gerta zekidakeen eta. Ez nuen, baina, egun ikusi bezala, haren bilatzeko eta garaitzeko asmoa galdu. Oso da zehatza zalduntza ibiltariaren arau-legeak betetzen, eta nik agindutakoa beteko duela ez dut enurarik, hitzeko gizona delako. Hauxe, jauna, esan beharreko guztia, ez dago besterik; otoi dagizut ez ni ezagutarazteko, ez esateko On Kixoteri nor naizen ni, nire asmo zintzoak azkenean gauzatzearren, eta berriz ere hura bere onera, bere zentzura, itzul dadintzat, zentzu oneko gizona da, izaitez ere, zalduntzaren ergelkeria horiek alde bat utziz gero.
Oi, jaun – On Antoniok esan zion – Jainkoak barka diezazula mundu guztiari egin diozun kaltea, bertan dagoen zororik barregarriena zentzudundu nahi baituzu! Ez al duzu ikusten, jaun, On Kixote zentzuzko bihurtuz, zuhurtuz gero erakarriko duzun onura baino askoz handiagoa dela haren ameskeriez emaiten digun atsegina? Ez dut uste, horrela ere, batxiler jaunaren asmabide guztiak aski izanen direnik, inola ere, hain zoraturik dagoen gizona bere senera itzul dadin; onbide ordez gaizpide ez balitz, On Kixote nehoiz ere senda ez dadila erranen nuke, osasuna irabazi berak eta guk barreak galdu, eta harenak ez ezik haren ezkutari Santxo Pantzarenak ere galduko genituzke, edozein ilun argitzeko adinakoak denak. Honenbertzez, isilduko naiz, ez dut deusik erranen, ea egia ote dudan nik Carrasco jaunak duen asmoak huts eginen duelako ustean.
Pixkanaka-pixkanaka bere asmoa aurrera zihoala ihardetsi zion eta atarramendu ona izanen zuela esan zion; On Antoniok zer-nahi egiteko gerturik eta agintzeko; agur egin zioten elkarri, eta iskiluak mando baten gainean loturik, borrokarako zaldi beraren gaineratu zen; egun haretan hirirean jalgi eta herrirantz itzuli zen, edaskai honetan azaltzeko gai denik ezer gertatu ez zitzaiola. On Antoniok erregeordeari dena jaulki zion, Carrascok jaulkitako guztia, eta ez zen poztu erregeordea biziki, zeren, On Kixote bere etxera bildu ondorean beronen zorakerien berri zuten guztiek ez baitzuten zer bildurik ukanen.
Sei egunez egon zen ohean On Kixote, oinazetsu, goibel, gogoetatsu eta ezeroso, irudimenaz hara-hona, bera txil eranginda geratu zeneko gertaera ondikozkoa beti gogoan. Santxo hantxe ari zitzaion poz pittin bat emaiten saiatzen, eta besteak beste, hau esan zion:
Ene jauna, jaso beza berorrek burua, alai bedi, ahal bada, eman eskerrak zeruari, zeren lurrera egotzirik ere ez baitzaio saihets-hezurrik eten; jakin ere badaki, zera: egiok egileari eta emaiok emaileari, eta gako edo paldo guztietan ez dago urdairik beti; irri egin sendagileari, jauna -gaisotasun horretan ez dago haren premiarik eta- ; itzul gaitezen etxera; utz diezaiogun arriskuen bila, han-hor-hemenka, ibiltze honi. Ongi pentsatzen hasiz gero, hemen kaltetuena ni naiz; pot egina, baina, berori bada ere. Nik, jaurlaritzarekin bat jaurlari izaiteko nahia utzi nuen, konde izaitekoa ez, ordea; eta hau ez da nehoiz agituko berori errege ez badadi, zalduntza ibiltaria alde bat utziz gero; honen harira, berriz ere nire xedeak ke.
