"Biz bedeinkatua Ala ahaltsua! – zortzigarren atal hau hastean dio Hamete Benengelik – Izan bedi bedeinkatua Ala!", hiru aldiz berrizkatzen du, eta goreskunde hauek, On Kixote Santxorekin berriro landetan zehar ikusteagatik egiten dituela dio; dioenez, horien kondaira gozoaren irakurleek badute, gaurgero, On Kixote eta bere ezkutariaren egitandi eta bestelakoak hastear dagozelako poza; lehengo haiek ahantz ditzaten, atzendu dagiten, buzitu nahi ditu irakurleak eta etorkizun diren gertaera berriei begira jar daitezen, orain berean Tobosarako bidean hasiko direnak, lehengo haiek Montielgo landetan hasi ziren bezala, ez du asko galdatzen, asko eskaintzen baitu, eta honela mintzatuz aurreratzen da:
On Kixote eta Santxo bakarrik geratu ziren, eta Sanson aldendu zeneko, Rozinante irrintzika hasi zen, astoa arrantzaka, eta biek ala biek, bai zaldunak bai ezkutariak, zorionaren zantzu on-ontzat hartu zuten; egia esatera, zaldiaren irrintziak baino astoaren arrantzak eta zinkurinak gehiago izan ziren Santxoren burutara sartuak, bere zoria goratu eta jaunarenaren gaineratuko zela pentsarazteraino; edaskaiak ez du hauxe argitzen, baina, baliteke bere uste hori berak zekien astrologia edo izarriztian oinarri izaitea. Halatan, behaztopatzen zenean, edo astoa haburikatzen, etxetik irten izan ez balu hobe zukeela esaka entzuten zioten, behaztopo edota eroriko batetik oskia urratu edo saihets-hezur etenak besterik irabazten ez zuela erraiten baitzuen; eta kokoloa izan arren, honetan, bederen, ez zebilen oso bidetik at. On Kixotek esan zion:
Santxo adiskide, ibili eta ibili gaua gainera zatorkiguk, bai, eta Toboso egun argiz ekustera iristeko behar baino ilunago izanen diagu, aurki. Inongo arriskutara baino lehen horraxe joaitea erabakia diat, bertan Dultzinea berdingearen onespen eta baimena jasotze aldera; lizentzia honezaz haizu naukek zein edo zein jazoera arriskugarriri aurre egiteko eta garaile burutzeko uste on osoa diat, zeren biziera honetan, zaldun ibiltariei gemen eta ausartago izan daitezen ezer ez baitzaie egokiago euren andereen onerizkoa baino.
Nik ere horrela uste – erantsi zion Santxok – ; baina haren ikustea, berorrek ele egin ahal izaitea, zaila izanen delakoa dut, haren bedeinkazioa, behintzat, jasotzerik ez dut uste, baldin barlako hormaren gainetik aurtikitzen ez badio. Nik, lehendabiziz, haren gainetik ikusi nuen, hain zuzen ere, berori, Sierra Morenaren bihotzean tentelkeria eta erokeria berriak egiten geratu zeneko albisteen gutuna eraman nionean.
Barlako horma-txapelak iruditu ote zitzaizkian harako haiek – On Kixotek galdezka – inoiz behar bezain goretsia izan ez den hainbesteko eder eta liraina urkusi huen haren leku haiek? Jauregi aberats jori erregezko bateko behatoki edo solairu edo gorape edo zein nahi izen emaiten dioten halako goi-tokiren bat izanen zuan, noski.
Izan zitekeen, bai – Santxok harzara – baina niri horma gainean ipinten diren harri lauak, harlauzak alegia, iruditu zitzaizkidan, ikusmenak oker eragiten ez badit.
Horrela eta guztiz ere, goazemak hara, Santxo – berrerantsi zion On Kixotek – : ekusi ahal baneza, berdin zaidakek hormatik zein leihotik, edo zirrikitutik, edo loretegiko burdinesitik; haren eder-izpi nire begietaratu bat eguzkiaren argia bezain argigarri izanen baitzait, nire adimena bizkor bezala nire bihotza azkar ahal diezadakeena, nola eta ausardian, gementasunean eta zuhurtasunean nerau bakan, besteen gaineko eta gailen geratuko naizen eran, naizen bestean ere.
