Gauaren erdi-erdia zen, gutti gora-behera, On Kixote eta Santxo artadia utzi eta Tobosora sartu zirenean. Bake-bakean ixilik herri guztia, bertako bizilagunak oro lotan zegozen, zerraldo lo, esan ohi den bezala. Gaua ilun arina zen, Santxok ilun gorotza, bai, nahiago zukeen arren, ilunpean bere bururik ezari aitzakiaren bat bilatzeko. Zakur-zaunkak ez zen besterik entzuten auzune guztian, eta On Kixoteren belarriak iskanbilaz lehertzeko zorian, Santxoren bihotza dardara baten zagoela. Noizean behin astoren bat arrantzaka, zerriak kurrinka, miaoka katuak, eta gauaren isilean zarata hauek guztiok, hots ezberdinak denak, ozenagotzen ziren, biziagotzen ziren, nahasten eta banatzen ziren. Hauxe, bada, zaldun maitez minduak asturu gaiztzat hartu zuen, baina, honela ere, Santxori esan zion:
Santxo seme, bidera hadi Dultzinearen jauregira; agian, oraindik loak hartzeke aurkituko diagu.
Zein jauregitara behar diot biderakutsi, oi eguzkiaren soin! – ihardetsi dio Santxok – nik ikusi nuenekoa etxe ttipi bat baizik ez baitzen?
Bere gazteluko atsedengu edo egotokiren batean egonen zuan, eiki, bere neskameekin solasean beste lagunik bage, printzesek eta handikien anderaurenek ohi duten bezala.
Jauna – esan zuen Santxok – berorrek nahi badu, nire iritziaz bestera, nire andere Dultzinearen etxea gaztelu izaitea, hara, hauek ote dira atea zabalik egoiteko orenak? Ordu hauetan egoki al da ate joka hastea, entzun eta ireki diezaguten, jende guztia aizkatu eta zarataka ernaraziz? Joaiten ote garea gu, beharbada, gure sasi-emazteen etxeetara, emajabeek egiten duten eran, edozein ezordutan, etorri, deitu eta sartzeko, beranduarren ere?
Tira bada, bila dezagun, banan-banan, gaztelutzarra – On Kixote berriro – eta idorotakoan zer egin behar dugun nik erranen diat, Santxo. Eta, adizak, Santxo, edo nik gutti zakusaat, edo hango mukuru handi hura, han ageri den murru itzal handiko hura, Dultzinearen jauregiak egiten duena duk, noski.
Bada, hara, bertara bedi berori: agian, horrelakoxea da eta; nik, baina, neure begiez ikusiko eta neure eskuez ukituko dut, eta, honela eta guztiz ere, oraintxe egun-argia den bezala sinetsiko dut nik hori.
Joan zen, bada, harantz On Kixote, eta, berrehun bat urrats egin orduko, itzala egiten zuen murru, horma zena alegia, harekin tupust egin zuen; dorre handi bat ikusi zuen eta, berehala, eraikin ha gaztelu ez zela nabaritu ere bai, herriko eliza nagusia baizik. Eta dio:
Elizarekin topo egin diagu, Santxo.
Badakusat, bai – Santxo mintzo – Jainkoari nahi ez dakiola gure hilobiarekin tzupust ez egitea, izan ere honelakoxe ezorenetan hilerrietan barrena ibiltzea ez da batere zantzu onik, ez zentzu onik; areago eta, nik berorri errana baitiot, nire oroimenak makur egiten ez badaut, andere horren etxea irtenbide bageko karrika edo kale mehar batean dagoela.
- Jaungoikoak madarikatuko al hau, eultza, kaskagogorra holakoa! – darauntso On Kixotek – Non ekusi duk hik gaztelutzarrak eta erret-jauregiak irteiteko biderik ez duen karrikaskila batean eraikiak dagozenik?
- Jauna – Santxo harzara – tokian tokiko ohitura: beharbada, hemen, Toboson, jauregiak eta eraikin tarroak karriketan eraikitzeko ohikeria al da; beraz, otoi, jauna, utz biezat, hemen, karrika eta kale-tarte hauetan zehar, bila ibiltzen: baliteke, izan, zokoren batean edo, gaztelutzar hori kausitzea nik, alajaina, honatx, horren kariaz, honenbertze joan-jin, eta honenbertze harat-honat guk egitea ere, horrengatik honen lotsagarri eta barregarri ibiltzea, gero, gu, eta azkenean zakurraren putza balitz hobe.
Mintza hadi begirunez – On Kixote – Santxo, nire andereazkoetan. Gagozen hatsaren gainean, bake-bakean, eta ez dezagun bertza egotzi ondorean laratza ere part egin.
Bai, neurritsu egonen naiz – darantzuio Santxok – ; baina, nolatan nahi du berorrek onez onean nik eramaitea, zeren, behin bakarrik ikusi nuen gure anderearen etxea beti gogoan edukitzea nahi baitit, eta areago, gauaren erdian kausi dezadala ere nahi, berorrek milaka aldiz ikusia ukanen duen arren ezin ediren duelarik eta?
Neure onerean aterarazi behar naik, Santxo. Hator hona, fedeoker hori: ez al diat hamaika aldiz esan nire bizialdi guztian inoiz ere ez dudala ekusi Dultzinea iderik ez duena; beraren jauregiko atalasa ez dudala behin ere zeharkatu; beraren eder eta urguriaren entzute hutsez nagoela berataz maitemindua?
Oraintxe badantzut entzun – Santxok diotso – ; eta, hona, berorrek ikusi ez badu, nik ere ez.