Isil hadi, Santxo, badakik nire etxeratze eta nire barrualdi edo bazterraro hau urte batetik gorakoa izanen ez dela, gero atzera, nire ihardukuntza zintzoetara bihurtuko nauk, eta izanen duk, bai, erreterri bat edo konderri bat irabaz eta hiri emaiteko aukerarik.
Jainkoak entzun dezala, eta bekatua gorra izan dadila; itxaropen ona edukitze kaxkarra baino hobea dela entzuna naiz.
Honelakoxe berriketan ari zirenean On Antonio sartu zen, poz itxura handiak eginaz eta esanez:
Jupa! On Kixote jaun: On Gregorio eta honexen bila joaniko fede-ukaitzailea hondartzan dagoz! Zer diot hondartzan? Erregeordearen etxean eta berehala dagoz hemen.
On Kixote erabat alaitu zen, zinez pagu zen; baina honela mintzo:
Benetan alderantziz gertatu balitz pozagotuko nintzatekeela esatear nago, ni Berberiara joaiteko beharrean gertatuko bainintzen, eta nire besoaren indarrez, On Gregorio ez ezik, Berberian gatibu dagozen kristau guztiak ere askatuko nituzkeen. Baina, zer diot nik, ene errukarri honek? Ez ote naiz ni azpiratua? Ez ote ni uzkailia izan dena? Ez ote ni urtebetean iskilurik hartu ezin dezakeena? Zer, bada, nik agindu? Zergatik goratzen ote dut neure burua, ezpataren ordez gorua edo murkila erabili behar dudanean?
Utzi hori, jauna – Santxo harzara mintzatzen –: bizi bedi oiloa, ahalegarra edo kioa badu ere; egun zuregatik bihar niregatik; borroka eta makilaldi hauetaz den bezainbatean ez da zertan pirrian hartu, zeren, egun erori dena bihar jaiki daiteke, ohatzean egon nahi ez badu, erran nahi baitut, utz dezala bertan behera hori zer hori guzi hori, eta ez har bertze liskar edo gatazka zenbaiterako asmorik ez xederik. Jaiki bedi berori orai, On Gregoriori begitarte ona egitearren; hor, nonbait, jendea asaldatua dabilela uste dut eta dagoenekoz hemen etxean al da.
Halaxe zen; On Gregoriok eta fedegalduak lehenik beren etorreraz erregeordeari jakinarazi zioten, eta harek, Ana Felix berrikusteko irrikitan, On Antonioren etxera jo zuen, fedegaldua lagun harturik. Argeletik jalgiarazteko emakume-jantziz estalita ere, itsasontzian On Gregoriok beste gatibu iheskide batenaz aldatu zuen; dena dela, edozein jantzi-motaz ibilki ere, oso lagun erakargarria zela argi zegoen, ederresgarria txit, maitagarria, izan ere, ederra zen guztiz, galant eta karana; adina, antza, hamazazpi-zortzi urtekoa. Ricote eta alaba abegikor agertu zitzaizkion, aita malkotan, alaba zintzo-zintzo. Ez zuten elkar besarkatu; maitasun handia dagoenean kilimusi guti. Edertasun haiek biak, On Gregorio eta Ana Felix, hango guztien harrigarri ziren; maitale bien mintzoa hantxe isiltasuna zen, begiak beraien gogo zintzo-alaien agerbide. Fedebakoak On Gregorio askatzeko egin zituen izapideak zehazkiro azaldu zizkien; On Gregoriok ' han geratu zeneko emazteki haiekin izan zituen estualdien edota galbideen berri eman zien, ez luzaro mintzatuz, laburki baizik; hona hemen bere adinagatik behar zuen baino zuharragoko gizona zelako agerpidea. Azkenean, Ricotek, zabalkiro, bai fedebakoari bai honekintxe arraun eginez joan zirenei, ordaindu zien, kito oparo egin zien. Fede ukatzaile zenak Elizarekin "konpontto" egin zuen, berriro haren altzora itzuli zen, lehen zati ustela zena, garbi eta zindo itzuli ere, neketasunez eta damutasunez.