Egia da, jauna – Santxoren hitzak – nik Tobosoko Dultzinea anderearen eguzkia ikusi nuenean ez zegoen argi, ez zegoen, ez, erran nahi dut, izpirik aurtikitzeko bezainbat; hara, une haretan erran nuen ogia kurubilatzen ari zen, gari-haizaketan alegia, eta harrotzen zuen hautsak, begi aitzinean laino, ez zidan, nonbait, ikusten utzi, lainopetu zuen argi-izpirik, ez dirdirarik ez zistarik nabaritu ezin izaiteraino.
Oraindik, baina, Santxo, gero, nire andere Dultzinea garia iraizten ari zela erran eta erran, guztiz sinetsita, osoro hisituki ari haiz! Holakorik berriz hi! Holako eginen bat nordin nagusi, uren eta bikainek egin beharreko zereginetatik erabat bazter dagoen iharduera duk, beharkizuna ez duk, izan ere, aitonumeek, dela seme dela alaba, bestelako iharduera, josteta eta jolasetan emaiten ditek aizina edo aisialdia, beraiei dagozkien moduetan, beren handikitasuna urrundik erakusten dutenetan, hain zuzen ere!. Ahantziak ditik, oi ene Santxo!, harako gure olerkari haren neurtitz haiek, Tajo gure ibai maitearen barrenetik buruak ateraturik lau lamia edo maiteder haiek euren bizitokietan egin ohi zituzten lanak irudikatzen zizkiguten bertsoak, non eta larre hezean eseri baitziren, olerkari argitsuak begitaratzen zizkigun oihal aberats, baliotsu haiek lantzen, oro urrez, zirikuz, bilbaturiko harribitxiz ehunduak eta josiak zirenak. Bada, honela behar zian nire andereak hik ekustean; alabaina, sorgintzaile gaiztoren baten bekaitzak, niri atsegingarri zaizkidan gauza guztiak eraldatzen dituela nagok, bestelakatzen dituela eta zeharo ez direnez beste zerak zertzen dituela. Beldur nauk, era honetan berean, nire egite handiak irarri eta argitara emanak jaso ei dituen kondaira horretan, egilea nire etsai jakintsu zeinbait izan bada, eskierki!, direnak eta ez direnak, buruz gain, okerka idatziak ez ote diren, egia bat hainbat gezurrekin nahasiz, benetako historia bati dagokion zehaztasunetik at beste gertakariren batzuk jaulkiz, berregarri laso edo. Oi bekaitza, amaibageko gaitzen sustraia den ondamua, gogonaren sitsa den inartxia! Gaizpide guztiek, Santxo, gozagarri den ez zakiat zertto bat zakartek berekin; bekaitzak, ordea, atsebagea besterik ez zakarrak, amorru eta herra baino ez, bihozmina zakarrak.
Nik ere horixe diot – Santxok berriro – ; eta Sanson Carrasco batxilerrak erran zigun kondaira edo historia horretan, ikusi omen zuen guri buruzko horrexetan, nago, ez ote dabilen nire ohorea trinko-tranko, nire izen ona ez ote darabilen hinkili-hankala, karrika erratzez ekortuki bezala, han-hor-hemenka uhalez lotua. Ni neurez ona eta ez dut deusik erran ukan ezein sorgintzaleri buruz,ez dut, bertzalde, bekaitza sorrarazteko adina ondasunik; maltxur xamarra naizela egia da, doillorxko ere noizbaixka, baina, nire laiñotasunaren axal mardoak dena betetzen eta estaltzen du; neure neurezko dut eta, ez nehoiz alegiazkoa; eta sinetsi behar denean, noraezean, beti sinetsi egiten dut, zin-zinez Jainkoa, eta Eliza Katoliko Erromatarrak duen eta dioen guztia ere sinesten dut; eta juduen etsai amorratua naizenez, naizen bezala, kondairagileek gupida izan behar lidakete, eta idazkietan hobeki hartu-erabili behar nindukete. Erran bezate nahi dutena; larrugorritan jaio nintzen, biluzik nago: ez irabaz ez gal; nahiz eta neronen burua liburuetan ikus eta hor nonbait munduan gaindi, eskuz esku ibiltzean, nitaz nahi dezaten guztia erraiteak niri irririk ez eragin.