Hori ezin daitekek – On Kixote berriro – zeren, garia iraizten, galbaheketan ari zela ekusi huena erran baihidan, behinik behin, hirekin bidali nion gutunaren erantzuna ekarri hidanean.
Ez hortik heldu, jauna; izan ere, berori jakinaren gainean egon dadin diot, orduko ikuste hura eta ekarri nion erantzuna ere entzute hutsezkoak izan ziren; beraz, eguratsari ukabilaz joiten bezalaxe dakit nik nor den Dultzinea anderea.
Santxo, Santxo – On Kixote mintzo – irri egiteko aldiak badituk, eta irria txartzat hartua izan daitekeen unerik ere baduk, irri egiten duenak negarra ez dik urruti. Nik neure bihotzeko anderea inoiz ekusi ez dudala, ez hitzik egin ere, erran dudan arren, hik ez duk zertan erran, nire antzera, ekusi ez duanik, elerik egin ez dioanik, erabat bestela izanda hik ongi dakian bezala.
Honela, elkarrizketan ari zirela, han, zegozen lekuan zehar, norbait bi mandorekin ikusi zuten; tarraz, lurrean herrestan zekarten goldearen zaratagatik nekazari edo luginen bat izanen zelakoa otu zitzaien, goizean goiz jaikita, arturratu baino lehen, bere soroko lanera zihoana, eta honelakoa zen. Harako erromantze hura xaramelatuz zetorren, honela:
Gaitza jasan zenuten, frantsesak
Altabizkarko harako hartan
Lepoa bihur, Santxo – dio On Kixotek entzundakoan – eginen nikek, gau honetan ez dugula gauza onik izanen. Ez dantzuk zer lelo dakarren gizatxar horrek?
Bai, badantzut – darantzuio Santxok – ; baina gure asmoekin zerikusirik al du Altabizkarko ehiza horrek? Kalainosen erromantzea kantatuko balu ere guri bortz axola, gaitzerako nahiz onerako berdin.
Hurbildu zitzaien, bada, nekazaria, eta On Kixotek galde:
Esango al zenidake, adiskide, eta Jaungoikoak zori on dizula, non dagozen Tobosoko Dultzinea printzesa berdingearen jauregiak?
Jauna – mutilak erantzunez – ni arrotza nauzu, egun gutti dituzu herri honetan nagoela, nekazari aberats batenean soro-lanerako miskandi edo morroin ; hor, aitzineko etxe horretan herriko apeza eta beretterra bizi dituzu; bien artean edo bietako zeinek edo zeinek andere printzesa horren berri emanen dizute, Tobosoko bizilagun guztien izenak dakizkizute eta. Dena den, herri honetan guztion, printzesa bat ere bizi ez dela nagozu ni; andere handiki anitz bai, bakoitza bere etxen printzesa izan daitekeena.
Ba, horiexen artean – ihardesten dio On Kixotek – behar du, noski, adiskide, nik galdetzen dizudanak.
Balitekezu – morroeak diotso – ; eta agur, ortzondoa zaloi daugi eta goiztiria laster duzu heben, hots.
Mandoei hots eman zien, eta galdera gehiagori ez zion jaramonik egin. Santxok, bere nagusia artege, zalantzan ikusita, pozik ez zela eta erran zion:
Jauna, zalu bai, arin bai arin, dator eguna eta eguzkiak gu hemen karrikan harrapatzea ez da biziki zentzuzkoa izanen; kaletik alde egin hobe dugu, eiki, eta hemen inguruko zuhaiztiren batean edo "kukutzea" hobe duke berorrek; gero, eguargiz, nerau itzuliko naiz, eta ez dut herri osoan xokorik utziko nire anderearen etxea edo gaztelu edo jauregi delakoren bila ikertzeke; handia, gero, izanen litzateke ez kausitzea ere; eta edirenez geroztik berarekin hitz eginen dut, berori non-nola dagoen, beraren zain eta aiduru geraturik, erranen diot, zerarako, berarengana, izen on eta garbia inola ere bestelakatzeko ez den eran, berori noiz joan ote litekeen adiaraziz agindua eman diezaiontzat.
Ongi esan duk, Santxo – diotso On Kixotek – hitz guttitan milaka jakinduriazko esaera laburbilduz: oraintxe emaniko aholkua gogozko diat txit, eta oso gogo onez hartzen diat. Hator, seme, goazemak, ea, ni ostendu ahal izaiteko zuhaiztiren baten bila; hi atzera etorriko haiz, "jinen haiz" hik erraiten duan bezala, nire anderearen bila edo "xerka", bilatzera, ekustera eta mintzatzera hain zuzen, oi ene anderea dena urguri dena sotil eta aratz, mirarizko dohainak eginen dizkidala uste-usteak nagokiona.
Bere nagusia kaletik lekora, harik hara hainbat lasterren, aterarazi nahirik Santxo irrika bizian zegoen, Sierra Morenara Dultzinearen aldetik eraman zion gutun-erantzun haren gezurra ikasi ez zezan, noski. Honela, bada, lehen bai lehen higi eta irteerari ekin zitzaion, kanporako tirriak jota, alde egiteko txirrinta hutsez; joan eta joan, handik bi legoatara basotto bat edo zuhaiztia aurkitu zuten arte. On Kixote haraxe sar eta barruratu zen, harik eta Santxo herriratu, Dultzinearekin hitz egin eta gero atzera itzuliko zen bitartean gordean egoiteko asmoz. Mezulariari joan-etorri honetan gertatu zitzaizkionek gure arreta pixka bat eta sineskortasuna merezi dute.