Harik bi egunetara, erregordeak On Antoniorekin zer egin erabakitzen ihardun zuen, Ana Felix eta aita Espainian gera zizetezen alegia, hain alaba giristino ona eta hain aita onbera geratze aldera inolako alderdi txarrik ez zuten ikusten. On Antoniok ' arazoari irtenbide emanen bazion errege-etxera joaiteko gerturik bere burua eskaini zien, beste hautsi-mautsi batzuk antolatu behar zituen, bide batez, eta, zera, han, harako haretan, oparien bidez ala dohain nahiz sari zeinbat emanez, ezinezko iruditu edo zail direnak erraz konpontzen direla ulertzera eman zien.
Ez da zertan dohain edo oparirik egin – hantxe entzule zegoen Ricotek esan zuen – ; zeren, On Bernardino Belaskoko, Salazarreko konde, gu egozteko agindua Erregerengandik jaso zuen jaun handiaren aitzinean, ez otoik, ez oparik, ez dohainek, ez tamalek, ez eman-hitzek baitute indarrik ez eragiterik; zuzentasunaz bat onberatasuna nahasi ohi duela egia da, gure aberriaren gorputz osoa kutsatua, usteldua dagoela ikusten du eta su-zizt kiskalgarria baino lehenago ukendu edo gantzurin beragarria, bigungarria erabili ohi du maizenik sendagailu; honela, alta, zuhurrrez, sotilez, erpiziz, artoski edota beldurrak eraginez, bere lepoan, lepo zabalean, hartu ukan du bere gain hain "makina" handiaren zama ongi gauzatzea, ongi ibilaraztea; gure amarruek, eskariek zein opariek, gure iruzurrek nahiz maltzurkeriek ez dute nehoiz erdietsi haren Argosen begiak itsutzea ez lausotzea; beti erne egon ohi da gutarrenik sar ez dakion, maltzurrez, eta gerora, erroak eginik, hazi ez dadin, eta hazi ondotik Espainiarentzat pozoin edo eden izan litezkeen bihiak eman ez ditzan; dagoenekoz garbi baita, gure jende-oldeak izutua zena orain beldurretatik aske baita. Bai erabaki urena Filipo Hirugarrena handiak hartua, eta bai egundainoko zuhurtasuna On Bernardino Belaskokoari haren gauzatzeko erantzukizuna emaitea!
Banan-banan, ni haraz gero, ahal ditudan izapide guziak eginen ditut, eta gero zeruak egin dezala gerokoa – On Antoniok esan zuen. On Gregorio nirekin joanen da, bere gurasoengana, aspaldidanik ikusi ez eta atsebageturik al dagoz; Ana Felix nire emaztearekin etxeon geratuko da, edo lekaime-etxe batean; badakit erregorde jaunak bere etxean nahi duela Ricote zintzoa, eta bego, nik arazoa konpondu bitartean.
On Antonio handik bidean jarriko zen eguna iritsi eta bi egun geroago On Kixote Santxorekin joan zen; umatuxea zegoen arren bidean aurrera joaiteko gogoarekin. Malkoak izan ziren, hats-beherapenak izan ziren, zinkurinak izan ziren, eta zorabioak, eta negar-zotinak On Gregoriok Ana Felixi azken agurra egin zionean. Mila ezkutu eskaini zizkion, nahi izaitekotan, Ricotek On Gregoriori, baina honek bat ere ez zuen hartu nahi izan, On Antoniok mailegutan emaniko bostak ez besterik, Gortean itzuliko zizkiola hitz emanda. Honenbestean, biak joan ziren, On Kixote Santxorekin geroago, esan bezala, On Kixote iskilurik bagetua, etxerantz; Santxo, oinez, astoa iskiluez zamatua baitzihoan.