Horra, Santxo, horri nik gaur-egungo garaiotako olerkari bati gertatu zitzaionaren antza hartzen zioat; zera, erregearen jauregietako andere guztien aurkako sista-olerki maltzur bat eginik, harako baten izena ez aipa ez idatzi zian, ba ote zen ez ote zen ezbaia ezarriz, eta harako harek besteekiko zerrendan bere izena ez zegoela-eta olerkariagana joan zuan, arranguraka, besteekin bat zergatik edo zeren ipini ez zuen erran eta galdeka, zer ekusi ote beragan ez agerrarazteko, eta bertsoa luzatzeko eskatu zitzaioan, gehigarrian bere izena ager zedintzat; bestela, ea adi, zertarakoa ote zen sortua. Olerkariak hala egin zian, maskalak jan zizkioan, eta emakumea nahikoetsirik geratu zuan, ospetsu baitzekusan bere burua...ospetxartsu izanagatik ere. Honexen haritik ere beste hura, zera, artzain harena, Dianaren omen handiko tenplu edo jauretxe doneari su emanez, erre eta kiskali zuenarena; munduko zazpi lilurakarietako batentzat hartua zuan eta honexegatik su eman zioan, bere izena, mendez mende, bizirik gera zedin asmoaz; geroago, ostera, haren izenik ez aipatzeko, ez haretaz tutik esateko, deusik hari buruz ez idazteko agindu zitean, haren asmoa erdiets ez zezan, baina, azkenean Erostrato izena zuela jakina izan zuan. Karlos V. enperadore handiari Erromako zaldun batekin gertatu zitzaiona ere haritik zatorrak. Enperadoreak hango entzute gaitzeko tenplu Errotunda izenekoa ekusi nahi izan zian, antzina zaharrean jainko guztien jauretxe eta gaur-egun, izen hobeaz, santu guztiena daritzona; Erromak bere handialdian zutitu zituen eraikinetan osoen geratu dena duk, eta egileen handitasuna, bikaintasuna, hobekienik ospatzen duena, hain zuzen; egituraz laranja erdia duk, itxuraz, albo-ertzetan handia baino handiagoa, barrura leiho batetik beste argirik sartu ez arren argitsua duk txit; leihoa esan badut ere, goialdean dagoen argi-zuloa zen eta bertotik enperadorea eraikinari begira, ondoan berarekin erromatar zaldun bat hango harako zer handi gaitz ezin ederrago haren arkitektura edo eraikin-tankera bikainak aldarrika goraipatzen, eta argi-zulotik aldenduxe zenean honela esan zioan enperadoreari: "O Majestate sakratua, hamaika aldiz, bai, milatan, etorri zait berorren Handitasunagaz bat eginik zulo horretarean beheti neure burua aurtikitzeko gogoa, nire izenak betiko ludian bizirik iraun dezan". Enperadoreak hau ihardetsi zioan: "Hori asmo gaizto hori agitu ez izana eskertzen dizut, eta honik aurrera ez dizut, beste behin, zure "leialtasuna" hazta dezazun aukerarik emango; honetaz, bada, agintzen dizut, ez niri inoiz hitzik egiteko, ez ni nagoenean egoteko". Mesede handia egin zioan, hori esanda. Beraz, Santxo, ospea lortzeko nahia edo nahikundea oso eragingarria duk. Zer uste duk hik izan zela Horazio zubitik behera, iskilu guztiekin, Tibre ibai sakonera egotzi zuena? Nork kiskali zizkion besoa eta eskua Muziori? Erromaren erdian agertu zen leze gori sakonera bere burua botatzeko nork ernarazi zuen Kurzio? Nork bultzatu zuen Zesar, Errubikonaz beste aldera iragoteko, asturuaren zantzu guztiek ezetz esaten ziotenean? Tira, eta gaur-egun berriagoak ditugun adibideak, nork zulatu zituen ontziak, eta lehorrean bakarturik utzi, espainiar adoretsuak, Cortes ongihazia buru zutela, Mundu Berrian? Hauek, zer handi, larri guztiok eta antzeko beste asko ospe-gurak eratorritakoak dituk, izan eta izanen, hilkorra denak saritzat edota hilezkor bilakabidetzat hartu ohi ditik eta; kristauok, katolikook nahiz zaldun ibiltariok, alderantziz, mende ahikor honetan eskura litekeen osperako nahikeria edo irritsari begira baino mendeetan aintzadun izaiteari begirago behar zioagu, zeruko zertan edo aurkientza amaigeetan beti-betikoa baita aintza. Ospeak, luzaro iraun arren, munduan bertan ahitzen duk, mundua bera ere bezala, noizbait ahituko dena: honelatan bada, oi ene Santxo! gure erlijio kristau aitortua dugun honek ezarritako mugetatik hara ez dituk ateratu behar gure eginkizunak. Erraldoietan harrokeria hil behar diagu; bekaitza eskuzabalez eta bihotz onez hil; herra gizabidez eratsu-eratsu, gogo lasaiaz hil behar diagu; mizkinkeria eta logura, jaten dugun urriaz eta egin ohi dugun gau-beila luzeez hiltzen ditiagu; haragikeria eta likiskeria nola hil eta gure gogamenaren andere egin ditugunei zintzo izanez; nagikeria' lurbirako bazter guztietan zehar, beti egitekoen bila, kristau izaiteaz gain zaldun ospetsu egin gaitzaketen aukeraketan joanez hiltzen diagu. Hona hemen, Santxo, ospe onak berarekin dakarren gorespena lortzeko bidea.
Hona artean berorrek erraniko guzia – Santxok atzera – hagitz ongi ulertu dut, baina, horrela eta guziz ere, oraintxe gogora jin zaidan ezbai bat "ebaki" diezadala nahi nuke.
Erabaki edo ebatzi erran nahi duk, noski, Santxo. Erran, bada; nik dakidana erantzunen diat.
Esan, jauna – Santxoren hitzak – : Julio edo Agosto edo direlako horiek, eta aipatu zaldun egite handiko horiek guziak, hilak direnez gero, non dagoz orain?
Jentilak, aurki, su-lezean zagozak; kristauak, kristau onak izan baziren, edo garbitokian edo zeruan.
Ongi da – Santxo aitzina – ; jakin dagigun orain: horrako handikitzar horien gorpuak dagozen hilobiak apainduak ote dagoz zilarrezko argiontziez, edo txankaz, hil-oihalez, adatsez, argizagizko zango eta begiez? Eta honelakoez apaindurik ez badagoz, zerez?
On Kixotek honela erantzun zion:
Jentilen hilobiak, gehienak, tenplu arranditsuak izan zituan: Julio Zesarren gorpuzkinak, harrizko txuntxur neurri gaitzeko baten gainean ipini zitiztean, egun, Erroman, Done Petiriren Orratza delako horretan, zehazki; Adriano enperadoreari herrixka baten heineko gaztelutzar itzel bat eman ziotean hilobi, Moles Hadriani zeritzona, gaur-egun Erromako Santaingeru gaztelua dena; Artemisa erreginak, bere senar Mausoleo izena zuena, hilobi harrigarri batean ehortzarazi zian, munduko zazpi lilurakarietako batentzat hartua izan zena; alabaina, ez hauek ez jentilen beste hilobi guztiak ez zituan inoiz hil-oihalez edo beste antzeko opagaiez apainduak izan, ez bertan ehortzitakoak santu izaitearen ikur edo zantzuren erakuspide.
Horraxe noa – Santxok iharduki zion – Esan biezat, bada, orain: zein da zailago: hil baten berpiztea ala erraldoi baten eraitea?
Erantzuna erraza duk – erantzun zion On Kixotek – : hildakoa berpiztea zailago.
Atzeman dut – esan zuen Santxok – . Beraz, bada, hilak bizitu, itsuei ikusmena eman, herrenak zuzendu, gaisoei osasuna itzuli, eta halakoak egiten dituenaren ospea, eta bere hilobiaren aitzinean argizaiolak izekirik dagozela gorpuzkinak gurtzen, belauniko, bere hil-otoigua hainbat lagun jainkotiarrez beterik duenaren izen ona, bai ospe bai izen hobea da, mende honetan eta hurregoan, munduan izan diren enperadore edota zaldun ibiltari jentilena, lehen nahiz gero, baino.
Egia hori ere aitortzen diat – On Kixotek.
Hara, bada, ospe hau, edo eskubide edo dohain hau erran nahi dut, santuen gorpuzkinek eta erlikiek dute: Eliza ama santu gurearen baimenaz eta onespenaz, argiontziak, kandelak, hil-oihalak, txankak, irudiak, adatsak, begiak, zangoak daduzkate, beren giristino-izen on handia handitzen dutenak eta beraienganako eraspena gehi eta berretzen dute. Santuen gorputzak, edo erlikiak, erregeek sorbaldetan eramaiten dituzte, hezurren zatiei mun egiten diete, eta gur egiteaz gain hauez euren otoiz-toki edota aldarerik maiteenak apaintzen dituzte.
Zer ondore ateratzerik nahi duk, Santxo, hik erranikotik?
Hau da, santu izaiten ahalegindu behar dugula erran nahi dut – Santxok atzera – eta honela erdietsi nahi dugun ospe ona azkarrago eskuratuko dugu; pentsa, jauna, atzo edo herenegun -luze bagerik honela erraitea dukegu eta- bi lekaidetto oinuts santu edo dohatsu eginak izan dira, eta beren soinak lotuz oinazetzeko erabili ohi zituzten burdinazko kateak, gaur-egun, mun egiten, ukitzen eta, beraz, gurtu egiten dituzte, su eta gar handiz, Errolanen ezpata baino are gurgarriago, noski, erran dudan bezala gure Errege jaunaren iskilutegian dagoena, eta Jainkoak luzaz gorde dezala gure jauna. Beraz, ene nagusi, zaldun ibiltari eta bipila baino, edozein lekaidego edo ordenako fraidetto apala izaitea hobe dugu; Jainkoaren baitan gehiago da hamaika bat zigorraldi nork bere buruari egitea, bi mila lantzakada baino, dela erraldoi zenbaiti dela apotori edo bidutzi zenbaiti emanik ere.
Hori guzti hori horrelaxe duk – On Kixoteren hitzak – ; baina, horrela ere, oro ezin gaitezke lekaide izan, eta Jaungoikoaren zerurako bideak, gu bertaratze alderakoak, hainbat dituk: zalduntza erlijioa duk; beredin zaldun santu aintzan zagok.
Bai – Santxok – ; baina zeruan zaldun ibiltari baino fraide gehiago dagoela entzuna nago ni.
Bai, eliz-gizonak zaldunak baino gehiago direlako.
Ibiltariak anitz dira – Santxok ihardukiz.
Anitz, bai – On Kixote berriro mintzatuz – baina zaldun izena benetan irabazia dutenak guti.
Honelako eta antzeko berriketan zihardutela, gau hura eta hurrengo eguna joan zitzaizkien, aipatzekorik ezer gerta ez eta On Kixote damuz. Azkenik, hurrengo eguneko arratsean, Toboso hiri handia urkusi zuten, bai orduan On Kixoteren gogoa alaitu ere haren ikusteaz, eta Santxorena, aitzitik, goibeldu, Dultzinea non bizi zen ez zekielako, inoiz ikusia ez baitzuen bere nagusi jaunak ere bezala-bezalaxe; batak ikusi nahi zuelako eta besteak ez zuelako, asaldatuak ziren, artegatuak oso, eta Santxok ez zekien zer egin, edo egin beharko ote, bere ugazabak Tobosora bidaliz gero. Bukatzeko, On Kixotek hirira gau betean sartzeko agindu zuen, eta ordua heldu artean, Tobosorean hur zegozen arte batzuen artean geratu ziren; ordua heldutakoan, hirira sartu ziren eta gauzak ziren gauza batzuk gertatu zitzaizkien.